Martxoaren 15ean antolatu dute Larraul-Ernio-Larraul mendi lasterketaren V. edizioa, igandearekin. 15,5 kilometroko mendi lasterketa da, Larrauldik abiatuta, Zelatunera eta handik Ernio mendi tontorrera joan-etorria bere gain hartzen duena. Goizeko 10:30etan Larraulgo plazatik emango zaio irteera lasterketari eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, “ondo markatuta egongo da korrikalariek egin beharreko ibilbidea”.
Mendi lasterketak puri-purian dauden garai hauetan, Larraulgoak ere indarra hartu du eta eskualdeko nahiz eskualdetik kanpoko korrikalariak bildu ohi dira bertan. Lehen urtean 169 korrikalarik amaitu zuen proba, 87k bigarrenean, 88k hirugarrenean eta 83k laugarrenean. Ikusteke dago 2015 urteak zer emango duen Ernio inguruetan. Tentatuta zabiltzatenok, jakizue, izena emateko aukera zabalik dagoela dagoeneko www.cdutseta.es webgunean. Aurrez izena emateak 10 euroko kostua du eta azken momentuan animatzen direnek, egunean bertan Larraulgo plazan izena emateko aukera izango dute, hori bai, 20 euro ordainduta.
Juan Mari Garini omenaldia
Probaren aurretik, ohi denez, itzal luzeko eskualdeko korrikalari bat omenduko dute aurten ere. Bera izango da lasterketari irteera emango diona eta baita lasterketaren amaieran, irabazleei sariak banatuko dizkiena ere. Aurten, Zizurkilgo Juan Mari Garin korrikalari ezagunak izango du ohore hori. Dagoeneko Larraulgo lasterketaren harira omenduko den bosgarren korrikalaria da eta zerrenda ikusita, Beterri-Aiztondo eskualdean korrikalarien harrobia bikaina dela ziurta daiteke. Hauexek, orain artean, urtez urte omendutakoak:
2011: Koldo Irazu
2012: Joxe Migel Irazu
2013: Joxe Migel Maiz
2014: Peio Garin
2015: Juan Mari Garin
Gaztetxotatik atletismoari lotuta bizi da Juan Mari Garin, Behobia-Donostia lasterketa ezaguna 1980, 1988 eta 1990 urteetan irabazitakoa. Euskadiko Krosseko irabazlea lau txandatan eta Espainiako Beteranoen Krosseko irabazlea Huescan 1998an. Azken urteetan Trail Running-a landu du gehiago eta, esaterako, seigarren sailkatu zen Viellan burutu zen Europako Mendi Maratoian. 1993 urtean eskuratutako Txindokiko Kilometro Bertikaleko errekorrari eusten dio oraindik ere (33’ 34’’). Bere marka nagusienak: Pistako 3000 metro 8’ 30’’, 5000 metro 14’ 20 ‘’ eta 10.000 metro 29’ 30’’. Maratoian egindako denborarik onena: 2h 20’.
Dutxak, masajea eta hamaiketakoa
Proba amaitu ostean, lasterketan parte hartzen duten korrikalari guztiei zuzenduta, masaje eta dutxa zerbitzua eskainiko da Larraulgo Hezkide eskolan. Era berean, indarrak berreskuratzeko, hamaiketakoa eskainiko dute Katillu Txulo elkarteko kideek.
Azken urteetako irabazleak
Hauexek aurreko lau edizioetan Larraul-Ernio-Larraul lasterketa lehen postuan amaitu zuten korrikalariak:
Gizonak
2014 Josu Goñi Murua. 16’ 55’’
2013 I. Letamendia Andueza. 1 23’ 23’’
2012 Hassan Ait Chaou. 09’ 51’’
2011 Oier Ariznabarreta. 1 12’ 27’’
Emakumeak
2014 Nerea Amilibia Arruti. 1 36’ 08’’
2013 Aitziber Ibarbia Beloki. 1 37’ 37’’
2012 Nerea Amilibia Arruti. 1 28’ 07’’
2011 Nerea Amilibia Arruti. 1 32’ 05’’