Langardako arazoari behin betiko irtenbidea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 26a, 11:16

Uste baino gehiago luzatu dira ikerketa eta eztabaida lanak, baina azkenean badirudi Langardako batzorde bereziak eremu horri irtenbidea behingoz aurkitu diola. Izan ere, berriki Udal ordezkari guztiek aho batez onartu dute Udalak Amenabar enpresarekinkonponbidea ekarriko lukeen hitzarmena sinatzea.

Hernani aldera dauden etxeen saneamendu arazoei konponbide teknikoa ematea adostu da, eta baita konponbidea nola gauzatu hitzartu ere. Gauzak horrela, urte luzez konpondu gabeko arazoari irtenbidea emango diote. Izan ere, harrigarria bada ere, gaur da eguna Langardako etxebizitzek bizigarritasun baimenik gabe daudela. Urte hauetan guztietan herritar askok garai hartako Udal agintariak eta etxeak eraikitzeaz arduratu zen Amenabar enpresa kritiken erdian kokatu dituzte.
Erabakia uste baino beranduago iritsi da, 2012ko maiatzeko Udal batzarraldian Langardako batzorde berezia osatzea onartu baitzuten. Orduan adierazitakoaren arabera, ordezkari politikoek auziari bi hilabeteko epean irtenbidea ematen hasi behar zioten. Atzean geratu ziren, ordea, 2012a, 2013a eta baita 2014a. Eta zertan joan da denbora hori? Bada, ikerketa lanetan, txostengintzan eta informazio pilaketan. Agintaldiaren hasieran konpontzekoa zen arazoa, agintaldiaren amaieran konponduko da.
2012ko udaberrian Bilduren eta PSE-EEren eskariz, “Langardan zeuden hirigintza hutsegiteak presazko izaeraz eta lehentasunez konpontzeko gaia landuko duen batzorde berezi bat eratzea” eskatu zuten. Eskariarekin bat egin zuen azkenean EAJ-PNV taldeak ere. Orduan erabakitakoaren arabera, Bilduko Xabier Yurramendi zen batzorde horren  lehendakaria. EAJ-PNVk eta Bilduk bina ordezkari izan dituzte bertan, eta PSE-EEk bakarra.
Batzordearen zereginen artean hauexek aipa daitezke: hirigintza hutsegiteak eragindako kalte eta ondorioen zenbatekoa zehaztuko lukeen finantza-txostenak eskatzea edota hirigintza hutsegiteak konpontzeko aurkez litezkeen proposamen edo irtenbide teknikoak ikertzea.
Batzordeak lanak amaitu dituela esan daiteke. Otsailaren 18ko Udal batzarraldian udal talde guztiek urbanizazioaren arazoak konpontzeko Amenabar enpresarekin sinatuko den hitzarmena aho batez onartu zuten. Onarpen horri jarraipen zorrotza egitea eskatu dute sozialistek, arazoak denboran irtenbiderik ahalik eta azkarrena izan dezan.

 

ORDEZKARITZA DUTEN ALDERDI POLITIKOEN BALORAZIOA

Urnietan azken hamarkada luzean Langardako etxebizitzen eraikuntza eta urbanizazioa hamaika arazo eta kexaren sorburu izan da. Etxe haietako jabeek ur zikinak eta saneamendu sarea behar bezala egin gabe eskuratu zituzten giltzak. Orduz geroztik ez ohiko egoeran bizi izan dira. Akordioa lortuta, gaur egun ordezkaritza duten alderdi politikoek iritzia eman dute.

EAJ-PNV
“Albistea oso positibotzat hartzen dugu, Udalak eta Amenabar enpresak Langardako gaiaren inguruan sinatuko duten lankidetza hitzarmenarekin, saneamendu sarearekin izandako arazoa konpontzeko giltzarriak adostu baitira. Amenabarrek sare publikoan eta Langardako bizilagun bakoitzaren partzelan dauden arazoak konpontzeko konpromisoa hartzea lortu dugu”.

PSE-EE
“Pozik eta gustura gaude hitzarmen berriarekin, batzorde asko eta prozedura gehiegitxo igaro ondoren aho batez onartu delako. Gune horretako eremu publikoari zein pribatuati irtenbide integrala emango diogulako. Arrazoia ematen zaigu, bere garaian eremu hori Udalari aurkeztutako egitasmoa bete gabe eraiki zutelako. Batzordeak lan egiten jarraitzea eskatu dugu, lanak bere onera emateko eta beharrezko diren erantzukizun teknikoak eta politikoak eskatzeko. Bereziki bere garaian Udal ardurak izan zituzten EAJ-PNVko alkatea, zinegotziak eta talde politikoa bera”.

EH BILDU
“EH Bildukook batzordearen gidaritza eman dugu eta gustura gaude egin dugunarekin, eta baita lortutakoarekin ere.  Ardura politikoak daudela ahaztu gabe, indarrak konponbide bat bilatzera bideratu ditugu. Amenabar enpresak lanak burutuko ditu eta etxeetako jabeek baimenak lortuko dituzte. Oraindik ere lana badu batzordeak. Obren proiektua eta obrei jarraipena egin beharra dago eta lanean jarraituko dugu. Mugarri garrantzitsu bat jarri arren, prozesua ez da amaitu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!