Emilio Benitez AEKko ikaslea eta Korrikako beteranoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 20a, 11:05

Emilio Benitez andoaindarra zortzi urtez izan da AEKko ikaslea. Euskara ez jakitetik, guztiz euskaldundu eta euskaraz bizitzera igaro da. Korrika iristeko gogoz dago eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu ditu.

Elkarrizketa:

Zergatik hasi zinen euskara ikasten?
Hemen jaio nintzelako eta nire hizkuntza zela sentitzen nuelako. Eskolan ez genuen aukerarik izan ikasteko eta betidanik sentitu izan dut behar hori.

Nola aldatu da zure egunerokoa ordutik?
Erabat euskaraz bizi naiz orain. Lagunekin, lanean eta egunerokotasunean euskaraz hitz egiten dut. Nire harremanak euskaraz izan daitezen saiatzen naiz. Beraz, nire helburua bete dut. Oso pozik eta harro nago. Euskararen alde apostu egitea merezi du, oso aberasgarria delako.

Korrikako lekukoa eraman izan duzu behin baina gehiagotan. Zer moduzko esperientzia izan da?
Hunkigarria da. Nahiz eta metro batzuk soilik izan, lekukoarekin joatea eta atzetik jendea datorrela ikustea oso pozgarria da. Gainera, antolatzaileek zure izena esanez animatzen bazaituzte emozionantea izaten da. Korrika ekimena euskaltegian ezagutu nuen eta orduan jolas bezala hartzen genuen. Orain, ordea, ikusten dut gero eta jende gehiagok parte hartzen duela, eta kaleko presentzia hori oso garrantzitsua da.

Nola biziko duzu aurtengo edizioa?
Aurten ez dut lekukorik eramango baina, noski, korrika aterako naiz. Adunatik datorrenez, Gaztetxe paretik pasatzen denean sartuko naiz. Lagunekin joango naiz. Gainera, Ontza elkartean txokolatea emango dute.

Zergatik da Korrika berezia?
Oso giro ona egoten da eta oroitzapen oso onak ditut. Aurtengoan goizez pasako da, baina, esate baterako, duela bi edizio gauez igaro zen Andoaindik. Hego haizearekin, izugarrizko giroa zegoen… Herri osoa kalera irten zen. Hori oso polita izan zen. Horregatik, jendea animatu nahiko nuke parte hartzera; herritarrak atera daitezela kalera eta egin dezatela euskararen aldeko aldarrikapena.

AEKk antolatzen duen ekimena denez, bertako ikasle izanda gehiago bizitzen al da?
Agian bai. Ikaslea izanda eta euskalduntzeko prozesuan egonda, beste modu batera bizitzen da. Babes moduko bat ematen du eta euskara ikasten jarraitzeko gogoa piztu. Korrikak euskaldunatzen ari garenon ahalegina eskertu eta omendu izan du eta babes hori jasotzea asko eskertzen da.

Egiten duzuen esfortzuaz jendea kontziente dela uste al duzu?
Kontziente badira, baina ez dute laguntzen. Euskaraz ari zarela baina kosta egiten zaizula edo ez zarela oso fin ari ikusten badute, gaztelaniara jotzen dute askok. Eta horixe da egin behar ez dutena, hori euskararen aurka joatea baita. Euskarak militantzia behar du eta hori faltan sumatzen dut. Korrikan parte hartzea, militantziaren puntu bat izango litzateke, baina baita ikasten ari direnei laguntzea edo beraien hizkuntza gehiago lantzea ere.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!