Zergatik erabaki duzue aurten ere kilometroa erostea?
Kirolean beti euskararen alde egin izan dugu. Entrenatzaileak eta prestatzaile fisiko guztiak euskaldunak izan daitezen saiatzen gara, eta, herriko gazteekin lan egiten dugun neurrian, euskara bultzatzen saiatzen gara. Horregatik, iaz kilometroa erostea erabaki genuen eta aurten ere hala egin dugu, ekimen oso polita delako eta aukera ematen digulako gure aletxoa jartzeko.
Zein paper du euskarak zuen elkartean?
Euskarak badu lekua kirolean. Dena den, egia da gazteek gaztelaniara ere jotzen dutela. Ez da erraza, baina entrenatzailea euskaraz zuzentzen denez, beraiek ere euskaraz egiten diete. Saiatzen gara euskaraz komunikatzen eta bultzatzen. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu Korrikan parte hartzea. Batetik, euskara bultzatzeko eta, bestetik, kirolarekin lotuta gaudenez eta Korrika ariketa fisiko bat ere badenez, uste dugu gazteek parte hartu behar dutela.
Nork eramango du lekukoa zuen kilometroan?
Kirolariek eraman dezaten gustatzen zaigu. Duela bi urte, beteranoei eman genien aukera; senior mailako eskubaloiko neskek eta pilotari batek eraman zuten lekukoa. Aurtengoan, ordea, aurkakoa egin nahi izan dugu eta gaztetxoenek eramango dute. Batetik, nesken gutxiengoa kontuan hartuta, futboleko infantil mailako neska batek eramango du; eta bestetik, kadete mailako pilotariek eramango dute, oraintxe lortu berri dutelako Gipuzkoako Trinkete Txapelketako txapela. Beraiei gure omenalditxo hori egin nahi diegu.
Zein aurreikuspen dituzu Korrika egunerako?
Egokitu zaigun kilometroa Urnietako azkenekoa da, Hernaniko errotondaraino doana. Bertan, hernaniarrei pasako diegu lekukoa. 09:53etan Urnietan sartuko dela iragarri dute, eta gu ordurako, gure lekuan zain egongo gara. Bertan elkartuko gara, lekukoa emango dutenez gain, gainontzeko kirolariekin. Dena den, kirolari hauek Urnietako ikastetxeetakoak ere badira, eta ulertzen dugu ikastetxeek erositako kilometroak egin nahi izatea. Polita izango litzateke dena egingo balute.
Gogoko al duzu Korrikak sortzen duen giroa?
Bai, izugarri. Euskalduna naiz jaiotzetik eta izugarri gustatzen zait furgoneta atzean sortzen den giroa. Ni ere korrika aterako naiz; ez dakit amaieraraino iritsiko naizen, baina saiatu behintzat egingo naiz. Orain prestaketa lanetan nabil eta gogoa piztu zait: bileretan parte hartuz, Urnietan egin diren ekimenetara joanez, jantziren bat erosiz… Pixkanaka girotzen ari gara eta astebete falta den honetan, gogoz nago.
Zer du berezia bertan korri egiteak?
Korri egitea baino gehiago, egun hauetan euskaldun guztiak batzea eta elkarrekin euskararen alde egitea da bereziena. Euskal Herri guztitik ibiliko da eta Urnietara ere iritsiko da; gure unea iritsiko da. Beraz, jendea mugitu behar dugu euskararen alde egitera.