Emakumea eta umorea eskutik taula gainean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 5a, 12:09

Zazpi urte dira dagoeneko Asteasuko emakume taldea sortu zela.
Martxoaren 8ko ospakizunetan murgilduta dabiltza egunotan.

Hogeita bost emakumez osatutako taldea da Asteasukoa. Gustura daude, azken hilabeteetan jende berria biltzen joan zaielako. Nekane Zubizarretak hartu du hitza: “Oso talde anitza osatu dugu; pixkanaka, jatorri eta adin ezberdinetako emakumeak taldera batzen joan dira, eta horrek aberastasun handia eman dio. Ateak, nola ez, zabalik daude nahi duen oro guregana hurbil dadin”.
Emakumearen egunaren inguruko ekitaldi sorta bikaina antolatu dute taldekideek. Umorea eta emakumea lotu nahi izan dituzte, eta horren harira, antzezlan bat ere prestatu dute martxoaren 8rako. “Asteasuko Udaleko artxibategia oso aberatsa da, eta emakumeekin lotutako hainbat dokumentu ere aurki daiteke bertan. Ospakizunak antolatzen hasi ginenean, garbi genuen dokumentu horiei tartea egin nahi geniela, baina ez genuen oso garbi zein forma eman. Hainbat bileraren ondoren, ordea, antzezlan bat prestatzea erabaki genuen. 1700 urte ingurutik aurrera Asteasuko emakumeekin lotutako zenbait gertakari plazaratuko dugu”, aipatu du Inma Migueliz taldekideak.

Bertan gertatuak
Gertakari gogorrak dira artxibategian topatu dituztenak. Nekane Zubizarretak eman ditu azalpenak: “Mezetan hitz egiteagatik Zaragozarako eroetxera bidali zuten emakume baten istorioa, Argentinara joan ahal izateko gizonezko baten baimena behar zutenena..., egoera gogorrak dira, baina umore puntua emanez arindu nahi izan ditugu”. Amagoia Pia artxibozainak eskainitako laguntza bereziki eskertu nahi dute taldekideek.
Azken asteotan, oso maiz bildu dira beharrezko entseguak egin eta antzezlana prestatzeko. Paloma Sanchez, Elena Milla, Inma Migueliz, Elsa Toscano, Alfonsi Perez, Manoli Carretero, Hanane El Maymouni, Begoña Jauregi, Maria Jesus Hidalgo eta Itsaso Gonzalez igoko dira taula gainera, baina lanean ari den taldea zabalagoa da. “Herriko argazki zaharrak bildu ditugu garai bateko janzkera ahalik eta modu egokienean irudikatu ahal izateko. Antzezleen arropa osatzen ari gara orain. Horrez gain, eszenatokia prestatzeko lanak ere taldean egin ditugu”, azaldu dute taldekideek.
Urduri ageri dira taula gainean ariko direnak, baina baita gogotsu ere: “Azken ukituak ematen ari gara dagoeneko eta urduritasun pixka bat ere nabaritzen dugu. Hala ere, ilusioz prestaturiko ekitaldia izango da igandekoa, eta gustura gaude. Ordu erdi inguruz arituko gara taula gainean, bi hizkuntzatan, eta jendea gonbidatu nahi dugu ikustera”.

Berdinbidean eta Udalaren laguntza
Foru Aldundiak martxan duen Berdinbidean zerbitzuaren babespean ari da Asteasuko emakumeen taldea. Herri txikiei zuzendutako berdintasun politiken inguruko dinamizazio eta aholkularitza zerbitzua da Berdinbidean, eta Asteasuko Udalaren laguntza ere badute: “Martxoaren 8ko ospakizunen gastu osoa beregain hartu du Udalak, eta hori eskertzekoa da. Gainerantzean, urtean zehar antolatzen ditugun tailer, eta ekitaldietarako Berdinbidean zerbitzuaren babesa izaten dugu”.
Udaletxeko ikus-entzunezkoen gelan egingo dute antzezlana, 12:00etan hasita. Ondoren, 13:30ak aldera, umoreari lotutako beste ekitaldi bat izango dute. “Bazkariaren aurretik, barre egiteko aitzakia izango dugu, photocall modukoa eginez. Sudur gorriak eta koloretako ileordeak jantzi, eta argazkiak egingo ditugu. Ondo pasatzea da ekitaldi honen helburu nagusia”. Elkarrekin bazkalduz eta dantzan  borobilduko dute Martxoak 8ko ospakizun sorta.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!