Lanbide Heziketa euskaraz, aukera aparta eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 9a, 20:53

Lanbide Heziketako erdi mailako eta goi mailako zikloak euskara hutsean egiteko aukera dago Buruntzaldean. Andoainen, Urnietan, Usurbilen eta Hernanin dago, hain zuzen, D ereduan ikasteko aukera. Matrikulazio datuak, gainera, baikor izateko modukoak dira. Urtetik urtera  gehiago dira erdi mailako eta goi mailako zikloetan euskaraz ikastea aukeratzen dutenak.

Euskaraz ikasi eta lan munduan euskaraz aritu nahi duenari erraztasunak eman nahi dizkiote ikastetxe hauek; horregatik, hainbat ziklo D ereduan emateko apustua egin dute. “Helburua argia da: euskaraz ikasi nahi duten ikasleei aukera hori ematea”, dio Ainitze Blancok. Hernaniko institutuko euskararen normalkuntzan lanean dihardu eta dioenez, “Euskal Herrian egonda, euskara bultzatu eta indartu nahi badugu, ezinbestekoa ikusten dugu Lanbide Heziketa ere euskaraz ikastea”.
Ikasketak euskaraz egiteak, gerora lan munduan euskaraz aritzea laguntzen die. Honenbestez, lan mundua euskaratzearen erronka ere hartu dute ikastetxeek. “Askotan pentsatzen da lan mundua erdalduna dela, baina ikasleei erakutsi nahi diegu ez duela zertan hala izan”. Horretarako, lantokiko prestakuntza euskaraz egin dezaten saiatzen dira, ikasleak enpresetara joaten direnean euskara ere erabili dezaketela ikusteko.
Hernaniko Seiher enpresan, esaterako, lehenengo hizkuntza euskara izaten saiatzen dira. Bezero asko kanpotarrak dituztenez, haiekin gaztelaniaz egin beharra daukate, baina bestela, barne komunikazioa euskaraz izan ohi dela dio Leire Gonzalez idazkariak: “Lan munduan euskaraz aritzea lan motaren eta merkatuaren araberakoa da. Dena den, euskaraz dakigunok euskaraz egiten dugu; baita praktiketara etortzen diren ikasleekin ere”.
Gainera, oso garrantzitsua iruditzen zaio gazteek ikasketak euskaraz burutzea: “Zikloak euskaraz egitea lagungarria da ikasleentzat. Lan munduan badaude hitz tekniko batzuk, euskaraz ikasi ez badituzu, ondoren erabiltzeko zail direnak. Gainera, gure hizkuntza eta gure kultura denez, lan mundura ere eraman behar da”.  Modu honetara, aukera dutenek behintzat, lanean euskara erabili daitekeela ikusten dute.
Hala ere, ez da denen kasua hori izaten; praktikatan euskara erabiltzea edo ez, bertako langileen arabera ere izaten baita. “Guk, ikastetxe bezala, D ereduko zikloetan lantokiko prestakuntza guztiak euskaraz eskaini beharko genituzke. Zer gertatzen da? Ikastetxetik kanpoko modulo bat izanda, ez dagoela gure esku”, dio Ainitzek.

Praktikak egin dituztenen lekukotza

INKESTA

  • 1     Euskaraz ikasteak garrantzia al du zuretzat?
  • 2     Zertan lagundu dizu euskaraz ikasteak?
  • 3     Zer moduzko esperientzia izan da lantokiko prestakuntza euskaraz egitea?


Jon Urretabizkaia
Ikasketak: Erdi mailako Instalazio Elektriko eta Automatikoak, Urnietako Salesiarretan.
Praktikak: Seiher Img Sistemas Electricos S.L

  • 1.    Bai, handia. Betidanik euskaraz hitz egin eta ikasi izan dut eta orain ohitura hori aldatzea izugarri kostatuko litzaidake.
  • 2.    Hiztegiko hitz asko ikasi ditut erreminta eta material aldetik; baita lan munduan euskaraz moldatzen ere.
  • 3.    Ona, gustura aritu nintzen. Giroa oso ona zen lanerako eta lankide gehienekin euskaraz aritzen nintzen. Ama hizkuntzan beti errazago aritzen da bat. Gainera, euskaraz ikasita hiztegia aberasten da. Enpresa munduan euskara entzutea geroz eta arruntagoa den arren, atzetik eskoletan egiten duten lana ezin da galdu. Lanean guk ez badugu euskaraz egiten nork egingo du...

Eneko Elosegi
Ikasketak: Goi eta erdi mailako zikloak, elektrizitatean. Urnietako Salesiarrak ikastetxean. Praktikak: Electricidad  JNA S.Coop eta Talleres Electricos Andoain.

  • 1.    Bai, nire ama hizkuntza euskara delako eta erdaraz eginez gero zailtasunak ikusten ditudalako.
  • 2.    Ulermenean eta adierazteko garaian errazago egiten zait euskaraz aritzea.
  • 3.    Ona, gauza berriak ikasi ditudalako. Dena den, ez ditut guztiz euskaraz egin, langile bat baino gehiagorekin gaztelaniaz hitz egin beharra nuelako. Nire ustez, ez da abantaila bat, eskubide bat baizik. Gure hizkuntza da, eta lanean ere gure hizkuntza erabiltzeko  eskubidea dugu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!