“Komunikabideak eta bizikidetza” solasaldia Urigainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 17a, 19:24

Kazetari ezagunak bildu zituen “Komunikabideak eta elkarbizitza” izenburua zeraman mahai inguruak Urigain kultur etxean, martxoaren 12an. Buruntzaldeko Elkarbizi elkarteak antolatu zuen ekitaldia. Onda Vasca irratiko esatari den Olatz Yarzak gidatuta, El Pais egunkariko Luis R. Aizpeolea, Gorka Landaburu, Noticias taldeko Pablo Muñoz eta Berriako zuzendari Martxelo Otamendik jardun zuten ordu terdi iraun zuen solasaldian.


Yarzak eta Otamendik sarreratxoa euskaraz egin ostean, gaztelaniaz burutu zen gainerako solasaldi guztia.
Gorka Landaburu izan zen hitza hartzen lehena. Etorkizunari ekiteko, atzera begiratu beharra dagoela azpimarratu zuen: “Denbora berriak bizi ditugu Euskadin, eta askok hausnarketa egin beharko lukete. 40 urteko terrorismoa bizitu dugu, eta baita poliziaren indarkeria; hemen, Andoainen, kazetariak erail, mehatxatu edo torturatu egin dira, eta baita egunkariak itxi. Kontua ez da zauriak urratzen ibiltzea, baina bizitu dugun guzti hori gogoratu egin behar da. Herri honetan denok gara elkarren ezagun, orain arte askok elkarri ez diogu diosalik ere egin, eta elkarbizitzan egin nahi badugu aurrera, garrantzitsutzat jotzen ditut keinuak, horiek txikiak eta pertsonalak izan arren”.  
Atzera begiratze horretan, gaizki jokatu izanaren aitormena batez ere ezker abertzaleak egin beharko lukeela adierazi zuen, besteak beste, Landaburuk.
Luis R. Aizpeoleak ere sektore politiko horrek biolentziarekin edukitako konplizitatea azpimarratu nahi izan zuen mahai inguruan. Hala ere, bera Madrilgo prentsa hartu zuen hizpide, nagusiki. “Ni oso ezkorra naiz Madrilgo kazetariekin. Salbuespen bat edo beste kenduta (Ser Katea, El Pais, Lasexta…) gainerakoak, eta batez ere El Mundo, ABC eta La Razon egunkariak, PP baino erreakzionariagoak dira ETAren gaiari dagokionez. Ikuskizun penagarria ematen ari dira aspalditxotik”. Hainbat adibide jarri zituen iritzi hori indartzeko. “ETAk armak uztea iragarri zuenean, 2011ko urrian, prentsa horrek Mayor Orejaren kontsignari eutsi zion, dena iruzurra zela esanez. UPyDk ezker abertzalea legez kanpo utzi nahi izan zuenean ere, harekin bat egin zuten, ahots bakarreko abesbatza baten antzera”.
Pablo Muñoz ez zen aldendu diagnostiko etsigarri horrekin. “Medio horiek elkarbizitzari ez beste edozeri egin diote mesede azken urtetan”. Hainbat arrazoi aipatu zituen analisi hori baieztatuko luketenak: “Lerratze ideologikoa, euren medioen interes ekonomikoekiko morrontza, jarrera patologikoa... Zenbait kazetariei iruditzen zaie liskarrik ez bada, galtzaile irtengo direla”.
Nahi edo amets bat plazaratuz ekin zion hitz jardunari Martxelo Otamendik. “Mediook normalean, teniseko epailearen jarrera hartzeko ohitura daukagu. Mugitzen den guztiari nota jartzen diogu, adjebtiboekin, editorialekin… e.a. Bada garaia, barrura begirako ariketa egin dezagun. Gure herriko gatazkan nola jokatu dugun, zer egin dugun biktimen minaren aurrean, norengana hurbildu garen eta norengana ez… Ondo legoke hemengo egunkarietako zuzendariak eta zuzendari ohiak noizbait bildu, eta azterketa sakon bat egitera jarriko bagina”.
Landaburuk hasieran aipatutako keinuen beharrari eutsi zion Otamendik, eta bere kasua azaldu zuen. “Orain pare bat urte Berriaren izenean Rikardo Arregi saria jasotzea egokitu zitzaidanean. Bada, jendaurrean, aitortu nuen ez nuela zuzen jokatu Lopez De la Callerena gertatu zenean. Prentsari lotua egoteaz gain andaindarra zen, gure egunkaria kokatzen den herrikoa zen, baina  ez nintzen kapaz izan familiarengana hurbiltzeko. Nik uste beharrezkoak ditugula horrelako keinuak egitea, besteei hau eta beste eskatzeaz batera”.
Objetibitateaz eta etikaz eta beste hainbat gai aztertu ziren mahai inguruan, eta gehienetan, ezkortasuna izan zen nagusi prentsak elkarbizitzaren gainean egin dezakeen ekarpena jorratzerakoan. Ipar Irlandako bake prozesuan Ingalaterrako prentsak edukitako jarrera eredugarritzat jo zuten, alde horretatik. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!