Korrika badatorrela iragartzeko ekitaldi sorta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 5a, 14:08

Aurtengo Korrika Urnietan barrena igaroko da martxoaren 21ean. Orduan pasako baita lasterketa herritik. Eguna iristear dagoela iragarri eta lasterketa girotzen hasteko, Korrika batzordeak hainbat hitzordu antolatu ditu ostiral honetarako. Euskararekin lotutako hitzorduak izango dira, nola ez, ikastetxeen parte hartzearekin. Eta martxoaren 18an Korrika txikia egingo dute, kalez kale.

Korrikaren edizio berria ospakizunez beterik dator Urnietara. “Korrikari ongi etorria ematea eta jendea berotzen hastea dira ospakizun hauen helburua”, dio Aize Otaño Urnieta eta Astigarragako Korrika arduradunak. Gainera, festatxo honekin korrika aterako direnen parte hartzea handitzea gustatuko litzaioke. 
Ostiral honetan hitzordu ugari izango dira, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Poxta Zahar taldeak antolatutako haur jolasak egingo dituzte lehenik eta behin. Horren ostean, 18:00etan, mintzodromoa egingo da. “Mintzodromoa euskararen erabilera bultzatzeko gune bat izango da, gai ezberdinen inguruan euskaraz hitz egiteko. Euskara ikasten ari direnentzat interesgarria izango da, hizkuntza praktikan jartzeko eta jende berria ezagutzeko balioko baitie”.
19:00etan AEK-ko kideek taloak egingo dituzte eta 19:30etik aurrera, Itzartu eta 2-shock taldeek girotuko dute San Juan plaza. Eguraldi txarra eginez gero, jarduera horiek guztiak Egapeko frontoian egingo dituzte.
Egunean zehar, herria apainduko dute, Korrika eguna aurkeztuko dute eta antolatutako ekintzez gain, arropa postua jarri eta diru bilketa ere egingo dituzte.

Korrika txikia 
martxoaren 18an
Martxoaren 18an herriko ikastetxeekin Korrika txikia antolatu dute. Egape, Salesiarrak eta Presetacion de Maria ikastetxeak elkarrekin arituko dira korrika. Goizeko 11:00etan Egape ikastolatik hasiko dira; Presentacion de Maria ikastetxera abiatuko dira, San Juan plazatik pasa eta Salesiarretara iritsiko dira. Ondoren, plazara itzuli eta bertan amaituko dute ibilbidea. 
Aizek azaldu duenez, plazara iritsitakoan, Udalak aurkezpentxo bat egingo du eta ikastetxe bakoitzeko pare bat haurrek bertso bana kantatuko dute. Amaitzeko, Korrikaren aurtengo kantuarekin dantza egiteko aukera izango dute guztiek elkarrekin. 

Korrika 
martxoaren 21ean
Martxoaren 21ean, larunbatarekin igaroko da Korrika Urnietatik, goizeko 10:00etan. Egunerako bertarako ere hainbat ekintza antolatzen dabiltza. “Korrika pasa aurretik, agian, gosaria egingo dugu; eta korrika egin ostean, poteoa eta bazkaria. Oraindik horretan gabiltza”, argitu du Aizek.
Kilometroen salmentan buru-belarri dabil orain arduraduna. Urnietak bost kilometro ditu eta oraingoz, erraza egiten ari zaiola aitortu du. Herriko ikastetxeek, Kirol elkarteek eta Udalak erosiko dituzte, esate baterako, kilometro horiek. 
Korrika Andoaindik iritsiko da, Ergoien auzora. San Juan kaletik plazara itzulia egin eta Aranzubi kalea zeharkatuz, Idiazabal kalera joango da. Bertatik herria igaro eta Hernani aldera abiatuko da.
Martxoaren 19an Urepeletik abiatuko da hemeretzigarren edizioa, Bilbon amaitzeko.
 
 
Martxoak 6, ostirala
Korrika festa
Eskualdeko AEK, Urnietako eragileekin elkarlanean, hots, Urnietako Udala, Egape, Salesiarrak eta Presentacion de Maria ikastetxeak eta Poxta Zahar taldea.
17:00 Haur-jolasak.
18:00 Mintzodromoa.
19:00 Talo eta sagardo postua.
19:30 Kontzertuak: Itzartu eta 2-shock taldea.

Eguraldi onarekin San Juan plazan, euriarekin Egapeko frontoian. 

Martxoak 18, ASTEAZKENA
Korrika TXIKIA
Egape, Salesiarrak eta Presentacion de Maria ikastetxeak elkarrekin. 
17:00 Ibilbidea: Egape ikastolatik Presentacion de Maria ikastetxera, eta San Juan plazatik Salesiarretara.

Martxoak 21, LARUNBATA
Korrika
Andoaindik iritsiko da, Ergoien auzora. San Juan kaletik plazara itzulia egin eta Aranzubi kalea zeharkatuz, Idiazabal kalera abiatuko da. Herria igaro eta Hernaniko bidea hartuko du Korrikak.
09:01 Aduna.
09:14 Andoain.
09:53 Urnieta.
10:19 Hernani.
 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!