Berdintasunaren aldeko kalejira, martxoaren 7an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 26a, 11:13

Martxoaren 7an, larunbatarekin, “Martxoak 8 emakume” kalejiraren edizio berria egingo dute eguerdiko 12:00etan hasita. Hauexek aurtengo protagonista nagusiak:

Astearte arratsaldean Basteron egin zuten aurkezpen ekitaldian, “Martxoak 8 emakume” kalejiraren lekukoa emango dutenen pertsonen eta taldeen aurkezpena egin zuten. Agerraldi parte hartzailea izan zen, kalejiran protagonista izango diren askok beren esperientzia jendaurrean agertzeko aukera izan zutelako. Datorren larunbatean, martxoak 7, Andoaingo kaleetan barrena berdintasunaren aldeko kalejira koloretsua burutuko da. Lekukoa eramaten ibiliko dira, besteak beste, baserria, kirola, euskara, kultura edota hezkuntza mailako pertsonak eta elkarteak. Elkarteei dagokionez, Axeri Dantzako taldearena aipagarria da. Datorren larunbateko kalejiran emakumezkoez gain, dantzan egiten duten gizonezkoak ere gogoan hartuko dituzte.

AITORTZA JASOKO DUTENAK

  • Baserria: Ixiar Oiartzabal. Garagorri baserrikoa (Leiozotz auzoa). Andoainen geratzen den esne partitzaile bakarra.
  • Osasuna: Elena Lertxundi. Andoaingo osasun zentroan herritarrei eskaintzen dien harrera abegikorragatik.
  • Industria: Maria Ormazabal, Maria Erkizia, Anbroxi Ponce eta Rosario Guiu Laborde lantegian lan egindakoak gizonak nagusi ziren eremuan.
  • Berdintasunaren alde lan egin duen taldea: Axeri Dantza elkartea. Andoaingo folklorean berdintasunaren alde emandako urratsengatik.
  • Kirola: Rosa Luena eta Eva Pelaez korrikalariak.
  • Kultura: Alberto Agirre abesbatza. Herrian abesbatza bakarra urtetan, mistoa eta hainbat ekitaldietan parte hartzen duelako herrian.
  • Zaintza: Galardi haurtzaindegiko emakume hezitzaileak.
  • Euskalgintza: Andoaingo AEK euskaltegia. Herritarra euskalduntzen emakumeen parte hartze zuzen eta nagusia.


Kalejira martxoaren 7an Bastero plazatik abiatuko da eguerdiko 12:00etan, Goikoplazan amaitzeko. Bertan ekitaldi nagusiarekin amaiera emango zaio “Martxoak 8 emakume” kalejirari. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!