Behar Zana pilota taldearentzat denboraldi ezin hobea izaten ari da aurtengoa. Denboraldi hasieran ezker paretean hiru talde finaletara sailkatu eta mailaz igo ondoren, oraingoan trinketean berdina lortu dute. Bigarren mailako finalean, Behar Zanako Iñigo Irisarri eta Iker Iraolak Behar Zanako taldekideak diren Aitor Irisarri eta Eneko Muguruzaren aurka jokatuko dute. Biek ala biek final erdiko partida bikainak jokatu ondoren lortu zuten finalerako txartela eta honenbestez 1. mailarako igoera.
Lehen mailako finalera, berriz, Eneko Maiz eta Eñaut Esnaola sailkatu dira. Imanol Arrutik ligaxka jokatu ondoren lesio bat tarteko Maiz ordezko moduan sartu eta lanak bikain egin ondoren final handia jokatuko dute.
Horrela, datorren denboraldian Gipuzkoako 1. mailan sei bikotetatik hiru Behar Zanakoak izango dira.
20 pilotari Angeluko Pilotari Ttipi’15 topaketan
Joan zen asteburuan, Angeluko L´Hogar pilotalekuan izandako Pilotari Ttipi´15 topaketan Behar Zanako 18 pilotari eta Adunako Txulobiko bikote bat ere izan ziren.
Prebenjamin, benjamin eta alebin mailako haurrak joan ziren bertara eta han, Iparraldeko beste 13 talderekin batera pilota partidak jokatu eta sari ederrak jaso zituzten. Guztira 150 pilotari elkartuko ziren pilotalekuan. Sariak banatzen Ducassu eta Larralde Iparraldeko trinkete mailako bi pilotari onenak aritu ziren.