Ongi etorria Korrikari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 12a, 11:29

Euskal Herrian Korrika da euskararen alde egiten den ekimen indartsuenetakoa. Martxoaren 21ean igaroko da herritik eta egun hori girotze aldera Korrika batzordea lan eta lan ari da. Aurreko ostiralean jolasak antolatu zituzten, eta datorren asteazkenean ikastetxeen parte hartzearekin Korrika txikia antolatuko dute.

BIDEOA / ARGAZKIAK

San Juan plaza kolore eta musikaz alaitu zuten urnietarrek ostiral arratsaldean. Korrika badatorrela iragartzeko ospakizuna izan zen, eta hasteko, haurrek izan zuten protagonismoa plazan. Poxta Zahar taldeak antolatuta, haur jolasak egin zituzten. Guztietan nabarmenena eskuz margotutako murala izan zen; eskuak pinturaz zikindu eta “Urnieta euskahaldun” zioen murala margotu baitzuten. Haur guztiek gozatu egin zuten eta emaitza ikusgarria lortu zuten.
Horren ostean, mintzodromoa egitekotan ziren, baina mintzalagun gutxi gerturatu zirenez, zuzenean taloa jatera animatu ziren bertaratutakoak. Aize Otaño Urnieta eta Astigarragako Korrika arduradunak azaldu zuenez, postuak arrakasta handia izan zuen eta 50 talotik gora egin zituzten. Ondoren, Itzartu eta 2-Shock taldeek girotu zuten plaza. “Urnietarrak motorrak berotzen hasteko balio izan du festak”, adierazi zuen Aizek.

Korrika txikia
DATORREN ASTEAZKENEAN

Datorren asteazkenean, martxoaren 18an, Korrika txikia egingo dute Egape, Salesiarrak eta Presentación de Maria ikastetxeetako ikasle zein irakasleek. 11:00etan abiatuko dira Egapetik. Presentación de Maria ikastetxe aldera joango dira eta San Juan plaza igaroz, Salesiarretara helduko dira. Ibilbideari amaiera emateko, plazara itzuliko dira berriro. Bertan, Udalak aurkezpena egin eta ikastetxeetako haurrek bertsoak kantatuko dituzte. Amaitzeko, Korrikaren aurtengo kantuarekin dantza egingo dute ikasle guztiek elkarrekin.

Korrika, hilaren 21ean
URNIETAN BARRENA

Martxoaren 21ean igaroko da Korrika Urnietatik. Larunbat goizean pasako da, goizeko 09:53 inguruan. Andoaindik etorriko dira korrikalariak, eta Ergoien auzotik barrena, San Juan plazan itzulia egin eta Aranzubi kalea zeharkatuz, Idiazabal kalera joango dira. Herria igaro eta Hernanirako bidea hartuko dute.

SALESIARREN OHARRA
“Martxoaren 21ean, motorrak berotzeko, goizeko 08:30etik aurrera Presentacion de Maria Ikastetxeak eta Salesiar ikastetxeak Geltoki Kalean gure Ikastetxe aurrean dagoen plazatxoan gosaria eta hainbat tailer antolatuko ditugu eta, ondoren, erositako kilometroa korrituko dugu. Izen emateko, idazkaritzatik pasa zaitezte. Gure erronka 50 euskahaldun izatera iristea da. Anima zaitez”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!