“Martxoak 8 emakume” kalejira, urtero ikusgarri

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 12a, 11:40

Goikoplazak ehunka herrikide bereganatu zituen aurreko larunbatean, emakumearen aldeko kalejiran. belaunaldi ezberdinetako herrikideak hurbildu ziren kalejira ikusgarriaren amaiera ikustera. eguraldia lagun, ederra izan zen.

BIDEOA / ARGAZKIAK

Jone Larrañaga aurkezleak kalejira amaierako bilkuraren zentzua ezin argiago azaldu zuen: “400 urteko historia duen eskubide beteko herri honetako plaza nagusian bildu gara, eskubide gutxi eta are eta plaza gutxiago izan duten emakumeak oroitzeko, izendatzeko eta haien izena herri honetako historian idazteko”. Mendeurrena gogoan, aurten inoiz baino indar gehiago hartu du aurreko urteetan ozen aldarrikatutakoak: “Beste behin ere zortzi emakumek bildu gaituzte hemen, bizitzan zehar gutxitan izango duten errekonozimendua adierazteko. Zortzi dira, laurogei edota zortzirehun emakumek itzalpean egiten dutena ordezkatzera datozenak. Historiako emakume guztiak ordezkatzen dituzte gaurko egunean”. Urtez urte hainbat emakumeri gorazarre egiten diote; 2015eko edizioko protagonistak honakoak izan dira: Ixiar Oiartzabal, Elena Lertxundi, Maria Ormazabal, Maria Erkizia, Anbroxi Ponce, Rosario Guiu, Axeri dantza elkartea, Rosa Luena, Eva Pelaez, Alberto Agirre abesbatza, Galardi haurtzaindegiko hezitzaileak eta Andoaingo AEK euskaltegia.
Aurtengoarekin zortzi izendapen gehiago dira hizki larriz nabarmendu dituztenak, zortzi pertsona edota talde gutxiago itzalean geratu direnak: “Ez dira itzalpean aritutako denak, baina bagoaz urratsez urrats denak argitara ateratzen. Ateratzen kalera, plazara, herriko plaza nagusira, leku honetako herritarrak ere, izan gizon, izan emakume, eskubide beteko herritar izan daitezen. Horrela desagertaraziko ditugu gutxika ikusten ez diren mugak”.

Juncal Corrochano
Axeri dantza Andoaingo bertako dantza da, eta 2000. urtean soilik gizonezkoena zen tradizio hartan emakumezkoei parte hartzeko aukera eskaini zitzaien. Bidegile horietako bat Juncal Corrochano izan zen, “poz handia sentitu dut gaur, hamabost urte atzera pauso hori emandako emakumezko eta gizonezkoekin gogoratzeagatik. Horrelako jai giroarekin, gainera, izugarria izan da. Erabaki hura hartu zen orduan, eta hamabost urteotan ikusi da Axeri dantzak irabazi egin duela. Emakumeen parte hartzea ziurtatu denetik parte hartzeak gora egin du, Sanjuanetan edota Puska biltzean nabarmena da hori”.

Eva Pelaez, Rosa Luena
Eskarmentu handiko korrikalariak dira biak. Pelaezek lasterketetan parte hartzeaz gain Ubitarten haurren prestatzaile lanetan aritzen da. Luenak Behobia-Donostia gehien egin dituen emakumezkoa da. Pozarren zeuden biak, ekitaldia amaitu eta gero egindako adierazpenak ikusita: “Oso polita izan da, guretzat lehen aldia. Ez baikenuen ospakizuna ezagutzen. Urduri egon gara, ez gaudelako horrelakoetara ohitura”. Berdintasunaren alde egiteko kementsu agertu ziren, “guk lasterketetan eskubide berdinak izateko borrokatu egiten dugu. Eskubide berdinak nahi ditugu gizonezko eta emakumezkoentzat”.

Ixiar Oiartzabal, azken esne saltzailea

Baserriaren esparruan aurtengo izendapena Oiartzabalek jaso zuen. Ezezkoa izan zen bere aurreneko erreakzioa: "Diskrezioa nahi izaten dut, eta ez nuen horrela nabarmentzerik nahi. Hala ere, bi alabek segituan onartzeko eskatu zidaten, zerbaitengatik izendatu nindutela eta errespetua merezi zutela antolatzaile eta izendatzaileek". Elizondo baserrian (Goiburu auzoa) jaio bazen ere, Ixiar Garagorri baserriko seme Luis Mari Otañorekin ezkondu eta bertara joan zen bizitzera orain 32 urte. Harrezkero, baserri lanetan jardun dute biek. Andoainen esnea kalean partitzen duten bakarrak dira, egun. "Zazpi behi dauzkagu ukuiluan, eta egunean 60 bat litro ekoizten dira. Pasata daude garai bateko kontuak; hogei behi ere eduki genituen!".  
Astean hiru egunetan jaisten dira herrira. "Betiko bezeroengana jotzen dugun arren, beti ateratzen zaizu bidera baten bat esnea eskatuz. Bezeroak oso konforme egoten dira, estimatzen baitute esnea baserritik zuzenean etxera ekartzea". Andoaingo herritar askok, Ixiar, marmitarekin hara eta hona ibiltzen den emakume gisa identifikatu dute batik bat. Baserrira lotuta bizi dela aitortu du Ixiarrek. "Kalean, gutxitan ikusiko naute, ez bada esne partiketan. Apenas ateratzen naiz baserriko bizimodu horretatik".
Etsipenez baserritik nekez bizi daitekeela adierazi du, "ez dago etorkizunik. Esnearen prezioa ez da aldatu azken 25 urteetan; pentsua eta bestelako gastuak, berriz, ederki igo dira. Baserriko generoa erruz ekartzen da kanpotik eta horrekin ezin da lehiatu. Baserriari irtenbidea ematekotan, ekoizpen handiari begirako negutegiak jarri behar dira".
Bi alaba ditu, eta horiei txikitatik transmititu die baserriaren egoera beltza, eta nola edo hala, bizitza aurrera ateratzeko gogor egin behar dela. "Kostata, baina biak ere saiatuak izan dira, eta ingenieritzako ikasketak eginak dauzkate". Edozein guraso harro egoteko moduko arrazoiak eman dizkiote Ixiarri. 
Kalejira amaituta gustura agertu zen, “ondo joan da, uste baino hobeto. Oso gustura ibili naiz”.
 

Erakusketa: Kaleak denontzat berdin (=)

Erakusketaren ateak ostirala bitarte zabalik daude. erakusketa lau irizpideren arabera antolatu dute: segurtasuna, emakumearen ikusgarritasuna, ekipamenduak eta mugikortasuna.

Aurreko ostiralean martxoaren 8ari buruzko egitarauaren eta erakusketaren irekiera ekitaldia egin zuten Basteroko erakusketa gelan, parte hartze handiarekin. Ana Carrere alkateak erakusketaren nondik norakoa deskribatu zuen. Herriko ikasteetxetako ikasleek Andoaingo hirigintza generoaren ikuspegitik aztertu dutela adierazi zuen, “panelen bidez argi ikusten da hirigintza prozesuak, historian zehar, gizonaren bizimodura egokitu direla; emakumeen bizipenak eta ikuspegiak kontutan hartu gabe. Gure helburua errealitate hori eraldatzea litzateke".
 
Kartel lehiaketan nabarmendutakoak
Milagros Lavado izan da aurtengo kartelaren egile. Marrazkigintza eta eskulangintza ditu zaletasun, eta erizaina da ogibidez: “Kateak hausteko borroka egin beharra dago. Emakumea eredugarria izan da berdintasunareko borrokan, nahiz eta asko sufritu". 
Naiara Lasartek eta Juanan Lazkanok elkarrekin osatu duten kartelak aipamen berezia jaso zuen. Hitzez josita agertzen da kartela. Lasartek adierazi zuenez, "aniztasunaren mezua zabaldu nahi genuen. Alegia, emakumeak, berak nahi duen bezalakoa izateko daukan eskubidea aldarrikatzea. Izan ere, estereotipoak inposatzen zaizkigu oraindik; nolako itxura, izakera... eduki behar duten agintzen zaie emakumeei”.

Kontzertua: Hiru belaunaldi elkarrekin

“Emakumeak Musikan” izeneko emanaldiak atzoko, gaurko eta etorkizuneko musikariak bildu zituen ekitaldi berean. Ainhoa Elizondo, Myriam Ulanga, Aran Mujika eta Toñi Hurtado musikariek euskal tradizioan itzal handia duten kantuen bertsio landuak eskaini zituzten. Musikaren osagarri bilakatu ziren Sanchez, Santa Krutz eta Zozaia kantarien ahotsak eta Beraza eta Sagasetaren dantzarien saioak. Saio osoan zehar bideo pantailan Pilar Txopeitia, Begoña Tolaretxipi, Virginia Ulanga, Maite Oiartzun, Saioa Lopez eta Klaudia Alduncinen lekukotzak eskaini zituzten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!