Familiak izugarrizko ezustekoa bizitu du goizeko 09:00etan, bertakoa den Xabier Ormazabalek aitortu duen bezala. "Soinu galanta entzun dugu, eta kanpora atera garenean, mendi gainetik etorri den lurra errekara erorita ikusi dugu. Lur horrek errekan presa efektua egiten zuela konturatu gara, ur emaria trabatuz. Halako batean, errekaren urek presa gainditu eta egundoko ur jasa hasi da errekan behera".
Etxean bizi diren familiako hiru kideek susto handia jasan arren, onik dira. Andoaingo familiarren etxean pasa beharko dituzte hurrengo egunak, arrisku egoera gainditu dela ziurtatu arte.
Unanibiako zubi inguruan garbiketa lanak egiten ari ziren udal langileak modu ikusgarrian ohartu dira goizeko 09:00etan gertatu den lubiziaz. Adierazi dutenez, "derrepentean, kasik urik ez zekarrela sumatu dute Leitzaran ibaia. Handik segundu gutxira, ordea, tsunami txiki baten antzekoa heldu da. Egundoko ur emaria, eta zikin-zikina, gainera, lokatzez gainezka". Ikusi dutena sinetsi ezinik jarraitzen dute oraindik ere.