Borja Rubiños, teklen artean murgildutako ibilbidea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 5a, 09:19

Hamaika urte zituela iritsi zen lehen pianoa Borja Rubiños andoaindarraren etxera.
Musikara bideratu zituen ikasketak, baita lan ibilbidea ere.

Noiz ekin zenion pianoari lotutako ibilbideari?
1983an erosi zidaten lehen pianoa, eta geroztik, teklen artean murgilduta ibili izan naiz beti. Umetan, lagun baten etxeko pianoan hasi nintzen belarriz abestiak ateratzen. Gurasoak nire zaletasunaz konturatu, eta musika ikasi nahi ote nuen galdetu zidaten. Proba egiteko gogoa piztu, eta Joxe Anjel Agirrek Andoainen zuen musika akademian eman nuen izena. Hiru ikasturte egin nituen bertan, solfeoa ikasten, eta piano pixka bat ere ikasi nuen. 1983an, pianoa erosi zidatenean, musika eskolara pasa nintzen Miryam Ulangarekin; handik Donostiako kontserbatoriora, eta bertan amaitu nituen goi mailako ikasketak.

Erraza izan al zen goi mailako ikasketak musika mundura bideratzeko erabakia?
Andoaingo ikastolan egin nituen ikasketak, eta karrera aukeratzeko garaia iritsi zenean, nik ez nuen gustuko bat bera ere aurkitzen. Garbi nuen musika zela niri gehien gustatzen zitzaidana, eta horren aldeko hautua egin nuen. Oso erabaki arraroa zen hori garai hartan, bitxia. Gurasoak ez dira musikariak, baina haien babesa izan nuen, eta aurrera egin nuen. Aurrez pianoko ikasketak egiten ari nintzen Donostiako kontserbatorioan eta goi mailako ikasketei heltzean, beste hainbat ikasgaitan eman nuen izena. Hantxe amaitu nuen karrera. Amaia Zipitria piano-jotzaile andoaindarra ni baino urtebete gazteagoa da eta hark ere bide berdinari jarraitu zion.

Zure lan ibilbidea ere pianoaren munduari lotuta joan da. Kontaiguzu...
Oraindik ikasketak amaitu gabe nituenean hasi nintzen lanean. Donostian, Musikabi izeneko musika akademia zuten martxan jesuitek eta bertan hasi nintzen, haurrei eskolak ematen. Bost ikaslerekin hasi nintzen, eta pixkanaka, geroz eta gehiago hartzen joan nintzen. Urte asko egin nituen bertan. Donostiako Orfeoiaren piano-jotzaile ere izan nintzen, 2000tik 2006ra arte eta, horrez gain, Irungo kontserbatorioko irakaslea naiz 2004az geroztik. Errepertorio irakaslea naiz, eta horrek egun osoa pianoa jotzen pasatzen dudala esan nahi du. Horixe da niri gehien gustatzen zaidana, eta asko gozatzen dut lanean, nahiz eta egunaren amaieran neke fisikoa ere sentitzen dudan; lepoan eta besoetan bereziki. Instrumentu guztietako ikasleak pasatzen dira nire ikasgelatik, eta obra ezberdinak prestatzen ditugu kontzertuetarako, azterketetarako, etab. Pianoa jotzen ordu asko pasatzen dudanez, oso ondo neurtu behar izaten dut denbora, lesiorik ez edukitzeko.

Musikaren munduak sakrifizio handia eskatzen duela esan ohi da. Zuretzat hala izan al da?
Ikasle garaian denbora asko eskaini behar zaio musikari. Gaztea zarenean, eta beste plan mordoa ere sortzen joaten zaizu. Ez da erraza. Nolanahi ere, nik ez dut gaztaroa galdu izanaren sentsaziorik. Asko gustatu izan zait beti pianoa jotzea, eta gozatu egin dut. Oso bakarkako lana da eta bere esfortzua eskatzen du, baina konpentsazioa ere handia da.

Zer eman dizu musikak?
Jendea eta tokiak ezagutzeko aukera azpimarratuko nituzke. Kontzertuetan, kontserbatorioan, ikastaroetan..., jende asko eta asko ezagutu dut eta txoko ezberdinetan barrena ibiltzeko aukera ere izan dut. Salamancako antzinako musikako ikastaroan, esaterako, oso lagun onak egin nituen eta asko gozatu nuen hango egonaldietan. Horrez gain, Italia, Frantzia, Mexiko, Japonia..., toki asko ezagutu dut musikaren bitartez. Japoniako esperientzia ikaragarria izan zen niretzat. 1997an joan ginen eta gaur egun hona iristen ari diren zenbait aurrerapen teknologiko dagoeneko martxan zituzten han. Aldi berean, ordea, oso ondo zaintzen dituzte beraien ohitura eta tradizioak. Beste mundu batera joatea bezalakoa izan zen hura niretzat, inoiz ahaztuko ez dudan esperientzia.

Nola ikusten duzu musikaren egoera gure inguruan?
Geroz eta gazte gehiago hasten da musika ikasketak egiten eta haietako batzuk goi mailan ere murgiltzen dira. Ikasketak amaituta, atzerrira joan beharra izaten dute gehienek. Nire garaian, musika eskola asko zabaldu zen inguruan, eta irakasle gisa lanean hasteko aukera dezente sortu zen. Plaza haiek beteta, egungo gazteek ez dute aukera handirik eta krisialdi ekonomikoak ere ez du batere laguntzen. Hemen aukera gutxi dagoenez, atzerrirako bidea hartzen dute askok.

Zein konposatzaile edo musika mota gustatzen zaizu gehien?
Ez nuke jakingo bat aukeratzen. Momentuaren arabera aukeratzen ditut. Bach, esaterako, asko gustatzen zait, baina nekatuta banago, edo buruan gauza asko baditut, gehiegizkoa egiten zait. Oso musika betea egiten du eta egokiagoa da argi zaudenean entzuteko.

Konposatzaile lanetan ere aritzen al zara?
Musika jotzea gustatzen zait niri, eta ez naiz sekula lan horietan hasi. Ikasle garaietan sortu nuen zerbait, baina oso lan gidatuak izan ziren; oso neurri eta estilo jakinetara lotutakoak; ia modu mekanikoan egindako obrak. Geroztik, ez dut konposatu izan. Etxean, lasai jotzen ari naizenean melodiak sortzen joaten zaizkit eta lagunek askotan esan izan didate haiek grabatu eta gordetzeko, noizbait landu ahal izateko. Ez dut inoiz horretarako tentaziorik izan. Egunen batean agian...

Antzinako musika
Antzinako musika landu zuen bolada batean Borjak Salamancan eta klabezinarekin aritu izan da behin baino gehiagotan. “Inprobisazioa eskatzen du eta erronka handia da, baina asko gustatzen zait”.


Amaia Zipitriarekin, lau eskutara
Andoainen 400. urteurrenaren harira, kontzertu berezia eskaini zuten Borja Rubiños eta Amaia Zipitria andoaindarrek, lau eskutara. “Miryam Ulangak egin zigun kontzertu berezia eskaintzeko proposamena eta ez genuen zalantzarik egin. Batetik, herrian jotzeko aukera ematen zigulako, eta bestetik, elkarrekin aritzeko aitzakia polita zelako. Laugarren mendeurrena gogoan, antzinako musikatik hasi eta gaur egungora arteko errepasoa egitea eskatu ziguten. Ez dago errepertorio handirik lau eskutara jotzeko, baina pixkanaka, kontzertua osatzen joan ginen Amaia eta biok. Oso gustura aritu ginen prestaketa lanetan. Urte asko generaman elkarren berri handirik izan gabe eta pozik aritu ginen. Ordubeteko saioa eskaini genuen, eta oso gustura geratu ginen jasotako erantzunarekin”. 
Amaia Zipitria ere Andoaingo musika eskolan hasi zen murgiltzen musika munduan. Baionan egin zituen goi mailako ikasketak eta Holandan ere hainbat urtez aritu zen ikasketa horiek osatzen. Lan ibilbide oparoa egin du eta, egun, Musikeneko irakasle da. Orfeoiko piano-jotzaile lanetan ere ari da.
Andoainen sorreraren laugarren mendeurrenaz gain, Piano jaialdiaren X. urteurrena ere ospatu zuten ‘Lau mende, lau eskutara’ izenburupean eskainitako kontzertuarekin. “Lan ikaragarria egiten dute maila horretako jaialdia antolatzen. Arrakasta handia dauka eta toki askotako piano ikasleak gerturatzen dira urtero. Dagoeneko hamar urte dira jaialdia ospatzen hasi zirela, eta gustura egiten diot jarraipena”, azaldu du Borjak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!