“Sozialki nahiz politikoki oso herri aktiboa izan da Villabona”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 18a, 16:12

Esti Amenabarrok osatu duen ‘Frankismoaren aztarnak arakatzen II. Egiaren minak’ liburua argitaratzear da, amasavillabonaoroitzen.net web orriarekin batera. Egileak hartu du hitza.

Duela lau urte Amasa-Villabonako memoria historikoa aztertzen hasitako bideari amaiera ematera zoazte, bi liburu eta erakusketa herriratuz…
Amasar eta billabonatarren gehiengoak 36ko Gerra eta Frankismo garaian herrian zer gertatu zen ez zekiela ohartu ondoren, lehen liburua sortzea erabaki genuen, oso liburu aseptikoa; lehenengo bilatu genituen 150 dokumentuak argitaratu genituen azalpen historikoa eginez, baina inolako interpretaziorik gabe. Liburu haren ondorioz, hainbat herritarrekin maiztasunez biltzen hasi ginen, taldetxo bat proiektuarekin ilusionatzen hasi zelarik. Eta horri lotuta, bigarren proiektua erakusketa izan zen, lehen liburuari informazio pertsonalagoak erantsi zizkiona. Zeharo harrituta geratu ginen jasotako erantzunarekin; 862 pertsona gerturatu baitzen erakusketara, astebete gehiagoz luzatu genuena. Euskal Herri mailan gaiarekiko kualifikatuak diren pertsonen deiak ere jaso genituen tonoarekin oso ondo asmatu genuela esanez. Gero, zalantza sortu zitzaigun prozesua erakusketarekin bukatu edo ez. Baina hainbat gai erdibidean utzi ezin genuela erabaki genuen eta Foru Aldundiak ere egiaztatuta geneukan informazio guztia gizarteratzeko eskatu zigun. Bigarren liburua sortu dugu, beraz. Informazio gehiago biltzen duen erakusketaren beste zabalpen bat.

Zer jasotzen du azken liburuak?
Liburuak gerra garaia aztertzen du batetik, 1931tik 1939ra arte, garai hartako kontestu historiko eta politikoa azalduz eta Villabonako datuekin lotuta. Bestetik, baita Frankismoa ere. Garai hartan errepublikak hegemonia baldin bazeukan hiriburuetan, herri txikietan Francok indar handia zeukan. Hala ere Villabonan EAJk irabazten zuen beti. Horren adibide, lau legealditako hauteskunde emaitzak aurkezten ditut. Nazioarteko eta estatu espainiarreko datu orokorrak erabiltzen ditut, Villabonako kasura etortzeko; desberdina izan baitzen. Villabonan egoerarik txarrenetan ere EAJk irabazten zuen beti. Errepublikarrek ere emaitza onak lortzen zituzten, baina Villabona abertzalea izan dela ez dago ukatzerik. Datuak hor daude. Horixe da errealitatea. Era berean, errepresiorik bortitzena ere EAJk pairatu zuen. Fusilatu gehienak EAJko militanteak izan baitziren Villabonako kasuan. EAJk Villabonan gorriak eta bi ikusi zituen Francoren errepresioaren ondorioz. Militante oso kualifikatu eta onak zituen. Egia da errepublikarrak ere oso ondo antolatuta zeudela herrian, emaitza apalagoak lortzen bazituzten ere.  
Ikerketa honetan gerra galdu zuten pertsonak hartu ditugu oinarrian. Horrek ez du esan nahi etorkizun batean Aritza elkarteak gerra egin zuten horien inguruan idatziko ez duenik. Garrantzitsua iruditzen zait aipamen hori egitea, norbaitek ‘batzuetaz’ modu interesatuan hitz egiten dugula pentsa baitezake. Guk gerra galdu zutenez hitz egiteko konpromisoa hartu genuen, baina Francoren alde aritu ziren billabonatarrei buruz hitz egiteko eskatzen badigute, ez daukagu inolako arazorik, gaur-gaurkoz, bai baitaukagu material nahikoa horretaz hitz egiteko ere. Villabonan herritar gehienek dakite frankistak nor ziren, baina ez errepublikar edo abertzaleak zein ziren eta abertzale izateagatik herritar batzuek zenbat sufritu zuten.

Azken liburu honetarako eginiko zein aurkikuntza nabarmenduko zenuke?
Batetik, Anjel Gorritxo billabonatarra aipatuko nuke, Villabonako komunistarik handiena izango da oraindik ere. Semeari Lennin izena jarri arren, aldatu egin behar izan zioten gerora, ez baitzieten lasai bizitzen uzten. Herritik alde egin behar izan zuten beste herritar askok bezala. Billabonatar askok pilotaren aitzakia erabili zuen herritik alde egiteko, benetako arrazoia politikoa zenean.
Bestalde, Anastasio Blanco Elola aurkikuntza izugarria izan da niretzat. Villabonan inork ez daki berataz, baina errepublikar gobernuan espia izan zen Indalezio Prietorekin batera. Villabonan jaio eta Irunen bizitu zen eta Mexikora exiliatuta alde egin eta gero, eskutitz bat igorri zuen 1962 urtean udaletxera, herrian zahartzaroa igarotzeko zahar etxerik ba ote zegon galdezka.
Era berean, Benito Berasaluze herritarra ere deskubrimendua izan da. Oso gizon borrokalaria, zazpi urte kartzelan igaro zituena. Emakumeetan ere, Saturnina Ramilak, Anjel Gorritxoren emazteak eta Petra Bidaorrek latzak pasa zituzten. Jatekorik ere ez zuten. Haietako batzuk zortzi urte igaro zituzten kartzelan.
Ezin da ahaztu, noski, gerraren ondorioz 29 pertsona fusilatu zituztela Villabonan. Heriotz horietako asko naturalak izan zirela pentsatu du jende ugarik orain artean. Isilpean gorde da gaia, herritar askok ez baitu gai hauetaz sekula sukaldetik kanpora hitz egin. Ikaragarria iruditzen zait, esaterako, Valeriano Saizar Villabonako alkate izan zenagatik inork ezertxo ere ez esan izana 78 urtean zehar, gizona arkupetatik atera eta zortzi tiro bota zizkiotenean.

Webgunea osatzen ere ez duzue lan makala egin. Zein izan da abiapuntua?
Geneukan dokumentazio guztia liburu bakarrean konta ezin zitekeenez, webgunearen proiektua lantzea erabaki genuen. Liburuan informazioa dugun pertsonaia eta gertakizunei buruz hitz egin dugu, baina aurrerantzean ere espediente gehigo irakurri eta aztertzen jarraituko dugunez, informazio berri guztia webgunean zabalduko dugu. Amasa-Villabonako memoria historikoaren inguruko erreferentzia gunea webgunea izango da aurrerantzean. Ikerketarako erabili dugun dokumentazio guztia egongo da bertan, –lehenengo bi hilabeteetan irekita egongo da gune berria ezagutarazteko, baina pribatutasuna bermatze aldera, pasahitza beharko da gero informazio hori eskuratu ahal izateko–. Dokumentazioaz gain, memoriaren mapa egin dugu, borrokagune edota errepublikanismo nahiz abertzaletasunaren tokiak nabarmenduz. Estekak eta loturak ere biltzen ditu eta baita Gertutik izena jarri diogun atala ere, berri ezberdinak jasotzen dituena.
Webgunea osatuz, bloga ere sortu dugu eta gure asmoa, bizpahiru pertsonek, maiztasun zehatz batekin bloga elikatzea da.
Memoriaren astearen baitan aurkeztuko dugu webgunea eta orduan hasiko gara gune berria gizarteratzen nahiz gainerako taldeak gauza bera egitera animatzen. Hain modu pertsonalean eta herriko ikuspegitik eginiko Euskal Herriko nahiz estatu mailako aurrenetako webgunea da. Helbidea: www.amasavillabonaoroitzen.net.

Zein irakaspen jaso duzu zuk lau urte hauetan eginiko lanetik?
Lan asko egin dugula aitortu behar dut, baina baita laguntza eta zorte handia izan dugula ere. Beste herri batzuk ere saiatu baitira euren iragana egunera ekartzen eta ez baitute lortu, dokumentaziorik topatu ez dutelako. Izan ere, lan honetan ez du esateak balio, baldin eta esandakoa frogatzeko modurik ez badaukazu. Guk liburuan esaten den guztia frogatu eta egiaztatu egin dugu bai dokumentuen nola garaiko pertsonei eginiko elkarrizketen laguntzaz. Ferrolgo artxibategian gure herriarekin lotutako dokumentazio ia guztia ekarri dugu, bost espediente baino ez zaigu falta. Era berean, zortea izan dugu Villabonako Udal artxibategiko dokumentazioarekin ere, garai hartako dokumentu guztiak ondo mantendu baitira egundaino.
Azken urte eta erdi honetan Xabier Urmenetarekin aritu naiz lanean eta bereziki eskertu nahi diot bere ekarpena, izugarria izan baita. Oso esperientzia aberasgarria izan da azken urteotako lan. Politikan askotan ahaztu egiten gara pertsonez eta lan honek pertsonak ikusteko beste modu bat eskaini dit. Bestalde, Frankismoak dena erakusten du eta Villabona sozialki, politikoki nahiz historikoki oso herri aktiboa izan zela ikusi dut. Era berean, errepresioaren ondorioak ere oso gogorrak izan dituela, jende asko isilaraziz. Erakunde publikoek, Paco Etxeberriak oso ondo esaten duen bezala, aitortu, errekonozitu eta gizarte bizitzako lehen lerroan jarri beharko lituzke ahazturara kondenatutako pertsona horiek guztiak.

Memoriaren astea
‘Frankismoaren aztarnak arakatzen II: egiaren minak’ liburua eta amasavillabonaoroitzen.net webgunea aurkezteko osatu dute martxoaren 24tik 31ra luzatuko den Memoriaren astea, gaiari gorputz gehiago eman nahian. (Egitaraua osorik 24. orrian). Aurkezpenak, hitzaldiak nahiz topaketak bilduko ditu indartsu eta interesgarri datorren asteak, herrian bertan izango direlarik 36ko Gerra eta Frankismo garaiko adituetako asko: Carlos Martin Beristain, Paco Etxeberria, Josu Chueca edota Lourdes Herrasti. Baita Goyo Armañanzas traumaren transmisioan aditua eta hainbat gatazka politiko eta sozialetan parte hartu duena nahiz Bertha Gaztelumendi kazetaria, ‘Negar franko egin zuen aitak’ dokumentalaren zuzendaria ere. Izan ere, hitzaldi eta aurkezpenen artean bereziki nabarmen daitezke billabonatar ugarik parte hartzen duten aipatu dokumentala nahiz ‘Isiltasuna: Traumaren sintomak’ topaketak, isiltasunaren kudeaketa ikuspegi psikosozialetik landuz, formato terapeutikoan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!