Adunako Udala 2007 urtetik da Udalsarea 21en kide. Urte hartan onartu zuen Udalak herriko garapen jasangarriaren aldeko bere I. Ekintza Plana eta 2013tik, herriak badu ekintza plan berria (Adunako plan estrategikoa), 2020 urtera bitarteko garapen beharrei egokitzeko.
Adunako Udalak diploma irabazteko, beste 40 udalerrirekin eta eskualde-erakunde batekin bere borondatez parte hartu du tokiko agendaren kalitatea zehazteko analisi batean. Neurketa horretarako, Udalsarea 21ek sortutako ebaluazio-sistema bat hartu dute kontuan: Tokiko Agenda kalitatea, Tak21.
TAK21 ebaluazio-sistemak bost faktore hartzen ditu kontuan, behin betiko kalifikazioa zehazteko: estrategikoa, zeharkakotasuna, partaidetza publikoa, operatiboa eta jasangarritasun-adierazleak.
Aipamen bereziak
Parte hartu duten udalerri guztiek diploma jaso dute, eta, horrez gain, aipamen bereziak eman dira ebaluazio-sistemak neurtzen zituen faktore bakoitzeko. Tolosak udalerrian jasangarritasun-politikak ezartzeko barneko egituraren eta antolaketaren aipamen berezia eskuratu du; Gasteizek, udalerrian jasangarritasun-politikak antolatzeko eta betearazteko aipamena; Maruri-Jatabek, ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-kalitatearen emaitzak hobetu izanagatik; Durangok, azkenik, bi aipamen izan ditu: partaidetza publikoa eta gardentasuna sustatzeagatik, eta jasangarritasun-politikak ezartzeko garaian izandako ikuspegi osoagatik eta lidergoagatik.
«Tokiko jasangarritasun-politikak erabat garatzea funtsezkoa da eskualdeak hazkunde-eredu global jasangarriago batera aldatzeko bidean protagonista izan daitezen», nabarmendu du Ana Oregik.
TAK21en faktore estrategikoak, beste hainbat alderdiren artean, lidergo politikoa eta tokiko ekintza-planaren izaera integrala neurtzen ditu, bai eta tokiko agenda gainerako toki-politikekin zer-nola dagoen lerrokatuta ere. Zeharkakotasunak jasangarritasun-politikak udal bateko sail guztietan aplikatzearen bultzada eta inplikazio teknikoa hartzen ditu kontuan. Partaidetza publikoak herritarren parte-hartze aktiborako mekanismoei erreparatzen die, baita lortutako dinamismo-mailari eta parte-hartzaileen aniztasunari eta ordezkagarritasunari ere. Faktore operatiboak tokiko ekintza-planaren formulazioa balioesten du: kalitate-maila, bideragarritasuna eta egokitzapen-maila, gauzatze-maila eta Aalborgeko Konpromisoak betetzeari egindako ekarpena, besteak beste. Eta, azkenik, toki-jasangarritasuneko faktoreak ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-kalitatean izandako hobekuntza kuantitatiboak neurtzen ditu.