Hasiera ezin hobea hamargarren piano jaialdiari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 27a, 12:21

Piano emanaldi bikainak eskaini zituzten Andoaingo musikariek, bai larunbatean baita astelehenean ere, piano jaialdiaren hamargarren edizioaren harira antolatu duten erakusketa tokian.
Datorrenaren aurrerapen gozagarria izan dira. Txalogarria da Seiasle taldeak azken urtetan aurrera daraman ekimena, pianoa gazteen artean sustatzeko ahaleginean.

Txiki-txikitatik hasita jada ibilbide luzea egin duten hainbat artista gazte bildu ziren Basteroko erakusketa gelan larunbatean, eguardi partean, ordebeteko ikuskizuna eskaintzeko. Pianoaren aurrean, Myriam Ulanga, Estitxu Sistiaga eta Uxue Ricon jarri ziren; zeharkako txirula Elena Gorrotxategik jo zuen; biolinarekin, berriz, Mikel Urdangarin aritu zen. Irene Soliño dantzariak, azkenik, Dionas izenburuko azken piezan hartu zuen parte, musikari ikutu estetiko ikusgarria emanez.
Liszt, Falla, Schubert, Usandizaga eta Ricon konpositoreen sormen lanak interpretatu zituzten. Robeto Muño Donostiako kontserbatorioko irakasleak Jose Mari Usandizaga musikariaren biografia laburra azaldu zuen ekitaldian zehar.
Arratsaldean, berriz, eguneko bigarren kontzertuaren txanda heldu zen, Marina Sierra, Javier G. Sarmiento, Myiriam Ulanga eta Uxue Ricon piano jotzaileen eta Rodrigo Samano biolontxelo jotzailearen eskutik.
Ulanga eta Ricon ama-alabek, lau eskutara, euskal kantugintzako hainbat abesti intepretatu zituzten ere.   
Bi musikari ospetsu
Andoaingo musika eskolan ikasten hasi ostean, jada pianoren munduan tokia hartu duten Amaia Zipitria eta Borja Rubiños andoaindarrek 4 mende, 4 eskutara izeneko kontzertua eskaini zuten astelehenean. Elkar hartuta, lau mendeetatik ezagunak egin diren zenbait musika sortzaileren obrak interpretatu zituzten: J.S. Bach, Mozart, Schubert, Tchaikvosky, Falla, Ravel, Berio eta Eulogio Saldias. Hain zuzen ere, kontzertua Saldias musikari andoaindarrak sorturiko pieza batekin amaitu zuten (Komedia edo Sainete lirikoa ekintza batean).
Ibilbide oparoa daramate bi musikariek, eta une paregabe eta pribilegiatua bizi izan zuten Basterora bertaratu ziren musika zaleek. Eurek ere egundoko poza azaldu zuten, jaioterrian kontzertua eskaini ahal izateagatik. Zipitria, egun, Musikene, Euskal Herriko goi mailako kontserbatorioko errepertorio irakaslea da, eta besteak beste, Donostiako orfeoiko piano-jotzailea. Irungo kontserbatorioan akonpainamendu irakaslea da; Opus III perkusio taldeko piano-jotzailea da, eta Euskadiko orkestrako zein Nafarroako Orkestra Sinfonikako kolaboratzailea.

Argazki erakusketa
IGANDERA ARTE ZABALIK

Igandera bitarte argazki bilduma ikusgai dago Basteroko erakusketa gelan. Bertan, aurreko bederatzi edizioetan parte hartu duten piano jotzaile gazteak, euren irakasleak, antolatzaileak, ikusleak eta gurasoak ageri dira. Jose Ignacio Unanue argazkilaria da argazki gehienen egilea. Ondo zaindutako erakusketa da, eta Veronica Ordozgoiti arduratu da diseinuaz.

PIANO JAIALDIAREN
Hamargarren edizioa

Larunbat eta igandez, ehunka piano jotzaile Bastero arituko dira, Gipuzkoako makina bat musika eskoletatik etorrita. Parte hartzaileak adinaren eta mailaren arabera igoko dira taula gainera. Goizeko nahiz arratsaldeko saioetan parte hartzaileek domina eta agiria jasoko dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!