Emakumeak pilotalekura

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 18a, 12:12

Ikasturte hasieran jarri zituzten martxan emakumeei zuzendutako pala saioak. Bi talde osatu dituzte, eta partaide berriak hartzeko prest daude.

Asteasuko emakumeen ekimenez jarri zuten martxan palan aritzeko eskaintza berria. Itsaso Gonzalezez eman ditu azalpenak: “Behin baino gehiagotan aipatu genuen aukera hori, eta martxan jartzea erabaki genuen. Udalak deialdia zabaldu zuen etxe guztietara, eta izen-emate epea zabalik geratu zen. Aurrerago, bilera bat egin genuen ordutegiak zehazteko. Zortzi pertsona gerturatu ginen bilera hartara, gehienak amak eta langileak”.
Ez zen erraza izan palaz jolasteko ordutegia finkatzea. Isabel Dumallek azaldu duenez, “pilotalekua libre zegoen orduen artean aukeratu beharra zegoen. Guztien artean adostu zuten, ostiral iluntzetan biltzea izango litzatekeela onena, 20:00etatik 21:00etara”.  Ikasturte hasierarekin batera jarri zituzten martxan pala saioak. “Oso jarduera polita da, guztiok egiteko modukoa. Irakaslerik gabe aritzen gara palan; pilotalekura etorri eta jolasean aritzen gara. Pixkanaka, ari gara trebatzen eta oso ondo pasatzen dugu. Pilotalekuak gizonezkoen gune izan dira tradizionalki baina, pixkanaka, gure tokia hartzen joan behar dugu”, azaldu du Itsasok.

Deialdi berria
Partaide berrien bila dabiltza orain. “Ostiral iluntzetako ordutegia ez da egokiena eta, pixkanaka, taldea txikitzen joan da. Lau emakume asteazken goizetan etortzen hasi dira, 09:30etatik 10:30etara; ostiral iluntzetan bi bakarrik elkartzen gara”, azaldu du Maite Elizondo taldekideak. “Partaide berrien etorrerak ekimena indartuko luke. Ordutegia aldatzeko aukera ere izango genuke; astelehen arratsaldetan, 19:00etatik 20:00etara ere libre geneukake pilotalekua”, azpimarratu du Itsasok.
Pala saioetan parte hartu nahi duten emakumeek, Asteasuko kiroldegian aurkituko dute horretarako aukera egokia. Itsaso Gonzalezek hartu du hitza: “Pozik hartuko ditugu gerturatzen diren emakume guztiak. Kirola egin eta ondo pasatzeko aukera polita eskaintzen du ekimenak eta taldea indartzeko gogotsu gaude”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!