Joxe Mari Olazabal: "Oso bizimodu lanpetua baina pozgarria izan dut”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 27a, 12:19

Artaldean artzaina dagoen bezala, gizarte orotan daude erreferentzia ezinbestekoak. Andoaingo gizarte mailan Joxe Mari Olazabal XX. mendeko pertsona garrantzitsuenen artean kokatu behar da. Xume eta lana gogotik eginez, gizarte estaldurak lortzen ehunka herrikideri laguntza eskaini zien. “Pobreen abokatua” ezizena Extremadurako gizon batek jarri zion, betiko iraungo duen adiera ezin zuzenagoa.

Herrigintzan nahiz lagun hurkoari emana, langile amorratua izan zen gaztetandik Joxe Mari Olazabal. 2009an Aiurriri egindako elkarrizketan, ohiko zuen irribarrea ahoan, bere bizitza esaldi bakarrera ekarri zuen: “Oso bizimodu lanpetua baina pozgarria izan dut”. Elkarrizketa hartan hainbat aipamen egin zituen, hil ondoren gogora ekartzea merezi dutenak:

Iñaki Arregi
“Jaioz geroztik, Iñaki eta biok elkarren ondoan bizi izan gara beti: eskolan elkarrekin, JOC-en elkarrekin, zinegotzi elkarrekin, pilotan elkarrekin… Beti lotuta, oso lagunak gara”.

Juventudes Obreras Catolicas
“Mundu honetara jaio gara eta zer egin behar dugu: lasai arraio bizi edo zerbait egin?, galdetu nion nire buruari. Garai hartan izugarrizko zortea izan genuen JOC ezagutzean. Guretzat eskola handia izan zen. Orduko Compromiso temporal delakoa munduko arazo guztiekin konprometitzea zen: politikan, kulturan, sindikalismoan, gizartean nahiz kirolean parte hartzea”.

Lagun hurkoa
Ondokoa laguntzen eta maitatzen ikasi genuen gaztetan eta, besteak beste, Andezarrateko gaixoei bisitak egiten genizkien.
Langile mugimendua
“Klandestinitatean aritu ginen. Greba askotan hartu genuen parte; ez greba zaleak ginelako, behartuta baizik. Langileak oso baldintza txarretan zeudela ikusten genuen eta borroka egin behar genuela zulo horretatik ateratzeko”.

Pobreen abokatua
“Extremadurako gizon batek jarri zidan izen hori. Geroztik jendea etxera etorri eta abokatuagatik galdetzean, argi uzten nuen beti ez nintzela abokatu”.

Gizarte estaldurak
“1946 urtean pentsioak oso txikiak ziren eta askok pentsiorik ere ez zuenez, 70 edo 75 urtera arte egiten zen lana. Instituto nacional de la Seguridad Social-ekin lan mutualitateak sortu zirenean, lagun batek lan ederra egin genezakeela esan zidan: langile batek zer zekik bada lege berri horien inguruan? Inpresoak bete behar eta ez dakite betetzen eta! Modu horretan hasi ginen eta zientoka kasu eraman dugu aurrera: Alargun zeudenak, jubilatu nahi eta zein pentsio egokituko zitzaien ez zekitenak, lan istripuak izandakoak… Etxean hartu eta bakoitzak bere egoera azaldu ondoren laguntzen saiatzen nintzen”.

Gaurko gazteak
“Jakina, beste garai bat bizitzea egokitu zaie: gauza asko eginak bilatu dituzte, estudio aldetik zer esanik ez. Gu hamabi urte betetzerako hasten ginen lanean. Gerora langileen eta pobreen alde egin genuen apustu”.

36ko Gerra
“Zortzi urte nituen gerra garaian baina, atzo izan balira bezalaxe gogoratzen ditut hemengo bonbardaketak. Aurreneko bonba gu bazkaltzen ari ginela bota zuten. Beste batean, frentea Buruntzan gelditu zen eta zortzi egunean izugarrizko borroka izan zen, hildako dezenterekin. Gogorra izan zen gerra baina gogorragoa ondorena”.

 

Joxe Mari Olazabal, gizon eredugarria

XX. mendearen erdialdera ongizatearen gizartea Andoainera iristen laguntzeko Joxe Mari Olazabal eta bere adiskideak gogoratzea ezinbestekoa da. Ikasketa eta jakinduria gutxi baina behar gorria zuten dozenaka lagunei laguntza eskaini zieten alor ezberdinetan. Behartsuenen alde nabarmendu zen, eta hortik zetorkion “Pobreen abokatua ezizena.

Joxe Mari Olazabal Iñurritak berrogeita hamar urtetik gora eman zuen Andoaingo herritarren alde lan itzela egiten. Ongizatearen gizartea errotzen ari zen urteetan bidegilea izan zen Andoainen. Pentsioa, jubilazioa, bajak,... laguntza eske joan zitzaion askori eman zien bere laguntza kualifikatua. “Berdin zitzaion jatorriz andoaindarra zen edo munduko beste puntakoa, kristaua zen ala musulmana edo ateoa, ikaragarria izan da gizon honek egin duen lana”, horixe nabarmendu zuten 2010ean Udalak eskaini zion Andoaingo Domina ematerakoan.
Ekitaldi hartan haren ekarpenen zerrenda zehatza egin zuten. 59 urtez hainbat alorretan buru-belarri jardun baitzuen, garai bateko langileen eskubideen alde, Andoaingo udaletxean, Euskalduna kirol elkartean, nola, bereziki, Caritas erakundearen baitan behar gorria zutenen alde.
2010eko azaroaren 27ko ekitaldian eskaini zituzten merezimenduen artean, gizarte mailan egindako lana gogora ekarrita, erraz har dakioke irakurleak Olazabalek egindako lanari neurria. Tamaina handikoa, ezinbestean: “Gizarte Segurantza ez zen 1966. urtera arte legez sortu, eta ordura arte oso konplexua zen aseguru eta gizarte estaldurekin zerikusia zuen kudeaketa lana. Ordura arte Instituto Nacional de Previsión erakundeak bere baitan hainbat aseguru eta babes estaldura jasotzen zuen, bakoitzak bere araubide, ezaugarri eta baldintzekin.
Eta hauxe izan zen bereziki Joxe Mari Olazabalek bere gain hartu zuen lana, ehundaka herritarri bere lan eta gizarte egoerak, bere gaixotasun, ezintasun eta zahartzaro-sariak eskuratzen laguntzea, izapide eta kudeaketa guztiak egitea hasieratik amaieraraino.
Erraz uler liteke, beraz, zergatik den hain ezaguna Andoainen Olazabalen itzal babesle hori, zergatik hain zabala bere ekimenaren oihartzuna, eta zergatik herritar askok ezagutzen duten Pobreen abokatua ezizenarekin. Olazabalek eliza katolikoaren baitan aurkitu zuen ia haurtzarotik bere hezibiderako eta ekimenerako leku aproposa. Hezibide horretan goiburu nagusia izan zuten: hezibidea ekintzagatik eta ekintzarako”.
Olazabalek hunkituta eta pozik jaso zuen Udalaren ohorezko aitortza hori, zehaztasun bat erantsiz: Bere burua taldean kokatu zuen, lagun taldean. Alegia, Domina ez zela berea bakarrik, baizik eta belaunaldiko beste kideena ere bazela. Omenaldia soilik horrela ulertzen bazen, Domina jasotzeko prest zegoela adierazi zuen. Taldea aipatzean ezinbestean gogoan zituen Iñaki Arregi koinatua, Irene emaztea, Emilio Trutxuelo eta beste zenbait herrikide eta lagun.

Bizirik zegoenean egindako lanaren aitortza jaso zuen

Aiurri Aipamen Bereziak
2009ko otsaila

Aiurri aldizkariak hainbat urtez “Aiurri aipamen bereziak” ekitaldia antolatu zuen gizarte, kultur eta kirol mailako eragileei esker ona adierazteko. Ohorezko aipamena jaso zuen Olazabalek, Manuel Larramendi Bazkunak proposatuta.

Andoaingo Udalaren Domina
2010eko azaroa

Andoaingo Udalak bere ohorezko aipamenetakoa duen “Andoaingo domina” eman zion Olazabali, hamarkada luzez egindako lana aitortuz. Ekitaldi horretan omenduak aitortza belaunaldi oso bati egiten zitzaiola adierazi zuen.

Joxe Mari Olazabalen bidea
2011ko abendua

Andoaingo Caritas taldeak 2011n omenaldi ekitaldia antolatzeari ekin zion, hurkoaren alde lan egiten dutenei bozgorailua eman asmoz. “Joxe Mari Olazabalen bidea” izena du ekitaldiak, eta lehen edizioa Olazabal bera eta bere belaunaldia omendu nahi izan zituzten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!