Pausoz pauso, ibilaldi osasungarri gidatuak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 18a, 11:52

Asteasuko Udalak Pausoz pauso ekimen osasungarria jarri du abian. Pili Legarra alkateak, Isabel Dumall kiroldegiko arduradunak eta Nekane Zubizarreta gizarte langileak eman dituzte azalpenak.

Asteasuko Udala 2014 urtean hasi zen herritarrei zuzenduta herrian zehar burutzeko ibilbide osasungarriak antolatzeko ideia aztertzen. Bide horretan emaniko lehen pausoa, Foru Aldundiko Itten taldeak gidatutako parte hartze prozesua abian jartzea izan zen eta elkarrizketatuek adierazi dutenez, herritar orori deialdia egin bazieten ere, helduen taldeak, emakume taldeak eta boluntario taldeak hartu zuten parte nagusiki. Bilera haietan, herrian barrena ibilbide osasungarriak sustatzeko zein behar sumatzen zuten aztertu zen lehenik eta hainbat behar antzeman zituzten. Besteak beste, komunak, argia, eserlekuak, iturriak, osasun aholkuak edota laguntzailearen figura. Behar horiek aztertu eta egokituta, guztira 2.846 metroko luzera duen lehen ibilbidea osatu dute: ibilbide laua, bidegorria aprobetxatu eta  ingurura zabaltzen dena. Matxintxulo izena du lehen honek eta aurrera begira beste hainbat ibilbide osatzeko asmoa ere badute. Zerbitzu berriez egokitutako ibilbide hori herritar orori zuzenduta dago, baina ekimenaren bultzatzaileek bereziki adineko pertsonek erabiliko dutela aurreikusten dutenez, osasun adituekin batera bideratu nahi izan dute ekimena. “Asteasuko kiroldegiko arduradunak, Asteasuko medikuak, Villabonako anbulatorioko arduradunak nahiz Osasun saileko kide batek hartu dute parte ekimena abian jartzeko bileretan. Ibilbideko laguntzaile edo gidariaren figura oso garrantzitsutzat jotzen denez, Isabel Dumall kiroldegiko arduradunak beteko du paper hori”, azaldu du Pili alkateak.

Osasuna zainduz
Familia medikuarekin zuzeneko koordinazioa bideratu dute eta hori argi adieraztea oso garrantzitsua iruditzen zaie elkarrizketatuei. Nekane Zubizarreta gizarte laguntzailearen hitzetan, “erabiltzaile bakoitzari zenbaterainoko ibilbidea eta zein ariketa egitea komeni zaion zehaztuko dio medikuak. Parte hartzaile eta medikuaren artean harreman zuzena izatea bultzatu nahi dugu. Gainera, ibilaldiak Isabelek gidatuko dituenez, arreta pertsonalizatua izango da. Ibilaldi osasungarria izan dadila osasunerako eta ez kalterako. Gure ustez, parte hartzaileentzat oso garrantzitsua da bi profesional aditu inguruan sumatzea”.
Martxoaren 20an, arratsaldeko 16:00etan ekingo zaio ekimen osasungarri bezain berritzailearen lehen saioari eta aurrerantzean erabiltzaileekin batera zehaztuko dute egutegi nahiz ordutegia. “Hasiera batean, ekimena egonkortu arte, oinezkoak eta gidaria astean behin elkartzea pentsatu dugu, gero maiztasuna guztion artean finkatzeko”, zehaztu du Isabelek. Parte hartze prozesuan zehar, ekimenaren beharra bereziki emakumeek azaldu badute ere, nahi duen herritar orori zuzenduta dagoela gogorarazi dute antolatzaileek.  

Txartelak, pizgarri
Ibilbidea eta bertako zerbitzu berrien inguruko informazioa zabalduz kartelak jartzearekin batera, hainbat osasun aholku jasotzen dituen hiruorrikoak edota txartelak banatu zaizkie herritarrei. Txartel hori, ibilbidea egitera joateko gonbidapen edo pizgarri modukoa da, izan ere, ibilbidea egiten den txanda bakoitzeko, zigilua jasoko baitu parte hartzaileak eta txarteleko hutsune guztiak betetakoan, herritik antolatzen den hurrengo irteerara doan joateko aukera izango du.

Giharrak lantzeko tresnak
Ibilaldi osasungarriak antolatzearekin batera, zortedun dira Asteasuko herritarrak, izan ere, giharrak landuz, ariketa ezberdinak egiteko tresnak jarri baitituzte Obaba kalean, igerilekuaren parean. Eguraldia lagun, gazte zein heldu, bakarka nahiz lagunartean osasuntsu mantentzeko aitzakiarik ez da falta, beraz, Asteasun!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!