Pepita eta Xanti ipotxak gure artean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mar. 5a, 09:13

Amasa-Villabona herriak, erraldoi eta buruhandiez gain, Pepita eta Xanti ipotxak izango ditu aurrerantzean, haurren eta helduen gozagarri. Ostegun Gizen egunean atera ziren kalera lehenengoz.

Orain artean erraldoi eta buruhandiak izan ditu Amasa-Villabonak, besteak beste, Santio jaietan bereziki, kalean gora eta behera maiz ibiltzen direnak. Aurrerantzean, ordea, talde hori zabaldu eta indartuz, bi ipotx berri izango ditu. Udaleko kultur saileko kideek gogorarazi dutenez, erraldoi eta buruhandiekin batera, 2013ko Santio jaietan ibili ziren ipotxak lehenengo aldiz Villabonan, Donostiako Irrintzi konpartsaren eskutik. “Konpartsa horretako erraldoien dantzek eta ipotxen eta buruhandien ibilerek herritar guztien ikusmina piztu zuten, eta Villabonako Udalak bi ipotx egingo zituela erabaki zuen, kalejiretan lehendik zituen erraldoiekin eta buruhandiekin batera ibiltzeko”. Kasu honetan, herritar askori ezagunak egingo zaizkion bi pertsonaia aukeratu ditu: Xanti aguazila eta Pepita esnezalea.
Irudi horiek Irungo Garate anaien tailerrean gauzatu dituzte, eta Villabonako Udalak artista horien prestutasuna eta trebezia azpimarratu nahi ditu, “Udaleko arduradunek emandako ideia eta irudietatik abiatuta, hezur eta haragizkoak diruditen pertsonaia horiek egiterakoan”.

Sorpresa polita herritarrentzat
Sarreran aipatu bezala, Ostegun Gizen arratsaldean ibili ziren lehenengoz  Xanti eta Pepita ipotx berriak Villabonako kaleetan barrena; Fleming eta Zubimusu ikastetxeetako haurrekin nahiz Santiago egoitzako egoiliarrekin batera. Harrera beroa izan zuten eta herritar askorentzat sorpresa polita izan zen pertsonaia berriak ezagutzea. Egun hartan ikusi ez zituztenak, ordea, lasai egon daitezke; bi ipotxak ezagunak izango baitira laster herritar guztientzat. “Izan ere, gure betiko buruhandi eta erraldoiekin ibiliko baitira aurrerantzean kalejiretan, haurren eta helduen gozagarri”, kutur sailetik jakinarazi dutenez.

Pepita, behorraren gainean
Pepita Lasa Morotegiri izugarrizko poza eman dio Udalak bera irudikatzen duen ipotxa egin duela jakiteak “emango ez dit, ba?”, esan du. 1926 urtean jaio zen Pepita Amasako Pasus baserrian eta bertan bizi da egun ere. Baserri eta etxeko lanetan aritu izan da urte luzetan eta baita Villabonan, etxez etxe, esnea banatzen ere. Esnezale gehienak Amasatik Villabonara astoz jaisten baziren, behorraren gainean egiten zuen Pepitak. “Asto-zestoak bi marmita sartzekoak baziren, hirukoak eginarazi genituen eta behorraren gainean egiten nuen joan-etorria. Baina behorra altuegi geratzen zitzaidanez, animalia koska baten ondoan jarri, buelta emanarazi eta antzeko sistemak asmatu behar izaten nituen marmitekin ondo moldatu ahal izateko”, gogoratu zuen Lumane bilduman. Bada, Pepita irudikatzen duen ipotxak, badu bere behortxoa ere.

Aguazilak, herri zaindariak
Herri guztietan bezala, Amasa-Villabonan ere baziren zeregin ugari betetzen zituzten aguazilak. Haiei guztiei keinu eginez irudikatu dute bigarren ipotxa: Xanti aguazila. Besteak beste, aguazilen eginbeharretako bat, danborra lagun, Udaleko bandoak herritarren aurrean toki jakinetan irakurtzea zen. Bandoak irakurtzeaz gain, baita herria zaintzea ere eta garaiko gaztetxoek Lumane argitalpenean gogoratu zutenez, “mutil-koxkorrak zaintzea ere bai. Oraingo aguazilek baino errespetu handiagoa ematen zuten haiek”. Egunez herria aguazilek zaintzen bazuten, gauez serenoak aritzen ziren langintza horretan. “Bai aguazilak eta bai serenoak makila eskuan hartuta ibiltzen ziren maiz, liskarren bat sortuz gero, agintea haiek zutela erakusteko”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!