Andaluziaren eguna larunbat honetan Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 27a, 12:20

Andaluziaren Eguna ospatuko da Triana elkarteak Nafarroa Plazan daukan egoitzan, larunbat honetan. Andaluziar jatorria dutenak edo eta besterik gabe bertako kultura gogoko duten herritarrak jai giroan bilduko dira larunbatean, egun osorako iragarrita dauden ekitaldietan. Musika eta dantza tradizionalak ez dira faltako. Eguna ondo igarotzeko lan txukuna egiten aritu dira.

Eguerdiko 12:00etan harrera egingo zaie agintariei eta bertaratzen diren herritar guztiei. Gogoan izango dituzte elkarteko hildako kideak, eta ondoren, usadio bihurtu denez, herrialde hartako ardo finarekin topa egingo dute. Segidan, bazkaria helduko da.
Arratsaldeko 19:00etatik aurrera musika eta dantza izango dira nagusi elkartean, bertan dagoen oholtzan. Elkarteko haur eta gazteek osatutako bi dantza taldek Andaluziako folklorea dantzatuko dute. Horien ondoren, Triana helduen abesbatzaren eta Mertxe Montes bakarlariaren txanda helduko da. Entzuleak dantzan, gorputza astintzen eta txaloka jarriko dituzten emanaldi horiek amaiturik, herri afarira bilduko dira guztiak.

Triana abesbatza Rocieroa
Jose Chinchilla taldeko kidea da; Antonio Oñate eta biak gitarra jotzaileak dira, abeslariei erritmoa jartzea egokitzen zaiena. Chinchillak adierazi duenez, 2011n sortu zen abesbatza. "Bi arrazoi edo premi nagusi batu ziren. Batetik, esan behar da elkarteak Andoainen antolatzen dituen ekitaldietarako, eta batez ere meza rozierorako, abesbatza behar izaten dela. Hori dela eta, iraganean, beti kanpotik ekarri behar izaten zen taldea, Lasartetik, Errenteritik... Bestetik, musika zaleak gara, eta zer arraio, elkartu eta abestuz gozatzeko gogoa geneukan!".
Bi gitar jotzaileren inguruan, hamar hamabi lagun bildu eta aurrera egin zuten. "Denak edo ia denak Andaluzian jaioak gara, gaztetan heldu ginen Euskal Herrira. Hemen bizi arren, Andaluziako doinuak odolean daramatzagu, eta gogoko ditugu horiek abestea".
Taldea irabazi asmorik gabekoa dela azpimarratu nahi du Chinchillak. Era horretan, "bi helburu sustatu nahi ditu gure taldeak: eurek ondo pasatzea, eta, Andaluziako erritmo eta doinuak zabaltzea. Urtean, zortzi bat emanaldi egin ohi ditugu. Hiru Andoainen eta Herrien arteko jaialdian, Andaluziako egunean edo eta San Juanetan. Eta gainerakoak, Errenterian, Lasarten, Arrasaten, Irunen... Gehienbat herrietako elkarte andaluziarrak gonbidatzen gaituzte".
Musikari amateurrak dira denak, "ez gara ez musikari ez abeslari trebeak, baina abestiei ahotsa jartzen saiatzen gara, munduko borondaterik handienarekin".
Andaluziako folklorearen aberastasuna aldarrikatu du, eta hortik zatitxo bat plazaratzen saiatzen direla aitortu du. "Andaluziak itsasoari begiratzen dio eta Amerika zein herri arabiarretatik edan izan du betidanik. Bere folklorean 150 erritmo ezberdin topa daitezke! Geu, sebillanak, paso dobleak eta errunbak, hiru musika mota horietako zenbait abestiekin konformatzen gara. Hortik aurrera, taldeko giroa berotzen den heinean, igual animatzen naiz Enrique Iglesiasen runba bat jotzera! Egia esan, musika, unibertsala da eta dena dut gogoko. Musika gorputzean daramat, eta oraintxe nafar talde bat jotak jotzen hasten bazait, haiengana batuko naiz batere erreparorik gabe!".     
Jose Chinchilla bera da musika gehien ikasi duena abesbatzan. "Lau urte nituela Jaen utzi eta Zubietara etorri nintzen familiarekin. Aitak, Andaluzian ikasi zuen musika eta hemen trikiti botoiduna erosi zuen. Aitaren bidetik jarraitu nahi izan nuen nik ere zaletasunari dagokionez, eta kitarra ikasi nuen. Aita eta bioi ez zitzaigun batere kostatzen sagardotegietan giroa jartzea. Euskalduna izanik euskaraz kantatzen zuen nire lantegiko nagusiak eta biok ere bikote polita osatzen genuen!".   
Chinchilla Lasarten bizi izan da urte luzez, orain bost urte Andoainera etorri zen arte. "Han Senblante Andaluz elkarteko sortzaileetako bat izan nintzen, Andaluziako kultura maite dudalako, eta Andoaineratu nintzenean ez nuen zalantzarik eduki bertako elkartean bazkide egiteko".
Oso giro jatorra topatu zuen Triana elkartean, eta ahal duen guztietan hurbiltzen da Nafarroa Plazako egoitzara, lagunartean egotera. Aiurriko irakurlea larunbateko jaialdira gonbidatzeko eskatu diogu, azkenik. "Etor dadila, nagiak eta erreparoak astinduta! Ez gara ugari bertako bazkideak, baina bai abegikorrak! Jendarteko giro atsegina eta Andaluziako doinuak eta grazia gustuko baldin baditu, ez dadila duda mudatan ibili. Gonbidatuta dago ospakizunetara. Abesti eta dantzekin gozatzeaz gain, Andaluziako gastronomia probatzeko aukera edukiko du; plater tipikoen artean, bereiziko nituzke ganbak, gazta, txorixua, kamaroiak.... Mokadu horiek denak ardo fin on batekin bustiz gero, egundoko arratsalde eta ilunabarra igoroko du".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!