Agentzia teknikoki martxan da, alor juridikoa finkatu gabe

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 17a, 19:22

Beterri Garapen Integralerako agentzia aurkeztu zuten Buruntzaldeko bost alkatek, aurreko ostegunean Hernanin. Dagoeneko zerbitzu teknikoak martxan daude, izaera juridikoa erabat lotu gabe badago ere. Andoain, Hernani, Astigarraga, Lasarte-Oria eta Usurbilgo alkateek agentziaren helburuak eta orain arte abian jarritako ekimenak azaldu zituzten.

Andoni Gartzia Astigarragako alkateak, agentziaren helburu nagusia esaldi batek laburbildu dezakeela aipatu zuen: "Eskualdeko herritar, enpresa eta eragileekin batera, Beterriko ekonomia eta enplegua sustatuz, garapen sozioekonomikoa planifikatu eta garatuko duen erakunde erreferente bihurtzea da".
Agentziaren beharra ere azpimarratu zuen: "Beterriko gure eskualdea, Gipuzkoan dagoen antzeko egituratik gabeko eskualde bakarra da. Politikoek eta baita teknikariek ere, hasietatik ikusi dugu beharrezkoa dela agentzia martxan jartzea, eskualdeko langabeziari aurre egin, eta egoera aldatzeko estrategia, baliabide eta azpiegiturak ezartzea".
Ana Carrere Andoaingo alkateak, agentziak dituen lan sailak deskribatu zituen: "Zazpi lan-sail ditu: ekonomi soziala, enplegua, kooperazioa, parte-hartzea, iraunkortasuna, parekidetasuna, euskara eta ekitatea”.
Agentzia jada martxan dela azpimarratu zuen Mertxe Aizpurua Usurbilko alkateak: "Horren adibiderik garbiena, eskualdean enpresa eta erakundeekin landu ditugun proiektu estrategikoak dira".

INNOforo eta kooperatzen
EGITASMOAK MARTXAN DAUDE
Egitasmo horiek gauzatzeko asmoz erabilgarri izango diren bi lan tresna azaldu zituen Aizpuruak. "Innoforo izenekoa da lehena. Aukera berriak sortuko ditu, ekonomia suspertzeko, eta tokiko eragile eta enpresen arteko elkarlana bultzatzeko, azken batean, datozen urteetan lanpostu berriak sortu eta jarduera ekonomikoa berpiztuko duten proiektuak bultzatzeko".
Kooperatzen du izena bigarren lan tresnak. "Tokiko ekonomia garatzeko egitasmoa da, eskualdeko Udalek lankidetzan sortu eta ekintzaile berriei zuzendutakoa. Zerbitzu horrek, enpresa berriak sortzeko beharrezkoak diren prestakuntza, baliabideak, azpiegitura eta aholkularitza eskaintzen ditu".

AGENTZIAREN Egoitza
Hernanin DAGO
Agentziaren egoitza Hernanin kokatzen da, Luix Intxauspe Hernaniko alkateak gogorarazi zuenez: "Hernaniko Gabriel Zelaia eraikinean kokatzen da gaur aurkezten ari garen zerbitzu sortaren egoitza". Martxoaren 25ean jarri dute data, egoitza horren aurkezpena egiteko. "Espazio fisiko hori ezagutarazteko, bertan eskaintzen diren zerbitzuen berri edukitzeko, eta orain arte garatzen ari diren proiektu praktikoak azaltzeko egingo da ekitaldi ofizial hori". Informazio gehiago www.beterri.eus webgunean eskuragarri dago.

Urnieta, faltan
Agerraldian Urnietako Udal ordezkariaren hutsunea ikusita, kazetariek galderak luzatu zizkieten bost alkateei. Luix Intxausperen esanetan, "sei udaletako ordezkari politiko zein teknikarik garbi ikusi dugu hasiera-hasieratik, eskualdeak agentzi honen premia zuela. Agentziaren sortze prozesu guztian, sei Udalek hartu dugu parte. Egia da arazoak izan ditugula agentziaren inguruko egitura juridikoa osatzerakoan, baina ziur gaude hurrengo hilabeteetan konponduko dugula arazo hori. Udatik aurrera, hauteskundeak pasa ostean, errazagoa egingo zaigu adostasunerako bideak topatzea".
Andoni Gartziak, agentziaren egitasmoa eta arlo juridikoa ondo bereizi behar direla oharatarazi zuen: "eskualdeak premia handia dauka ekonomikoki gara dadin, eta ezin dugu zain geratu arlo juridikoa konpondu bitartean. Denon artean hainbat koordinazio esparru landu ditugu, baliabidea ekonomikoak, azpiegiturak, proiektuak... baditugu, eta beraz, tresna horiekin guztiekin aurrera goaz".

DEKALOGOA

Aurkezpen ekitaldian Beterri Garapen integralerako Agentziaren dekalogoa azaldu zuten:

  • 1.    Enplegua sortzeko erreferentziako tresna da Beterri.
  • 2.    Pertsonen ongizatea izango du helburu. Hala, eredu justu baten alde egingo du, eta honako hauek sustatuko: lan-baldintza duinak, soldata duina, parekidetasuna, asebetetze-maila handia, eta lana eta familia uztartzea.
  • 3.     Aholkularitza eta gidaritza eskainiko du, besteak beste, enpresa sortzeko, lana aurkitzeko eta prestakuntza jasotzeko.
  • 4.    Eragileen dinamizaziorako koordinazio-gunea izango da, estrategiak adosteko espazioa.
  • 5.    Garapen sozial eta ekonomikoa helburu, eragileen arteko sarea osatuko da.
  • 6.    Metodologia berriak ezagutu, zabaldu eta komunikatuko ditu etengabe.
  • 7.    Lan-eredu berriak sortu, gauzatu eta garatuko dituzten eragileen babesleku eta lorbidea izango da Beterri; proiektu berriak martxan jartzeko bultzada.
  • 8.    Eraginkortasunaren izenean arituko da lanean.
  • 9.    Elkarlana eta enpresa horizontalaren eredua izango ditu oinarri, eta erabaki-guneetan enpresaburuek eta langileek parte hartzea defendatuko du.
  • 10. Aukera berriak sustatzeko eta enpresen arteko sinergiak bultzatzeko gunea da Beterri.

PSE-EEren kritika Bilduri

Buruntzaldeko sozialistek bost alkateek egindako agerraldiari berehalako erantzuna eman diote: “Bildukoek kea baino ez dute saltzen, lanik gabe daudenak engainatuz”. PSE-EEk galdetzen du “ea zer nolako seriotasuna duen alderdi askoren ezezkoa duen txiringitoa martxan jartzeak, eskualdeko herri guztien parte hartzerik gabe, forma juridiko definitu gabeko agentzia sortuz. Eta udaletxe batzuetako idazkariek eta kontu hartzaileek legez kontrakoa dela dioten txostenak tarteko izanda. Ez dugu ulertzen nola esan dezaketen xehetasun batzuk baino ez direla horiek guztiak, beren funtzionamendurako oinarrizko kontuak direnean”.
PSE-EEk agentziaren izaera juridiko egokiena mankomunitatea dela defendatzen du.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!