“Postu ona lortzeak poza ematen dit, baina ez nau itsutzen”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 18a, 12:17

Duela sei urte hasi zen Lourdes Colomo zizurkildarra korrika egiten. Podium asko zapaldu du geroztik, nahiz eta irabaztea ez den bere helburu nagusia.

Amaren gaixotasunak eragindako egoera gogorrari aurre egiteko modua izan zen Lourdesentzat korrika egitea. “Lagun batek gomendatuta hasi nintzen. Eguneko hogeita lau orduetan ama zaintzen etxe zuloan geratu ordez, noizean behin niretzat ordu erditxo bat hartu eta korrika egitera joaten hasi nintzen. Oso ondo etortzen zitzaidan, bai fisikoki eta baita burua arintzeko ere. Pixkanaka, zaletasuna sortzen joan zitzaidan”.
Lasterketaren batean parte hartzeko erabakia etorri zen aurreraxeago. Korrika egitera animatu zuen lagun berak bultzatu zuen lehen lasterketan parte hartzera ere. “Lilatoia izan zen lehendabizikoa. Oso giro polita sortzen zela esan zidan eta horrexegatik animatu nintzen parte hartzera. Ikaragarri gustatu zitzaidan Lilatoiko giroa. Adin guztietako emakumeak ateratzen gara eta inork ez du irabazteko eta marka hobetzeko helburuz egiten; bakoitzak bere erritmoan, parte hartzea da garrantzitsuena. Geroztik, urtero atera izan naiz Lilatoian”.

Inguruko lasterketak
Lehen Lilatoi hura eginda, lasterketa gehiagotan parte hartzen hasi zen Lourdes. “Asko gustatu zitzaidan krosetan sortzen den giroa eta geroz eta gehiagotan ateratzen hasi nintzen. Egun, urtean hogei bat krosetan parte hartzen dut. Normalean, hemen inguruko herrietara joaten naiz; udako festetan lasterketa asko antolatzen da eta gustura joaten naiz horietara. Tarteka, Nafarroa aldeko lasterketaren batean ere parte hartu izan dut. Apirilean, esaterako, Leitzako edota Lekunberriko lasterketatan aterako naiz ziurrenik”.
Senarra aldamenean izaten du askotan Lourdesek. “Bera bizikletan ibili izan da beti. Lehia utzi zuenean, nirekin batera korrika egitera animatu zen. Astean behin, ostegunetan, elkarrekin ateratzen gara entrenamendua egitera. Zenbait lasterketatan ere elkarrekin ateratzen gara. Maila bertsuan gabiltza biok, eta paretsu ibiltzen gara helmugan ere. Lasterketa mistoetan ateratzea ere gustatzen zaigu. Herriko jaietan antolatzen den kros mistoan, esaterako, urtero ateratzen gara”.

Urduritasunik gabe
Lourdesek gustura hartzen du parte herrian antolatzen diren krosetan. “Horrelakoetan, gustura entzuten ditut herritarren animoak. Lasterka noanean, bide bazterretik datozkidan ahotsak ezagutzen ditut, eta poza ematen dit horrek”. Lourdesek ez du urduritasun berezirik sentitzen lasterketen aurretik, “batere presiorik gabe ateratzen naiz. Ez naiz batere lehiakorra, eta nire helburu nagusia ez da lehendabiziko postuan iristea edota aurrez egindako marka hobetzea, helmugara ondo iristea baizik. Postu ona lortzeak poza ematen dit, zalantzarik gabe, baina ez nau horrek itsutzen. Horregatik, lasai ateratzen naiz lasterka egitera, presio berezirik gabe. Egun guztiak ez dira berdinak izaten, eta gorputzak ez du berdin erantzuten, hori barneratuta ateratzen naiz korrika egitera”.
Duela aste gutxi Korrikaren alde Donostian antolatutako binakako lasterketan garaipena lortu zuten Lourdesek eta bere senar Jose Luisek. “Garaipen horrek poz berezia eman zidan; niregatik baino gehiago, senarrarengatik. Ni baino lehiakorragoa da bera, eta oso gustura itzuli zen etxera, garaipena lortuta. Bera hain pozik ikusteak bereziki poztu ninduen ni”, azaldu du.

Asteasuko bidegorrian
Denbora librearen arabera antolatzen ditu entrenamendu saioak. “Lana, etxea..., ez da erraza dena bateratzea, eta ahal dudanean joaten naiz korrika egitera. Asteasuko bidegorrian barrena ibiltzen naiz normalean, bertatik bertara. Nire kabuz antolatzen ditut saio horiek, entrenatzailerik gabe. Gimnasiora joan edo serieak egiteko ohiturik ere ez dut; errodajea egitea da niretzat garrantzitsuena. Egunaren arabera, batzuetan azkarxeago, besteetan motelxeago egiten ditut saioak, ordulariari gehiegi erreparatu gabe. Horrez gain, Zizurkilen Aitziber Ibarbiak bideratzen duen emakume taldearekin aritzea ere gustatzen zait. Ahal dudanero joaten naiz haiekin korrika egitera. Hamabost bat emakume biltzen da ostiralero, eta oso giro polita sortu da taldean. Taldekide bakoitzak bere helburuak ditu; batzuentzat nahikoa da Asteasuko itzulia egiteko gaitasun hori lortu izanarekin, beste batzuk lasterketatan hasiak dira”.

Laburrak nahiago
Lasterketa laburrak ditu gogoko Lourdesek, zortzi kilometro inguru artekoak. “Hamar kilometrokoren bat ere egin izan dut, baina nahiago ditut laburragoak. Erosoago ibiltzen naiz horietan, eta horrexegatik aukeratzen ditut. Antzeko zerbait gertatzen zaio senarrari ere. Bost kilometro inguruko lasterketak ditu gustuko, zortzi ingurukoak direnean, nahiago izaten du ez atera. Bakarrik joaten naiz horrelakoetan”, azaldu du Lourdesek.
Kirolak lagun berriak egiteko eman dion aukera azpimarratu du zizurkildarrak: “Kros gehienetan jende bertsua ibiltzen gara, eta azkenean adiskidetasuna sortzen da. Oso lagun onak egin ditut kirolari esker eta, horregatik, mundu guztia animatzen dut mundu honetan hastera”.
Etorkizunari begira, kirolari lotuta jarraitzeko asmoa azaldu du zizurkildarrak. “Gorputzak ahal duen bitartean, jarraitu egingo dut. Urteak aurrera doaz, eta ez dakit noiz arte aritu ahal izango dudan. Egunean batean, lasterketak utzi egin beharko ditut, baina korrika egiten jarraituko dudala uste dut”.


Mendi lasterketak
Errepideko lasterketatan ibiltzen da Lourdes Colomo. “Mendi lasterketatan parte hartzera animatu nahi naute, baina horretarako teknika berezia behar dela uste dut, eta ez dut nire burua horretarako gai ikusten. Ez naiz oso trebea mendian, eta errespetua ematen dit, jaitsieratan bereziki. Errepidean baino lesio gutxiago izaten dela esaten dute eta egunen batean, beharbada, froga egitera animatuko naiz. Ez dut guztiz baztertzen”.


Behobia-Donostia
Lasterketa motzak gustatzen zaizkio bereziki Lourdesi, baina luzeagoen artean, bada bereziki gogoko duen bat; Behobia-Donostia. “Duela bi urte atera nintzen lehendabiziko aldiz, eta asko gustatu zitzaidan. Oso giro polita sortzen da; bide-bazterrak jendez gainezka, denak animoak ematen..., asko gozatu nuen. Lehendabiziko Behobia hartan airean pasa zitzaizkidan kilometroak, konturatzerako nintzen Donostian. Iaz, berriz ere hartu nuen parte. Ibilbide berria zen eta aldapa gogorren bat ere bazen tartean, baina berriz ere gozatzea lortu nuen”.
Aurten, beste behin parte hartzeko asmoa du Lourdesek, “baina ez da erraza izango dortsala lortzea. Hiru Behobia izan behar dituzu eginak dortsala zuzenean lortu ahal izateko, bestela, izena eman beharra izaten duzu, eta berehala betetzen da zerrenda”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!