Emakumearen aldarria martxoaren 8an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 5a, 12:08

Martxoaren 8a egun seinalatua da emakume askoren egutegietan. Batzuek emakumeen eskubideen aldeko aldarria egingo dute, festa besteek.

SUSANA CARRETERO
AMASA-VILLABONA. 1977

Hutsunea Betez emakume taldeko idazkaria, orain 7 urte, taldea sortu zenetik. Emakumeen gai eta aldarrikapenekin oso lotua, egun bereziki, amatasunarekin.

“Arduraz beteta sumatzen ditut emakumeak”

 1. Zenbateko aurrerabidea nabaritu duzu azken urteotan emakumeak gizartean duen paperaren inguruan? Zer geratzen da egiteke?

Adineko emakumeek egungo emakumeak askeago ikusten dituzte, baina nik arduraz beteta sumatzen ditut. Lehen bigarren lanaldiaz hitz egiten zen, orain hirugarren, laugarren edo bosgarrenak ere baditugu. Eguneroko bizimoduan askeagoak gara, baina presio handien menpe bizi gara bai irudiarekiko, egin behar ditugun lan guztiekiko, haur nahiz nagusien zaintzarekiko… Zaintza hori, ordea, ez da baloratzen nahiz ikusarazten eta hori atzerapen handia iruditzen zait.
Gizonezkoekiko pareko nintzela pentsatuz hazi naiz eta ama izan ondorenean jabetu naiz hori ez dela horrela. Seme-alabei txikitatik ustezko egia hori gizartean ez dela egia erakusten saiatuko naiz.
Bide handia dago oraindik egiteke. Emakumeek oraindik gizonek baino ehun egunetik gora egin behar dute lan haiek bezala kobratzeko. Hori hemen, pribilegiatuak garen tokian. Munduko beste lurralde batzuetan are eta okerragoa da emakumearen egoera.
Emakumeak batu beharrean banandu egin gaituzten ustea dut. Feminismoaren baitan arlo ezberdin ugari sortu da eta errespetuz, iritzi guztiak entzun beharrean, sakabanatu egin gara. Banatze horrek indarra galtzea ekarri du. Munduko populazioaren erdia baino gehiago garela kontuan izanda, gizonezkoen menpe egoteak harridura handia sortzen dit. Asko dago egiteke, asko-asko. Pertsonalki pozik nago mundu mailan ahotsa duten emakumeak emakumeen eskubideak aldarrikatzen hasi direlako, orain berriki, Oscar sarietan, esaterako. Oso pozgarria iruditzen zait oihartzuna duten emakumeek gai horietaz hitz egitea, orain artean feministok ez baikara oso begi onez ikusiak izan.


 2 . Martxoaren 8a ospatu beharreko eguna iruditzen al zaizu? Ospatuko al duzu zuk?
Emakume askorentzat festarako aukera da, askok ez baitu urtean zehar lagunartean bildu eta ospakizunerako beste tarterik. Niri, ospatzeko baino aldarrikapenerako eguna iruditzen zait gehiago, izan ere, 1908 urtean 146 emakume langile erreta hil baitziren New Yorkeko Cotton lantegian emakumeen lan eskubideak defendatzeagatik.
Hutsunea Betez taldeak martxoaren 8arekin lotuta aste osoko egitaraua antolatu ohi dugu. Aurten ekimen gutxiago izango da. Besteak beste, Emeki ikuskizuna, herriko emakumeen eskutik. Pertsonalki, Donostiara joateko asmoa ere badut, herri txikietan baino hiri handietan oihartzun eta indar handiagoa izaten duelako aldarrikapenak.


FELI AIZPURUA
ZIZURKIL. 1948

Umeak kozkortu arte etxekoandre lanetan aritu bazen ere, gero eskola publikoko sukaldari izan zen jubilatu arte.

“Aurrerantzean pauso gehiago eman beharko da”

 1. Zenbateko aurrerabidea nabaritu duzu azken urteotan emakumeak gizartean duen paperaren inguruan? Zer geratzen da egiteke?

Aurrerabide handia sumatu dut azken urteetan. Kargu publikoetan nahiz enpresa pribatuetan ardurazko postuak dituzte egun emakumeek; urteak atzera, gizonezkoek bakarrik izaten zituzten halako ardurak. Dudarik gabe, lan mundurako hobeto prestatuta dago gaur emakumea; lehen etxean bakarrik aritzen zen bitartean. Nik, egia esan, asko baloratzen dut etxekoandrearen lana. Ikusten ez den lana da eta errekonozitu egin beharko litzatekeela uste dut. Eta errekonozitzearekin batera, baita etxekoandreei lan baldintza duinak eskaini ere: gizarte-segurantza tarteko.
Emakumeari dagokionez lan munduan aurrerapauso ugari eman den arren, badago oraindik ere zer egina eta aurrerantzean pauso gehiago eman beharko da: oraindik ere emakumea bigarren mailan baitago, esaterako, soldatak jasotzerakoan. Baina emakumea gaur egun, gizonezkoaren baldintza berdinetan aritzeko prestatuta dago.

 
 2. Martxoaren 8a ospatu beharreko eguna iruditzen al zaizu? Ospatuko al duzu zuk?
Nik ez daukat martxoaren 8a ospatzeko ohiturarik, baina oso ondo iruditzen zait emakumeetzat antolatzen diren ekintzatan parte hartzea. Emakumearen eskubideen inguruan oraindik lan asko egiteke dagoenez, bat egiten dut errebindikazioarekin. Egun horretaz gain, ordea, egunero izan beharko luke emakumearen egun. Badirudi, oro har, gizonek ospatzeko aitzakia gehiago izaten dutela emakumeek baino.

KONTXI ARIN
ANDOAIN. 1947

Alberto Agirre abesbatzako kantaria da bere hasieratik, eta herriko kultur ekimenetan parte hartzeko beti prest agertzen dena.

“Kezkagarria, gazteak nola datozkigun ikustea da”

 1. Zenbateko aurrerabidea nabaritu duzu azken urteotan emakumeak gizartean duen paperaren inguruan? Zer geratzen da egiteke?
Aurrerabide handia gertatu da berdintasunaren arloan; isileko bizimodua eraman dute gure ama eta amonek, eta gure ondorengoekin hasi da sumatzen onerako aldaketa gehienbat. Nik uste, guztiok ere orain ari garela kontzientzia hartzen emakumearen premiaz, gizarte gizatiarrago baten alde.
Emakumeezkook, beldur eta lotsarik gabe ari gara hartzen etxean eta gizartean egokitzen zaigun eginkizuna, eta gizonezkoak ere konturatu dira eurei zer dagokien egitea, zorionez. Gure inguruan sortu diren bikote gazteei, umeak ekarri dituztenei erreparatu besterik ez dago: gizonezkoek zuzenki hartzen dute parte umeen heziketan, etxeko lanetan...  Adibide txiki baina esanguratsua jarriko dut: ikastetxeen atarietan aitak ikustea, hori ez zen gure guraso garaietan gertatzen. Zer edo zer adierazten digu horrek; langabe egon daiteke bakarren bat, baina ez denak.
Niretzat kezkagarriena, neska gaztetxoak nola datozkigun ikustea da. Galduta bezala dabiltza, mutilen menpe, whatsapparekin dela eta abar. Egungo hezkuntza sistema berdintasunaren balorean oinarritu arren, bada hor zerbait huts egiten duena.
 
 2. Martxoaren 8a ospatu beharreko eguna iruditzen al zaizu? Ospatuko al duzu zuk?
Ez dakit zenbaiteraino den ospatzekoa eguna. Izatekotan ere, gogoratzeko oraindik badagoela zer egina emakumeen eskubideen arloan. Adibidez, aldarrikatzeko, emakume askok soldata eskasagoa jasotzen segitzen dutela; edota, etxeko lanetan jarduten dugunok inoiz ez garela jubilatzen, eta besterik ez bada ere, aitortza merezi dugula.
Andoaingo Martxoak 8 emakume ekimenak Alberto Agirre abesbatza ere izendatu du aurtengoan. Esango nuke gizonezkoek emakumezkoek baino poz handiagoa hartu dutela izendapenarekin. Egia esan, emakumeak hasieratik egon gara abesbatzan, eta ez dugu borrokarik egin behar izan guri zegokigun tokia hartzeko. Pertsona bezala jardun dugu batez ere, urte hauetan. Atzean utzi genituen gure umetako kontuak! Izan ere, mutilak elizako korora abestera igotzen ziren bitartean, neska koskorrak behean geratu behar izaten genuen.

ARANTZA ABURUZA
ADUNA. 1976

Adunako alkate izan zen 2003tik 2012ra, eta alkate-orde da egun. Anoetako udaletxean egiten du lan.

“Hezkuntza beharrezkoa da berdintasuna lortzeko”

 1. Zenbateko aurrerabidea nabaritu duzu azken urteotan emakumeak gizartean duen paperaren inguruan? Zer geratzen da egiteke?

Emakumearen egoera, orokorrean, hobetzen joan da azken urteotan. Emakumearen presentzia geroz eta handiagoa da gizarteko arlo ezberdinetan. Garai batean etxean bakarrik aritzen ziren kasurik gehienetan, eta lan mundura ateratzen zirenean, langintza jakin batzuetan soilik aritzen ziren; hezkuntzan, erizaintzan... Gaur egun, emakumearen presentzia handiagoa da lan munduan eta horrez gain, gizarteko hainbat ekintzatako parte ere bada. Independentzia ekonomikoa geroz eta handiagoa da, nahiz eta oraindik badagoen zereginik. Esaterako, familia eta lana uztartu ahal izateko pauso gehiago emateko premia badago. Bestalde, oraindik ere barneratuta ditugun irudi eta klixe batzuk kentzen joan beharra dugu. Publizitatetik eta beste hainbat bidetatik irudi sexistak jasotzen ditugu oraindik ere, eta badago zertan lan eginik. Irudi horien aurka, eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna lortzeko garaian, lan handia egiten du hezkuntzak. Kirol munduan, esaterako, neska-mutilak elkarrekin hasten dira, eta hori oso aberasgarria da.

 2. Martxoaren 8a ospatu beharreko eguna iruditzen al zaizu? Ospatuko al duzu zuk?
Oraindik ere garrantzitsua da emakumeen aldeko aldarrikapenak zabaldu eta orain arte eman ditugun pausoak gogoraraztea. Nolanahi ere, urtean egun bakarra izan ordez, egunerokotasunean egin beharreko gogoeta izan beharko lukeela uste dut. Urteroko gisan, Adunako ekitaldietan parte hartuko dut nik. “Ez dut nire ama bezalakoa izan nahi, edo bai?” hitzaldira joan ondoren, pintxo-potea egingo dugu herriko emakumeok elkarrekin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!