Xabier Lete, hizpide eta eredu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 17a, 19:23

Elkarbizi taldeak “Elkarbizitzaren zoru etikoa eraikitzen” jardunaldiak antolatu ditu Buruntzaldean.

Bideoa: Solasaldiaren aurkezpena | Kronika:

Sustatzaileek asmo zehatza dute, “eskualdean zoru etikoa eraikitzen lagundu nahiko genuke Elkarbizi taldekoek. Gure asmoa da indarkeriagatik kaltetutako elkarbizitza bere onera ekartzen laguntzea. Batzuk ‘gatazka’ delako horren gaineko agenda politikoa garatu nahi badute ere, gure lehentasuna bestelakoa litzateke: gaiztotutako gizarte-harremanak berreraikitzea. Elkarrekin bizitzeko bidea bilatzea denon obligazioa da, eta ez gatazka berriak irekitzea. Gure bailaran sufritu izan dugun indarkeriaren errealitate bidegabea gaitzestetik abiatuta. Gizarte-konfidantza eraberritzeko asmoarekin, soilik lortu daitekeena gizaki bakoitza eta ororen duintasunari errespetutik abiatuz gero”.
Jardunaldi horien baitan Xabier Lete hizpide izango dute Urnietan. Hurrengo astelehenean, martxoak 23, mahai-ingurua antolatu dute Lekaion Felipe Juaristi, Inazio Mujika eta Jon Sarasua kulturgileen parte hartzearekin. Iluntzeko 19:30ean hasiko da “Xabier Lete, erreka zikinen ur garbien bila” izenburupean. Antolatzaileek Leteren aipu hau erabili dute solasaldia iragartzeko: “Utopia, definizioz, inon ez dagoen lurraldea da, eta, askotan, gehiegikerien koartada da. Ez, nik ez dut amets handirik behar; ez dut gezurretan bizi nahi. Proposa diezazkidatela erreforma zail baina posibleak, jendearen bizimodua hobetu dezaketenak. Ez dezala inork, etorkizuneko paradisu-jardinaren izenean, kale-bazterreko lore bat bakarra ere zanpatu”.

Solasaldia Lekaion hurrengo astelehenean, 19:30ean hasita

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!