“Martxoak 8 emakume” kalejira, larunbat honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 5a, 14:04

Larunbat honetan eguerdiko 12:00etan ospakizun bilakatu den kalejira egingo dute Andoaingo kaleetan barrena, zeineanalor ezberdinetan nabarmendu diren hainbat emakumek eramango duten  lekukotza. Horien artean, osasun alorrean lan egiten duen Elena Lertxundi nabarmenduko dute. Osasun etxeko harreran egiten du lan, ohi bezala, jokabide atsegina erakutsiz.

Andoaingo anbulategiko langilea da Elena Lertxundi. Jendearentzat harrera gunean aritzen da, arratsaldez. Elena 1962ko abenduaren 30ean jaio zen. Egun berezia inondik ere. Ondo gogoan dauka egun horretan etxean gertatutako pasadizoa: "Esaten didatenez, ama (Sorkunde Etxezarreta) estu-estu zegoen etxeko ohean, eta bien bitartean, On Ramon Dorronsoro medikua eta nire aita (Jose Luis Lertxundi), balkoian irratiari pega-pega eginda egon omen ziren. Biak bertsozale porrokatuak izanik, egun horretan, Euskal Herriko bertsolarien txapelketako finala zeukaten irratitik!"
Lau ahizpa dira etxean, hirugarrena bera. "Aitak ikasketak egitera bultzatu gintuen, eta neuk artearekin lotutako karrerari heldu nion. Azken urtean baina, etxe batera zerbitzera joatea erabaki nuen. ETBn kazetari den Maria Corral, nirekin hezitakoa da". Halako batean, Osakidetzako oposaketetan aurkeztera animatu zuten bertan lan egiten duten ahizpek. Aurrenekoan atera zuen postua.

Ezusteko galanta
Ez zitzaion burutik pasa ere egiten bera hauta zezaketenik martxoaren 8ko ekitaldirako. "Udaletxetik hots egin zidaten, eta hasieran ez nuen ulertzen zertarako zen; Udal hauteskundeetako konturen bat izango zelakoan... Poliki poliki joan nintzen barneratzen. Nonbait, nire izena jarri zuten hautagai gisa, anbulategiko harreran herritarrei segurtasuna eta konfiantza ematen omen diedalako; arazoak iribarre batekin konpontzen saiatzen omen naiz. Ez dakit zer esan, bada!".
Lantokian, antzeko aipamen pertsonalen bat edo beste eduki izan du aurretik ere Elenak, eta aitortzen du bihotzarentzat pomadaren gisakoak direla keinu horiek. "Iaz etorri zitzaidan emakume bat etxean idatzitako bi bertso eskuan zituela. Gozo atenditzen omen nuela, eta era horretan eman nahi izan zizkidan eskerrak! Ederki emozionatu nintzen. Bertsoak marko batean bildu eta etxeko horman zintzilikatuta dauzkat".

Sikologoaren funtzioa
Elena ohartzen da anbulategian ilaran daudenetatik, batzuk berarengana jo nahi izaten dutela. Herrikoa naiz eta askok ezagutzen naute. Horrek konfiantza emango die, ikusten denez. Zahar batzuk etortzen zaizkit esanez badakitela zein familiatakoa naizen".
Lanpostu horretan zintzo jarduteko enpatia eduki behar dela ezeren aurretik, dio. "Anbulategira, jendea, osasun arazoak dauzkalako etortzen da, ez gogo onez. Kezkati dator, eta gainera, arrotz egiten zaizkion tramiteak bete arazten zaizkio maiz. Horien tokian nire ama irudikatzen dut, eta halaxe hartzen saiatzen naiz. Azken batean, harrera leihatilaren barrukaldean gaudenok ere herritarrak gara, eta guri ere gustatzen zaigu zakarkeririk gabeko tratua".
Herritarrekin umorea erabiltzea gogoko duela dio Elenak: "aurrean dudana ezaguna egiten bazait, aisa etortzen zait ziria sartzeko gogoa. Hau eta beste ordaindu beharra daukatela, botikak kenduko dizkietela... eta antzekoak esaten dizkiet. Sinetsi egiten dute aurreneko entzunaldian; konturatzen diren arte. Normalean, estimatzen dute informaltasun puntua jartzea horrelako leku serio batean".
Euskararen erabilerarekin erne ibiltzen da Elena. "Anbulategiak eta leku ofizialak erderarekin lotzeko joera daukagu euskaldun askok oraindik, eta euskarara alda dezaten saiatzen naiz".
Herrian bertan jendaurrean lan egiteak bere alde onak eta txarrak dituela azpimarratzen du Elenak. "Donostiako ospitalean egiten nuen lan, eta Andoainera aldaketa eskatu nuen orain lau urte. Herrian aritzea ez zitzaidala komeni esaten zidaten, ezaguna izateak kalte egingo zidala, alegia. Baina oso pozik nago Andoainen, egia esanda".
Lanorduez kanpo, bere ogibidea zein den gogorarazten diote zenbaitek, "senarra ere batzuetan aspertu egiten da nirekin kalera irteten denean. Batekin dela, bestearekin dela, denekin hizketan hasten naiz eta askok anbulategiko kontuak aipatzen dizkidate. Etxera ere deitu izan didate, errezetaren bat dela edo ez dakit zein tramite dela, mesedea eskatuz".
Sikologoarena egitea egokitzen zaie, maiz. "Adinean aurrera diren batzuk bere historiala kontatzen dizute; kosta egiten zaizu jakitea zer nahi duten, eta ulerkor jokatu behar da horiekin".

Estualdiko lanpostua
Jendaurrekoarekin estresa eta estualdia bizitze hori, larrutan bizi du Elenak. "Lo nagoela, ametsetan, anbulategiko telefono txirrina sentitzen dut noiznahi. Lagun edo familiarren batek deitzen didanean, "Andoaingo osasun zentroa, arratsaldeon" ateratzen zait barru-barrutik. Bestalde, esan beharra dago Osakidetzan informatizatua dagoela dena; oso kontrolatuta daude gure mugimendu guztiak. Egin kontu: badakite egunaren amaieran zenbat dei erantzun ditugun, zenbat jende atenditu aurrez aurre...".
 
Hunkitzeko, erraztasuna
Malko errazekoa dela dio Elenak. "Martxoak 8ko ekitaldian berehala hunkituko naizela iruditzen zait. Iaz Anabel emagina nabarmendu zuten, eta berak zera gomendatzen dit: egon zaitez lasai, Elena, ederki pasako duzu eta". Beste lankideek, berriz, adarra jotzen didate. Dena autoan egiten dut, eta ez zaie iruditzen gai izango naizenik kalejira oinez egiteko...".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!