“Korrika barru-barrutik bizitzeko gogoa daukat; oso hunkigarria da”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 18a, 15:44

Amaia Goikoetxea zizurkildarra 19. Korrikaren Andoaingo eta Tolosaldeko koordinatzailea da. Bere ahotik jakin dugu aurtengo edizioak eskualdean emango duena.

Iristear da Korrika Beterri-Aiztondo eskualdera. Nola aurreikusten duzu aurtengo etorrera?
Beterri-Aiztondo eskualdea, nolabait, ohituta dago Korrika herrian bertan ikustera. N-1etik hurbil dagoenez, ibilbidea bertatik pasa ohi baita. Baina, oro har, Korrika Asteasu edo Larrauleraino iristen ez denez, asteasuar eta larrauldarrak Zizurkil edo Villabonara etortzen dira korrika egitera. Villabona eta Zizurkil herri horien topagune dira Korrikari dagokionez.
Aiztondo bailarara 08:29etan iritsiko da Korrika. Villabonara sartuko da Irura aldetik. Villabona zeharkatuta, 08:48etan Zizurkilera joango da Ubaretik barrena. Zizurkildik Adunara 09:01etan eta handik Andoainera, Inquitex paretik, 09:14etan.
Aurten gainera, Korrika bi aldiz pasako da Tolosaldetik eta bi egun horietan, Korrika aspaldian iritsi ez zen herri batzuetatik igaroko da Tolosaldean; Berastegi edo Bidaniatik, esaterako.

Korrikaren antolaketan lanean buru-belarri ibili zara azken hilabeteotan. Zein eginbehar izan duzu nagusiki?
Gipuzkoako batzordeetan hartutako erabakiak Tolosaldea nahiz Andoaingo Korrika batzordeetara eraman ditut batetik. Gipuzkoan barrena, eskualde bakoitzeko argazkia oso desberdina da eta guri herri txiki baino askoren ardura egokitzen zaigu Tolosaldean. Beraz, Andoaingo, Tolosako eta Aiztondoko batzordeak euren artean antolatu badira, gainerako herri txikiez arduratu naiz ni. Noski, eskualdeko herri guztiak koordinatuz.
Korrika batzordeak bideratzeaz gain, buru-belarri gabiltza Korrika kulturaleko ekimenak antolatzen ere. Esaterako, martxoaren 13an Bertso Korrika saioa egin zen Larraulen, 15ean Mus Txapelketa eta 18an Bertso Trama Villabonan. Korrikaren inguruan antolatutako kultur ekimenek oso harrera ona izaten dute eskualdean. Adunan martxoaren 1ean antolatu zen Korrika egunak ere erantzun beroa izan zuen eta, era berean, baita martxoaren 6an Andoainen egin zen Bertso Korrika lehiak ere.

Euskal jendartean ondo txertatutako ekimena da Korrika, baina berebiziko lana eskatuko du guztia koordinatzeak…

Dudarik gabe, herritarrek gustura hartzen dute parte Korrikan eta antolakuntzan ere ondo erantzuten dute. Tolosaldea mailan, esaterako, eskualdeko batzordeetan aurreko urteetan baino partaidetza handiagoa izan da. Batzorde horretan Korrika igarotzen den eskualdeko herri guztietatik lortu dugu ordezkaridetza eta pozgarria da hori. Aurten bereziki, aspaldian Korrika iritsi ez zen Berastegi edo Bidania herrien eskutik inplikazio berezia nabaritu da.
Niri dagokidanez, oso zorteduna sentitzen naiz; halako partaidetza izateak asko errazten baitu lan egiteko modua, bakoitzak oso ondo ezagutzen duelako bere herriko errealitatea. Korrikak kanpaina asko biltzen ditu bere baitan: Korrika laguna, Korrika laguntzailea, kilometro salmenta…, eta kanpaina horiek guztiak pertsona bakar batek bideratzea ezinezkoa litzateke hainbeste herritan. Eskualdeko Korrikako arduraduna banaiz ere, batzordeetako kideez gain, aekko langileak ere lanean aritzen dira eta asko eskertzen da laguntza hori ere.

Nola bizituko duzu aurtengo lasterketa?
Euskal Herri osoa zeharkatuta, martxoaren 29an Bilbon amaituko du Korrikak bere bidea. Azken kilometroa aekko artezkaritzak eramango du eta hantxe jakingo da hamar egunez gordetako sekretua: mezuak zer dioen eta nork irakurriko duen.
Orain artean, korrika edo irratirako jarraipena eginez bizitu izan dut Korrika. Aurten koordinatzaile gisa, Korrika barru-barrutik bizitzeko gogoa daukat; lan handia izanagatik, oso hunkigarria delako, eta eguna noiz iritsiko zain nago. Autoan egingo dut eskualdeko jarraipena, Berastegin hasi eta Urnietara iritsi arte larunbatean, Bidanian hasita igandean. Herriz herri, gertutik jarraituko dut Korrika eta lasterketa girotzen joaten den furgonetaren aurreko autoan ere mikrofonoren bat izaten omen denez, aukera baldin badut, animatzeko asmoa ere badut.


Euskahaldun, aurtengo leloa
Euskalduna eta ahalmena edo ahaldun izatearen arteko hitz jokoa biltzen du aurtengo leloak. Euskahaldun horrekin euskararen alde jarduteko ahalmena esan nahi da, bai indibidualki edo era kolektiboan eta jardun hori omendu nahi da. Beterri-Aiztondo mailan ez da izendapenik egin aurtengoan. Tolosan bai: Inaxio Agirreri eta Aitziber Sarasolari.

Lekukoa eskuz esku
Eskualdean, euren kilometroa eginez, testigua hartuko duten elkarte eta erakundeak ondorengo hauexek izango dira.
  • AMASA-VILLABONA: Uxo Toki elkartea + Amasako Gazteak, Behar Zana elkartea, Erniobea ikastetxea, Zubimusu ikastola, Amasa-Villabonako Udala, Irrintzi elkartea, Zunbeltz elkartea, Oria merkatal elkartea, Iratzar elkartea, Fleming ikastetxea eta Onddo gazte asanblada.
  • ASTEASU: Asteasuko Udala eta Pello Errota eskola.
  • ZIZURKIL: Txepetxa gazte asanblada, Danena futbol taldea, Urkamendi elkartea, Ezker abertzalea, Pedro Mari Otaño eskola, Zubimusu ikastola, San Millan eskola, Zizurkilgo Udala, Bukalai dantza taldea, Etxesako langileak, Ziotza kirol elkartea eta Zizurkilgo erraldoiak + 400. urteurreneko antzerkiko partaideak.
  • ADUNA: Adunako Udala, Txulobi elkartea, Muxkil kultur elkartea, Ezker abertzalea eta Basopeta guraso elkartea.
  • ANDOAIN: Kirol taldeak 1, Kirol taldeak 2, Aita Larramendi ikastolako ikasleak, Gaztetxea, Aita Larramendi ikastolako batzordea, Axeri dantza, Andoaingo emakumeak, Erraldoiak, Hurria-Sahara taldea, Udal langileak, Ondarreta-Leitzaran ikastetxeak, Urki dantza taldea, Ezker abertzalea, Oroituz taldea, Aita Larramendi ikastolako langileak, Gipuzkoako Ur partzuergoa, Lasalle-Berrozpe ikastetxeko ikasleak, Lasalle-Berrozpe ikastetxeko langileak, Andoaingo Udala, Berriako langileak, Elkarteak, Euskalduna futbol taldea, Arrospe, Aiurri aldizkaria-Larramendi Bazkuna.
Korrika nagusia, herriz herri
Martxoak 21, larunbata
  • VILLABONA
    07:45 Korrikalariak esnatzeko diana.
    08:30 Korrika Villabonan zehar.
    Ondoren, gosaria Berdura plazan.
    Arratsaldean, trikipoteoa eta kontzertua Gaztetxean.
  • ZIZURKIL
    08:45 Korrika Zizurkilen zehar.
    12:00 Hamaiketakoa eta Plazakantu Joxe Arregi plazan.
  • ADUNA
    09:00 Korrika Adunan zehar.
  • ANDOAIN
    09:15 Korrika Andoainen zehar.
    Ondoren, gosaria Ontza elkartean.

Korrika Txikiak eskualdean
Korrika nagusiarekin batera, bi urtez behin, gaztetxoenei zuzendutako Korrika Txikiak antolatu ohi dira herriz herriko ikastetxeen laguntzarekin. Martxoaren 18an Aduna eta Andoaingo Korrika Txikiak kaleetan barrena ibili ondoren, martxoaren 26an Zizurkil eta Villabonako gaztetxoen txanda izango da eta, biharamunean, martxoaren 27an, Larrauldik Asteasura jaitsiko dira korrikalari bizkorrak.
  • Martxoak 26, osteguna
    15:00: Zubiaurretxoko bidegurutzea (Zizurkil)-Bulandegi bidea (Zzkil)-Erniobidea(Zzkil)-Zubimusu (Zzkil-Villabona)-Kale Berria (Vbna)-Arroa-Larrearaino (Vbna).
    16:30: Parte hartzaileentzako merienda.
  • Martxoak 27, ostirala15:15: Larrauldik Asteasura korrikaldia. Asteasuko kaleetan barrena.
    16:15: Parte hartzaileentzako merienda.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!