Larraul-Ernio-Larraul mendi lasterketa, bosgarrenez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 16a, 16:18

Atzo goizean burutu zen Larraul-Ernio-Larraul mendi lasterketaren bosgarren edizioa. 83 korrikalarik izena eman bazuten ere, 7oetik gora abiatu zen goizeko 10:30etan Larraulgo plazatik. Bost zentimetroko elur geruzarekin egin zuten topo korrikalariek Zelatundik Erniorako bidean. Hauexek atzoko irabazleak:

Argazkiak / Bideoa

Sailkapena

Gizonak

1.- Hassan Ait Chaou 1h 15’45’’

2.- Abderrahim El Qayed 1h 18’56’’

3.- Pello Izagirre 1h 20’01’’

Emakumeak

1.- Onintza Mitxelena 1h 40’ 48’’

2.- Rosa Mari Uribe 1h 42’ 28’’

3.- Dina Mendikute 2 h 01’ 38’’

Aurtengo Larraul-Ernio-Larraul mendi lasterketan laurogeita hiru korrikalarik izena emana bazuen ere, parte hartzaile gutxixeago abiatu zen egunean bertan Larraulgo plazatik Ernio mendira. Hala ere, hirurogeita hamar lagunetik gora animatu zen; eguraldia kontuan hartuta, oso koadrila polita. Giroa hotza zen eta bustia, Zelatundik aurrera bost zentimetroko elur geruza aurkitu zuten korrikalari nahiz animatzaileek. Hala ere gustuko lekuan aldaparik ez, “korrika egiteko giro ona, ateri behintzat” edota “Zelatundik aurrera elurra, lokatza baino hobea”, antzeko iritzi baikorrak gogoan hartuta abiatu ziren korrikalariak goizeko 10:30etan. Geldirik egoteko hotza egiten zuen Larraulgo plazan, baina korrikalariak ez ziren horretaz ohartu, korrika hasi orduko berotu baitziren.

Eguraldi kaxkarra, marka onak
Gizonen artean, Hassan Ait Chaou billabonatarrak 2012an lortu zuen Larraul-Ernio-Larraul mendi lasterketako orain arteko errekorra: 1 09’ 51’’ denbora eginez. Atzokoan marka gainditzea lortu ez bazuen ere, berak jantzi zuen aurtengo irabazlearen txapela 1 15’ 45’’ denborarekin. Nesken sailean ere 2012 urtekoa da errekorra, Nerea Amilibiak eskuratua: 1 28’ 07’’. Atzokoan Onintza Mitxelena iritsi zen lehen postuan helmugara 1 40’ 48’’ denborarekin. Denbora bikainak biak ere, kontuan hartu behar baita elurretan ibili zirela bai gorako nahiz beherako bidean eta jaitsieran bereziki, elurrak pausoa moteltzea eskatzen zuela. Probaren amaieran, korrikalari gehienak bat etorri ziren saio gogorra izan zela esatean, baina oso pozik ageri ziren saiakeraren ostean.
Lasterketaren ondoren, urtero bezala dutxa eta masaje zerbitzua nahiz hamaiketako goxoa prestatu zituzten aurten ere larrauldarrek. Bitxikeria modura, iaz 50 masaje eman bazituzten, aurten bi besterik izan ez zirela adierazi zieten antolatzaileek aldizkariari, parte hartzaileek dutxa hartu bezain laster, hamaiketakoa egitera jo zutela, goxotasunera.

Juan Mari Garini omenaldia
Lasterketari ekin aurretik, urteroko ohiturari eutsiz, Juan Mari Garin korrikalari zizurkildarra omendu zuten aurtengoan. Estitxu Eizagirre aurkezleak urte luzetako ibilian Garinek eskuratutako markak azaldu ondoren, –batzuk esatearren, Behobia-Donostia hiru aldiz irabazia, Euskal Herriko txapeldun krossean lau aldiz, Txindokiko igoerako errekorra dauka: 33’ 34’’, pistako marka ere bai 10.000 metrotan, zezenplazari ere bueltaka ibilitakoa da eta 31’ 35’’tan dauka errekorra…–,  Andres Aristi herritarrak, antolakuntzaren izenean, plaka, lehenengo zenbakidun dortsala eta kartela eman zizkion sari modura. Gerturatutakoen txalo artean hartu zuen hitza segidan Juan Marik: “Eskerrak denori, egiten duen giroarekin animo handia behar baita hemen gaur behetik gora abiatzeko. Nire eskerrik beroenak eman nahi dizkiot Larraulgo herriari nitaz akordatzeagatik. Pozgarria da niretzat eta eskerrik asko guztioi”. Omenaldiko nahiz lasterketaren irteerako bideoa ikusgai: www.aiurri.com.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!