Beterri garapen agentzia sortu gabe dagoela salatu du EAJ-PNVk

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 25a, 12:13

Buruntzaldeako EAJ-PNVko ordezkariek salatu dute garapen agentziak eratu gabe jarraitzen duela eta, ondorioz, Bildu “herritarrak eta enpresak nahasi nahian” dabilela. Mikel Pagolak azaldu duenez, erakundea ez dago martxan eta udalbatzek ez dute agentzia eratzea onartu.

“Forma juridikoa soilik falta dela gezurra da, gauza asko falta dira erabakitzeko: nork osatuko duen agentzia, zeinek lan egingo duen, zein izango diren garatuko diren proiektuak eta plan ekonomiko finantziarioa…” adierazi du. Pagolak argi utzi nahi izan du agentzia eratzea udalbatzen eskumena dela eta gaia Hernani, Astigarraga eta Usurbilen bakarrik eztabaidatu dela; hiru kasuetan estatutuak soilik onartu direla azpimarratuz.

 

Hauteskundeak iristear dauden honetan, Bilduk “etekin poltikoa” lortzeko asmoa duela uste dute. Horregatik, Buruntzaldeako sei ordezkari jeltzaleek mozioa aurkeztu dute Beterri eratu dela gezurtatzeko. Egoera honen aurrean, koalizioari atzera egiteko eskatu diete, gainerako alderdiekin adostasuna bilatzeko: “Guztiok ados gaude eskualdeko agentziak egon beharko lukeela, kontua da nolakoa. Hor dago aldea. Gauza asko daude adosteko, eta hor, alderdien arteko negoziaketa ezinbestekoa da”.

 

EAJ-PNV proposamen “parte hartzaile eta bateratzailea” prestatzen ari da. Datorren asteetan aurkeztuko dute proiektua, “eragileekin egiaztatu eta ekarpenak jaso ondoren”. Azaldu dutenez, dokumentua eragile, enpresari eta politikari guztiei banatuko diete, “proposamen itxi bat izan ordez, guztion onarpenak eta iritziak jasotzeko”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!