Udalak 400. kilometrora deitu ditu herritarrak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 20a, 11:06

Korrikaren ibilbidearen 400. kilometroak inon interesa badu, hori Andoain herrian da. Eta hara non, kasualitate eder horietakoa, laurehungarrena Andoaingo herrigunetik barrena igarotzen den!

Udalak “Baietz laurehun andoaindarrek Korrikarekin bat egin!” kanpaina martxan jarri du:

Andoaindarrak 1615-2015 mendeurrena ospatzen ari dira bete-betean. Hemerotekari erreparatuta, Ana Carrere alkateak mendeurrenaren aurkezpenean dagoeneko euskal kulturari aipamen zuzena egin zion: “Begirada atzera bota eta gertatu zena gogoan dugula, 400 urte hauetako ibilbideari erreparatu nahi diogu, gaur egun Andoaingo eraikuntzan parte hartzen dugunok bat eginez. Horixe baita Andoain; bertan jaiotako eta jatorri ezberdinetatik etorritako herritarren nahasketa; euskal kulturatik abiatuta, gure herria den bezalakoa egiten duten kulturen batura. Horrexegatik aukeratu dugu Andoaindarrak 400 leloa, Andoaindarrak 400 garelako”.
Aurreko ostegunean Basteron, Korrikaren aurkezpen ekitaldian, AEK-ko kideek aitortzen zuten kasualitate hutsa izan dela, ez dela aurrez landutako zerbait. Andoainen herri izaera lortu izanaren laugarren mendeurrena hain sakon ospatzen ari diren urte honetan, esanahi berezia du. Horregatik, Korrikak Andoaingo Udalari eskaini dio 400. kilometroa eskuratzea. Udalak, proposamena jaso eta berehala “Baietz laurehun andoaindarrek Korrikarekin bat egin!” kanpaina martxan jarri zuen. Andoaindarrak400.eus webgunean xehetasunak eskaini dituzte: “Udalak Korrikaren 400. kilometroa erosi du eta herritarrak bertan korri egitera animatu nahi ditu. Laurehungarren urteurrena Korrikarekin lotuta, erronka bat luzatu diete andoaindarrei: Ea laurehun lagun batzen garen! Parte hartu nahi duenak izena eman beharko du eta horien artean, mendeurreneko materiala zozketatuko dugu”.
Laurehungarren kilometroaren lekukoa Arantzibia kaleko biribilgunetik hasi eta Martin Ugalde kultur parkean amaituko da.
Dagoeneko hainbat herritarrek kilometro berezi horretan parte hartzeko izena eman dute. Aukera zabalik dago.
Andoaindarrak400.eus

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!