Herri bilera ostegunean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 24a, 13:48

Zizurkilen 2015ean egingo diren proiektuen berri emango du Udalak ostegunean. Iluntzeko 19:30etan hasiko da bilera, Atxulondo Kultur Etxean eta bertan izango dira udal taldeko kideak.

Zizurkilgo Udalak martxoaren 13an onartu zituen 2015eko aurrekontuak. 3.309.455 €ko aurrekontua da, iazkoa baino ia 200.000 euro handiagoa.

 

Onartu berri diren aurrekontuetan hainbat inbertsio berri jasotzen da. “Plazako estalpea eta liburutegi berria izango dira diru kantitatez inbertsio handienak. Estalpea herritarrekin egindako parte hartze prozesuan txertatu zen plazako proiektuan eta aurten egiteko moduan izango gara. Liburutegi berria berriz, Aldundiko diru laguntza sendo batekin egingo da, Tolosaldeko herritarrekin egindako batzarretan aurkeratutako proiektuetako bat izan baitzen. Udalak bereganatutako plazako lokaletan liburutegia eginez, Atxulondo kultur etxea birmoldatzeko aukera izango dugu", nabarmendu du Joxe Mari Luengo alkateak.

 

Martxoaren 26an, iluntzeko 19:30etan Atxulondo kultur etxean egingo da egitasmo horien berri emango duen herri bilera. Batzarra euskaraz izango da baina gaztelaniaz ere eskainiko da informazioa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!