Antzinako testuak, euskararen bilakaera ezagutzeko giltzarriak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 5a, 09:21

Urtzi Reguero (1988) zizurkildarra Euskal Filologian lizentziatuak, euskarazko testu zaharrak aztertzen ditu. Aziti Bihia elkarteko kide da eta aurkikuntza garrantzitsua egin berri dute.

Euskararenganako kuriositateak bultzatuta Euskal Filologiako lizentziatura egin eta geroztik ez zara ikerketan geratu. Egindako zein azterketa nabarmenduko zenuke?
Karrera amaitu nuenean Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritza masterra egin nuen eta hori bukatzeko egin behar izan nuen lana izan da, doktorego tesiarekin hasi aurretik, ordu gehien eskatu didan ikerketa. Urte osoa eman nion lan horri, eta Erdi Aroko euskara aztertu nuen. Garai hartako lekukotasun urriak eta datu onomastikoak baliatuz, orduko euskara nolakoa izan zitekeen, zein ezaugarri zituen, zein bilakabide jasan duen edota nondik nora hedatzen zen zehazten saiatu nintzen. Ordura arte, inork gutxik landutako gaia zen eta egin behar zela erabaki nuen; orain ez naiz erabakiaz damutzen.

Egungo zure lan nagusia goi-nafarrera arkaiko eta zaharreko testuen edizioa eta azterketa da. Zerk erakarri zintuen testu zaharrak arakatzera? Zer aurkitu duzu haietan?
Filologo eta hizkuntzalariontzat, testu zaharrak arakatzea ezinbesteko lana da euskararen historia ezagutzeko. Ezin da euskararen historiaz hitz egin, ezin da euskarak izan duen bilakabidea azaldu euskaraz idatzitako testu zaharrak ezagutu gabe. Nire kasuan tesirako gai bat aukeratu behar nuela eta goi-nafarrera arkaiko (1600 aurrekoa) eta zaharreko (1600-1750 urte bitartekoa) testuak aztertzea erabaki nuen, besteak beste, egin beharreko zerbait zelako eta gustura egin nezakeelako. Azken urteetan asko aurreratu da euskalkien historiaren azterketan, baina Nafarroa garaiko hizkera zaharrak aztertzeko zeuden. Oraindik goiz da lanaren fruituak ikusteko, baina euskararen dialektalizazioa ulertzeko berebiziko garrantzia du euskararen eremuaren erdigunean hitz egin zen euskalkia aztertzeak; izan ere, goi-nafarrerak mendebaldean gipuzkerarekin egiten du muga, lehenago Arabako euskararekin ere bazuen muga mendebaldean, baina ipar-ekialdean bestelako hizkera batzuk ditu, eta horrek nortasun berezia eman dio goi-nafarrerari; batzuetan mendebaleko hizkerekin doa, baina beste batzuetan ekialdeko edo Ipar Euskal Herriko euskalkiekin lotzen duten ezaugarriak baditu. Nire ustez ezaugarri hauek zein diren ikuspegi kronologikotik aztertzeak asko lagun dezake, oro har, euskalkien historia hobeto ezagutzen.

Aziti Bihia hizkuntzalari eta filologoen elkarteko kide zara. Zein lan egiten duzue?
Duela bizpahiru urte hasi ginen EHUn Euskal Filologia ikasi eta ikerketan jarraitu nahi genuen batzuk elkartzen, mintegiak antolatzen, landu genituen gaiak aurkezten eta elkarri ekarpenak egiten. Taldeak hainbat helburu ditu; batetik euskararekin, bereziki euskararen historiarekin eta filologiarekin lotura duten ikerketa berriak gure artean ezagutzera ematea; bestetik, euskal filologiako gaiak aditua ez den jendearengana zabaltzea, hau da dibulgazio lana egitea. Hori dela eta, iazko udan UEUrekin batera “Euskararen lekua munduan eta historian: mitoetatik egitateetara” izeneko ikastaroa antolatu genuen, azken ikerketen berri emateko, eta otsailaren azken astean “Euskararen historian barna: uste dugunetik dakigunera” ikastaroa abiatuko dugu, aurrekoaren ildo beretik, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Azkenik, lan filologikoa egitea ere gure taldearen ardatza denez, orain artean edizio kritiko onik ez zuen euskarazko testu zahar baten edizioa egin genezakeela erabaki genuen, eta oraintxe aurkeztu dugu lan horren fruitua: Esteve Materraren kristau dotrinaren edizio kritikoa.

Berriki lapurtera klasikoan idatzitako Materraren ‘Doctrina Christiana’ liburuaren lehen edizioa aurkitu duzue Danimarkan. Azalduko al diguzu zein pauso eman zenuten liburuaren bila?
Egia esanda, liburu aurkitzea guretzat ere ezusteko polita izan zen. Bagenekien Materrak 1617an Doctrina Christiana argitaratu zuela, baina orain arte ezagutzen genuen edizio zaharrena 1623ko berrargitalpena zen. Azken mendeetan euskalariok zeharka baino ez dugu jakin 1617ko alearen berri, eta hasiera batean guk ale hori aurki genezakeela pentsatzea ametsa besterik ez zen. Gure taldekide bat, Dorota Krajewska, izan zen, hain zuzen ere, Materraren beste kontu batzuk interneten bilatzen ari zela Danimarkako ale horrekin topo egin zuena. Hasiera batean pentsatu genuen liburutegiaren katalogazioan hutsen bat izan zitekeela, baina bertakoekin harremanetan jarri eta egun gutxiren bueltan jakin genuen azken mendeetan galdurik egon den 1617ko alearekin topo egin genuela. Beraz, berehala eskatu genuen liburuaren digitalizazioa, eta hori lortzean dagoeneko prestatua genuen 1623koaren edizioarekin konparatzen hasi ginen. Lan horren fruituak https://sites.google.com/site/materraedizioa/ webgunean bildu ditugu guztientzat eskuragarri egon dadin. Espero dezagun datozen urteetan halako opari gehiago izatea, ez baitira gutxi galduta dauden euskal testu zaharrak.

Nolatan ailegatu ote zen liburua Danimarkara?
Dirudienez, alearen azken jabea Otto Thott (1704-1785) izan zen: Danimarkako kondea, politikaria eta bibliofiloa. 138.000 liburu bildu omen zituen. Hil ondoren haren bildumaren zati handi bat Kopenhageko Errege liburutegiak jaso zuen.

Zein asmo duzue aurrerantzean liburuarekin?
Orain arte Materraren dotrinaren 1617 eta 1623ko argitalpenen edizio kritikoa eta bien arteko konparaketa egin ditugu; hurrengo pausoa liburuko euskararen azterketa egitea izango da, gramatika bat alegia. Aztertu nahi dugu zein ezaugarri zituen orduko lapurterak. Kontuan hartu behar dugu Materraren lan hau izan zela literatur lapurtera edo lapurtera klasikoa, hau da, XVII. mendean idatzirako baliatzen zen lapurtera, erabiltzen lehena, Sarako euskara ardatz hartuta; gerora Axularrek eta beste hainbatek erabili zuten hizkera, hain zuzen ere. Hori dela eta, Materraren hizkuntzaren azterketa egin nahi dugu, baina Axular eta beste autoreen hizkerarekin konparatuz.

Zure jaioterrira etorrita, ‘Zizurkil ahoz aho’ liburua osatu zenuen Ariane Ensunzarekin elkarlanean, hainbat zizurkildarren testigantzak jasoz. Nolako esperientzia izan zen hura?
Esperientzia oso aberasgarria izan zen, zalantzarik gabe. Dagoeneko galdu den mundu baten bizipenak jaso genituen lan horretan; hau da, orduko bizimodua nolakoa zen, herriko festak nolakoak ziren, gerra zibilak nola eragin zuen Zizurkilen… Herriko zaharrenen memoria kolektiboa papereratu genuen lan horrekin, herriko historia garaikidea bizi zutenen esperientzian oinarrituta. Gerraostearen eta frankismoren ondoren jaio eta bizi izan ginenontzat oso gauza eta bizipen interesgarriak, gaur egungoaren oso bestelakoak, jasotzen dira testingatza horietan.

Jomuga, tesia bukatzea
Etorkizun hurbilari begira, Urtzik duen lehen helburua tesia bukatzea da eta lan horretan dihardu jo eta su. “Dagoeneko testuen edizioan eta iruzkinetan nahiko aurreratuta nago, orain testuak beren osotasunean aztertzea eta ondorio nagusiak ateratzea falta zait. Zalantzarik gabe, honek denbora asko eskatzen du, baina gustuko bidean aldaparik ez”, azaldu du. Horrez gain, EHUko Letren Fakultateko Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldean ere parte hartzen du euskal testu zaharren bilduma eta edizio berriak prestatzen. “Beraz, une honetan eta etorkizun hurbilenean bi kontu horietan ibiliko naiz buru-belarri; Materrarenak ahaztu gabe, noski”.
Egun Gasteizen bizi bada ere, bere jaioterri Zizurkilekin lotura estua mantentzen du, “bertan ditut gurasoak, arreba eta lagunak eta ahal dudanetan bisitatxo bat egitera etortzen naiz”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!