Izaskun Olasagasti, eskubaloi jokalari fina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 18a, 15:40

Etxetik datorkio Izaskun Olasagastiri eskubaloiarekiko zaletasuna.
Kattalin eta Malen ahizpen bideari jarraituz, maila bikainean ari da gazte andoaindarra.

Eskubaloiko Europako txapelketarako sailkatzeko lehian murgilduta dabil egunotan Izaskun Olasagasti gazte andoaindarra. Montenegron ari da partidak jokatzen, jubenil mailako Espainiako selekzioarekin.
Infantil mailan hasi zen Izaskun eskubaloian jokatzen. Adunako herri eskolan egin zituen lehen hezkuntzako ikasketak eta pilota zen bere kirol jardun nagusia. “DBH egitera Andoainera etorri nintzen eta orduantxe hasi nintzen eskubaloian jolasten. Ahizpek ere halaxe egin zuten nire aurretik. Eskubaloi partida ugari ikusitakoa nintzen eta baita mundialak ere. Ahizpak jokatzen ikusita, asko ikasi nuen eskubaloiaren inguruan, eta zaletasuna piztu zitzaidan. Kirolen bat aukeratzen hasita, ez nuen zalantzarik izan”.

Pibotea

Ederki moldatzen da Izaskun eskubaloian. “Pibote postuan aritzen naiz normalean. Besteentzako lan egitea da nire egitekorik nagusiena. Zuloak bilatu edota sortzea da taldean dudan ardura nagusia. Neska garaia naiz, eta horrek asko laguntzen dit zeregin horretan, nahiz eta ez den ezinbestekoa. Hiru ahizpak postu berdinean aritu izan gara”, azaldu du.
Jubenil mailako lehen urtean ari da Izaskun, Leitzaran taldean. “Bi ordutako hiru entrenamendu saio egiten ditugu astean, eta asteburuetan berriz, partidak jokatzen ditugu. Denboraldi honetan, gainera, nesken senior taldea jokalari faltan dabil eta jubenil mailako zenbait kide haiekin lehiatzen gara. Asteburu batzuetan, beraz, bi partida izaten ditugu. Denbora dezente eskatzen dit eskubaloiak, baina ez zait zaila egiten ikasketekin edota bestelako zaletasunekin bateratzea. Azterketa garaian izaten dira zailtasun handienak, eta entrenamendu saioren bat huts egin izan dut, baina, orokorrean, ondo moldatzen naiz”, aipatu du Izaskunek.

Babesa
Etxekoen eta lagunen babes osoa du Izaskunek. Etxekoak oso maiz joaten dira partidak ikustera eta koadrilako lagun asko taldekide ditu: “Selekzioarekin jokatutako partidaren bat ikustera ere etorri izan dira lagunak. Hiru ahizpak izan gara eskubaloi jokalari, eta gurasoak oso ohituta daude partidak ikustera joaten. Aita ere aritu izan zen pixka bat, gaztetan, zaletasun gisa. Gustura etortzen dira partidetara eta askotan, bidaiatzeko aitzakia ere izan da haientzat eskubaloia. Kattalin jokalari izan zen garaian, esaterako, herrialde ezberdin asko ezagutzeko aukera izan genuen, bere ibilbidearen jarraipena egiten genuen bitartean”.
Kattalin, Malen eta Izaskun, hiru ahizpak ibili izan dira eskubaloian murgilduta, baina ez da kirola euren arteko hizketagai nagusia: “partidaren bat jokatu ondoren, jokaldiren baten inguruan edo aritu izan gara, baina ez da ohiko hizketagaia izaten. Nolanahi ere, asko gustatzen zait gomendioren bat behar dudanean haiengana jotzea. Espainiako selekzioarekin kontzentrazioetara joandako lehendabiziko aldietan, esaterako, oso gaizki pasa nuen. Urduritasun handiz bizi nuen hura guztia. Entrenamenduak gogorrak egiten zitzaizkidan, taldekideak ez nituen ezagutzen, etxetik kanpo nengoen, eta gainera, ez zitzaidan erraza egiten gaztelaniaz hitz egitea. Kattalin ere antzeko egoeratatik pasatakoa da, eta gustura entzuten ditut bere gomendioak eta animoak. Pixkanaka, ohitzen joan naiz selekzioarekin bizitako egoera horietara eta orain, gozatzen ari naiz. Hala  ere, oso egun intentsoak izaten dira selekzioarekin pasatzen ditugunak. Entrenamendu saioak egiten ditugu goizez eta arratsaldez, eta saio gogorrak izaten dira, gainera. Entrenatzailea zorrotza da eta mailarik onenean aritzea eskatzen digu. Horrez gain, norberak bere buruari gehiago eskatzen dio horrelakoetan; dena ondo egin nahi izaten dugu eta gure buruarekin haserretzen gara gauzak ez badira nahi bezain ondo ateratzen”.

Europarako sailkapena
Montenegron dabil Izaskun egunotan. “Espainiako selekzioaren deialdia jaso nuenean sekulako poza sentitu nuen, baina baita ardura ere. Europako txapelketarako sailkatzeko partidak dira, eta helburua lortzeko, garrantzitsua da lan txukuna egitea. Sailkapena lortzeko itxaropena dugu, baina presioa ere eragiten digu. Sailkatzea lortzen badugu, Macedonian jokatuko dugu Europako txapelketa, abuztuan”.
Ikasketei dagokienez, batxillergoko lehen urtea egiten ari da aurten Izaskun, Donostian. “Selekzioarekin ari naizenean eskola egun asko galtzen ditut. Tartean azterketaren bat egokituz gero, ez dut arazorik izaten dataz aldatzeko, baina nire kabuz moldatu behar izaten dut falta naizen egunetan ematen duten materia errekuperatzeko. Batzuetan aldapa gora egiten da hori, baina moldatzen naiz”.
Lagun berriak egiteko bidea ere eman dio eskubaloiak Izaskuni: “Euskadiko edota Espainiako selekzioetako taldekide batzuekin harreman polita sortu da. Espainiako selekzioan aritzen den neska nafar batekin, esaterako, hartu-eman handia dut. Udan bere etxean egon nintzen egun batzuk pasatzen eta nahiko maiz hitz egiten dugu. Horrez gain, pixka bat bidaiatzeko aukera ere izan dut. Horrelakoetan, ez dut turismo gehiegirik egiteko denborarik izaten, izan ere, entrenamendu eta partidetan murgilduta ibiltzen baikara. Nolanahi ere, toki ezberdinak bisitatzeko aukera izan dut kirolari esker”, azaldu du.
Andoainek tradizio eta maila handia du eskubaloiari dagokionez. Hala aipatu du Izaskunek: “Talde indartsua da Leitzaran, nesken mailan bereziki. Senior mailako nesken taldea jokalari eskasian dabil oraintxe, baina momentu puntual bateko arazoa besterik ez da. Kategoria txikiagotan jokalari asko gabiltza eta maila onean, gainera. Errenteria, Zarautz, Donostia..., horietan daude talderik indartsuenak, eta Andoaingoak parekatu samar ibiltzen gara”.

Etorkizuna
Kirol munduan dituen helburuen inguruan galdetuta, garbi du Izaskunek: “Asko gozatzen dut eskubaloiarekin, eta izugarri gustatuko litzaidake profesional mailan aritzea. Ez da, ordea, nire bizitzako amets nagusia. Aukera sortzen bada, ongi-etorria izango da, noski. Baina edozein arrazoi dela eta eskubaloia uztea egokitzen bazait, halaxe egingo dut. Oso esperientzia politak ari naiz bizitzen kirolari esker, baina ez dut profesional mailara iristearekin itsutu nahi”.

Beste olasagastitarrak
Kattalin
Leitzaran taldean hasi, eta Donostiako Bera-Bera taldeko jokalaria izatera iritsi zen. Euskadi eta Espainiako selekzioetan ere aritu zen, maila ezberdinetan. Egun, Londonen egiten du lan, eta eskubaloian jokatzen jarraitzen du, baina zaletasun gisa.
Malen
Infantil mailan hasi zen Malen eskubaloian, Leitzaran taldean. Gipuzkoa eta Euskadiko selekzioetan aritu izan zen. Ikasketak medio Gasteizera joan zen bizitzera, eta utzi egin zuen kirol ibilbidea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!