Bizimodua hobetzeko aplikazio informatikoen egilea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 9a, 20:48

Jorge Garcia andoaindar gazteak teknologia berriak lantzeko Limbika enpresa sortu zuen, orain hiru urte. Giza komunikazioa errazteko asmoz, tablet-etan erabilgarri diren aplikazioak diseinatzen dituzte. Orain gutxi, Europatik beka jaso du, 'LiterALLcy' egitasmoa gara dezan: arazo fisiko edo kognitiboa duten ikasleei irakurtzen eta idazten laguntzeko aplikazioa du ardatz.

Azalduko al zeniguke zertan datzan Europako erakundeetatik beka jaso duen egitasmoak?
Jorge Garcia: Down sindromea, autismoa, garun-paralisia edo bestelako mugaren bat daukaten Europako edozein ikasleri irakurtzen edo idazten laguntza eskainiko dion tresna diseinatu nahi dugu. Horretarako, tablet-etan erabiltzeko aplikazio jakin bat sortuko dugu, Android sisteman. Lituania eta Frantziako beste eragileekin koordinatzea egokituko zaigu.
Aldi berean, Elhuyarrekin ere elkarlanean jardungo dugu; izan ere, gure asmoa ahots sintetikoa euskaraz ahalbideratuko duen aplikazioa garatzea da, tabletak euskaraz ere egin dezan alegia, erabiltzaileari komunikazioan laguntzeko.  
Bi urteko epean garatu behar da egitasmo guztia, eta niri dena koordinatzea egokitzen zait. Ingeniari programatzaile diren beste bi lankide eta hiruron zeregina, aplikazioa diseinatzea eta programatzea izango da.

Zer zeneukan buruan Limbika enpresa sortu zenuenean?
J.G.: Teknologia berriak gizakiaren komunikazioaren mesedetan jartzea. Horretarako, galderez osatutako printzipio jakin bat hartzen dut gidari, horiei erantzuten saiatzeko. Alegia, eguneroko bizitzako zereginei erantzuteko zein trebezia dituzu eta zeintzu ez? Berreskura ditzakegu orain ez dituzun trebezia horiek? Kanpotik zuri zerbait (teknologia) itsasiz gero, ez dituzun trebezia horiek ordezkatuko lizkizuke?  Esaterako, lehengo astean Gipuzkoako Aspace elkartekoekin jardun nuen. Garun-paralisia jasanda gurpildun aulkian ibiltzen den mutil bati autonabegazio sistema jarri diogu. PictoPlus delako aplikazioa bere gorputzera egokitu dugu; hots, akzesibilitate sistema pertsonalizatua egin diogu. Hartara, soilik botoi bat sakatuz, izugarri irabaziko du komunikazioan. Azken batean, kanpotik jarri zaion tresna bati esker, funtzionalagoa izango da bere bizitzan.
 
Zer da PiktoPlusa?
J.G.: Geuk garatu dugun aplikazioa da. Azken batean, ahotsik ez dutenei edo hizkuntzan arazoak dituztenei aurrean dituzten beste pertsonekin gutxieneko komunikazioa lor dezaten laguntzen dien tresna bat da; aukera hori tablet-aren bidez eduki dezakete eskura. Irudietan eta argazkietan oinarritzen da aplikazioa. Pictograma deitzen zaie irudiei. Gizakiek, eguneroko bizitzan bereak dituzten ekintzak edo emozioen mundua islatzen dituzte irudi horiek.
 
Gaitasunen bat falta duten pertsonekin aritzen zarete lanean. Prestakuntza pertsonala beharko duzue, teknologi berrietan adituak izateaz gain....
J.G.: Noski, ezinbestekoa da prestaketa profesionala. Nik ikasketak egin ditut gerontologia sozialean eta errehabilitazio neurologikoan, eta azken arlo horretan  sei urte egin ditut lanean, auto istripua edo iktusa jasan duten helduekin.
Hori bai, gu ez gara orojakileak eta komunitate oso bat daukagu inguruan: izan pedagogoak, edo izan terapeutak, irakasleak edo gurasoak. Denok ere elkarlanean jarduten dugu, modu batera edo bestera.

Esaterako, iktusa jasan duen pertsona heldu batek erabil al ditzazke zuen aplikazioak...
J.G.: Buru eta gorputzeko zauriak zein aldetan eta zenbateraino eragin dioten..., ezaugarri batzuk ikusi beharko lirateke lehenbizi, baina, zergatik ez, egokitu ahal izango genioke tableta. Segituan erabiltzen ikusiko luke, eta tresnak zoriontsu egingo luke. Egundoko aurrerapena sentituko luke, komunikazioaren arloan batik bat.

Munduan zehar zabiltza azken aldian, hezkuntza arloko jardunaldietan-eta hitzaldiak ematen....
J.G.: Oso urduri jarduten nuen hasieran. Baina arian arian, gero eta hobe moldatzen naiz. Mexikon, esaterako, mila entzuleren aurrean jardun behar izan nuen. Normalki entzuleak pedagogoak, irakasleak, gurasoak... izan ohi dira. Azken batean, arlo zehatz batean nik daukadan jakintza transmititzen saiatzen naiz, eta batik bat, lasaitasunaren mezua zabaltzen diet. Izan ere, 50 urtetik gorako irakasle askok gutxi erabiltzen dute teknologia eta kosta egiten zaie beren lan dinamika aldatzea.

Bizi kalitatea hobetzen diezue praktikan ikasle eta pertsona askori zuen programa eta aplikazioekin. Asebetetzen duen lanbidea behar du izan zuena...
J.G.: Egia da esker oneko lana dela gurea. Tarteka, emailak iristen zaizkigu lantokira, eskerrak emanez bihotzez. Diseinu lanetan jarraitzera motibatzen gaituzte mezu horiek. Esaterako, lehen aipatu dudan Aspaceko mutila irribarrez ikusteak...
Ni neu, lehendik ere ibilia nago terapeuta bezala ezgaitasunen bat daukaten pertsonekin  eta oraingo lanbide honek pertsona horiekin egunero kontaktuan egoteko aukera ematen dit. Horrexegatik, nahiko ohitua nago erabiltzaileen iritzi eta sentimenduak entzutera. Akaso nire bi lankideak ez daude horren ohituak, eta gehiago hunkitzen dira bidaltzen dizkiguten email horiekin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!