Badator 19. Korrika Beterri-Aiztondo eskualdera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 18a, 12:24

Martxoaren 21ean iritsiko da euskararen aldeko lasterketa eskualdera.

Milaka euskaltzale biltzen dituen bi urtez behingo hitzordua iristear da. Herritarrak, dagoeneko korrika egiteko prest daude. Eskualdeko hainbat euskaltzalek Korrikaren inguruan hartu dute hitza.

Joseba Erkizia
Andoain. 1958

HABEko zuzendari lanetan ari da egun. Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko kidea 1992an elkartea sortu zenetik

“Mezu positiboa transmititzen du: euskara maite dugu eta euskara ikas daiteke”

1. Iristear da 19. Korrika eskualdera. Zein sentimendu pizten dizu euskararen aldeko lasterketak?
Euskaltzale gisa, oso pozgarria egiten zait, oso ekimen polita, atsegina eta indartsua baita. Eta urteen poderioz, AEKren eta euskaltegien girotik abiatu zena, gizarte osoaren erreferentzia bihurtzera iritsi da. Nork ez du ezagutzen gaur Korrika?
Euskal gizartean aurrerapen handia egin du euskarak urteotan. Euskara biziberritzeko prozesuak sasoiko segitzen du. Horretan euskaltegiak oso eginkizun garrantzitsua jokatzen ari dira. Ehun mila hiztun berri eman dizkiote euskarari.
Korrikak, parte hartzaileen artean poza, atsegintasuna, adiskidetasuna..., eta nekea ere konpartitzeko aukera emateaz gainera, gizarte osoari mezu positibo bat transmititzen dio: euskara maite dugu eta euskara ikas daiteke. Euskarak halako mezuak behar ditu: positiboak, motibagarriak, pozgarriak. Zoriontzea merezi du AEKk, benetan. Dagoeneko 35 urte!


2. Hutsik egiten ez duzun hitzordua al da? Zein asmo duzu aurtengorako?
Aurten bi bider egingo dut Korrika. Herrian bertan ibilbide luzea egiteko asmoa daukat, egun eta ordu aproposean egokitu baitzaigu aurten andoaindarroi; etxe aurretik pasatzen da gainera. Beraz, ezin hobeto.
Bestalde, une hauetan HABEren zuzendari naizenez, harreman estua dut euskaltegiekin eta, tartean, AEKrekin, noski. Oso harreman emankorra izaten ari gara; nik behintzat hala uste dut. Eta, beraz, oso gustura egingo dut korri Gasteizen ere, Eusko Jaurlaritzak hartua duen kilometroan. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako kargudun eta lagunak eta AEKren arduradunak izango gara orduan elkarrekin, Korrikan parte hartuz.



MARI KARMEN IZTUETA
Asteasu. 1957

Okina. Euskaltzalea. Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko kidea 1992an elkartea sortu zenetik. Korrika laguntzailea.


“Umeak korrika ikusteak asko pozten nau”

1. Iristear da 19. Korrika eskualdera. Zein sentimendu pizten dizu euskararen aldeko lasterketak?
Gure hizkuntzari eusten saiatzen gara, azken batean aberastasuna baita hizkuntza mantentzea, nahiz eta askok eta askok ez diguten askorik laguntzen. Aurrera begira ere euskararen alde egiten jarraitu behar dugu Korrika bezalako ekimenak bultzatuz, bestela zail samarra baitaukagu aurrera egitea. Korrika lagunak gara okindegian, laguntza emateko modua baita hori ere. Hala ere, euskararentzako laguntzarik onena hitz egitea dela uste dut.
Ilusio handia egiten dit Korrikaren iritsierak, hainbeste jende parte hartzen ikusteak sentimenduak pizten ditu barruan. Gaztetxoak eta umeak korrika ikusteak bereziki asko pozten nau, haiengan baitago euskararen etorkizuna eta nolabait testigua pasa behar diegu haiei. Jai daukagu bestela.

2. Hutsik egiten ez duzun hitzordua al da? Zein asmo duzu aurtengorako?
Asteasutik ere pasa izan da Korrika. Bi urte behintzat gogoan ditut eta herrian bertan parte hartu nuen haietan, gainerakoan Villabonan. Laneko ordutegiaren arabera, ahal dudan guztietan hartu izan dut parte Korrikan, korrika ez bada, txalo egin eta animatzen.
Aurten lana egokituko zait, baina tartea badut, animatzera aterako naiz. Oso onuragarria iruditzen zait Korrikarekin egiten duten lana. Azken finean, denok ahal dugunean laguntzen dugu, baina antolatzaileek izugarrizko lana egiten dute hainbeste herrietan zehar lasterketa aurrera eraman eta hari mutur guztiak koordinatzen. Soberan dakit horrek lan handia ematen duela eta eskertzekoa iruditzen zait.


XABAT LABORDE
Amasa-Villabona. 1984

Euskal Herrian Euskaraz (EHE)ko kide eta Gipuzkoako koordinatzaile duela sei urtez geroztik. Amasa-Villabonako Korrika batzordeko kide duela zortzi urtez geroztik.


“Oso modu berezian eta gertutik bizi dut Korrika”

1. Iristear da 19. Korrika eskualdera. Zein sentimendu pizten dizu euskararen aldeko lasterketak?

Herritarrek ondo erantzuten duten ekimena denez, Korrika iristeko gogoz nago. Bi urtetik behin antolatzen da eta jendea, neurri batean, Korrikaren zain egoten da. Oso ekimen irekia da; familiek, gurasoek edota adin ezberdinetako pertsonek har dezakete parte. Jendearen artean atxikimendu berezia du Korrikak eta lasterketa herrira iristear denean kilimak sentitu ohi dira sabelean. Oso ekimen indartsua da, hamar egunetan, geratu gabe, Euskal Herri osoa zeharkatzen baitu lasterketak. Dimentsio handia hartu du gainera; horren adierazle, esaterako, Bretainian kopiatu egin dutela Korrikaren eredua. Gogoarekin batera, ordea, ardura puntua ere sentitzen dut, dena ondo aterako ote den.

2. Hutsik egiten ez duzun hitzordua al da? Zein asmo duzu aurtengorako?
Txiki-txikitatik, eskolatik parte hartzen genuenetik, ez dut sekula hutsik egin. Azken urteotan, gainera, Korrika abiatzen zen lekuetara joateko aukera izan dut. Trebiñon, Tuteran edo duela bi urte Andoainen izan nintzen. Azken txanda horretan lekukoa eramateko aukera izan nuen lehenengo aldiz eta oso momentu berezia izan zen. Korrika amaierako festetara joaten ere saiatzen naiz. Oso modu berezian, gertutik eta oso gustura bizitzen dudan ekimena da. 
Pena daukat aurten ezingo dudalako herrian bertan korrikarik egin, baina asteburu hori pasatakoan, Korrika non dabilen jakin eta ez naiz aurtengoan ere kilometro batzuk egin gabe geratuko. Bilboko festara joateko asmoa ere badaukat.
Herritarrak, beti bezala, Korrikan parte hartzera animatuko nituzke eta baita herri mailan Korrikaren harira antolatzen diren ekimenetan ere. Baina bestalde, ez zaigu ahaztu behar Korrika helduen euskalduntzea sustatzeko sortu zela eta helburu hori lortzeko oraindik ere behar-beharrezkoa dela herritarren ekarpena.

Kristina Rodrigez
Aduna. 1971

Duela hamabost urtez geroztik Adunako Korrika batzordeko kide eta eskualdeko batzordeko ordezkari. Korrikaz gain, euskararekin lotutako beste ekimenetarako ere beti prest.


“Zirrara, nostalgia, aniztasuna, urduritasuna, poza”

1. Iristear da 19. Korrika eskualdera. Zein sentimendu pizten dizu euskararen aldeko lasterketak?
Zirrara handia. Alde batetik, nostalgia; euskararekin daukadan loturagatik bai ama hizkuntza bezala eta bai ikastolatik edo aekrekin eduki dudan harremanagatik. Hasierako urte haiek etortzen zaizkit gogora, euskaltegietan oraindik boligrafo edo aretorik ez zegoen garaikoak. Lehen Korrika haiek gogorrak bezain politak izan ziren, oso hunkigarriak. Bestalde, aniztasuna; kolore, azal, herrialde, pentsaera eta kultur ezberdinetako pertsonak hizkuntzaren alde elkartzen dituen ekimena baita Korrika. Berriz ere, dirulaguntzak murriztuz, esaterako, zapaltzen hasi diren euskararen aldekoa. Korrika iritsi aurreko itxaronaldian sekulako urduritasuna sortzen da eta iritsitakoan euskararen aldeko sekulako maratoia egin behar dugula dirudi. Zirrara edo argazki hori etortzen zait niri gogora. Lantaldeak edo herri ezberdinetan egiten diren ekintzek ere oso giro polita sortzen dute. Hainbat ekimen antolatu ondoren, korrikaldiarekin bukatzen den prozesua oso etapa polita da euskaraz bizi eta jaio garenontzat.

2. Hutsik egiten ez duzun hitzordua al da? Zein asmo duzu aurtengorako?
Ez dut uste sekula hutsik egin dudanik. Andoainen bizi nintzela parte hartzen nuen eta Adunara etorriz geroztik, herriko nahiz eskualdeko Korrika batzordeetan aritu izan naiz beti. Aurrerantzean, erreleboa bilatzeko asmoa badut ere, laguntzen eta parte hartzen jarraitzeko asmoa daukat.
Martxoaren 1ean oso harrera beroa izan zuen Korrikaren aldeko eguna antolatu genuen Adunan. Martxoaren 21ean, berriz, Adunako bost elkarte eta eragilek bat egingo dute Korrikarekin. Aduna hasieratik Andoain bukatu arte korrika egiteko asmoa daukat aurten. Saiatu behintzat, saiatuko naiz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!