Pribatizazioaren mehatxupean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 20a, 15:17

Madrilgo gobernuak Erregistro Zibilaren kudeaketa Merkataritza Erregistratzaileen esku uzteko asmoa dauka. Estatu osoko Erregistro Zibiletako langileak erabaki horren kontra jarri dira zerbitzu publikoa pribatizatu egin nahi dela esanda, eta Udaletan mozioak aurkezten ari dira. Ramon Iriarte Andoaingo Bake epaileak egoeraren berri eman dio Aiurriri.  

Andoaingo Erregistro Zibileko langileek mozioa aurkeztu zuten Udalak urtarrilaren 29an egin zuen osoko bilkuran. Aurrera egin zuen mozioak, PPren ordezkariaren ezetzarekin eta gainerako alderdien babesarekin. Mozioaren arabera, Andoaingo Udalak, Merkataritza Erregistratzaileei Erregistro Zibilaren kudeaketa ematen dion uztailaren 4ko 8/2014 Errege dekretu legearen aurkako jarrera hartzen du. Aldi berean, bi eskaera egiten ditu Udalak: Lehenengoa, Madrilgo gobernuari: Erregistro Zibiletako bulegoek orain arte bezala zerbitzu publikoa eta doakoa ematen jarrai dezaten. Bigarrengo eskaera, Jaurlaritzari zuzentzen dio: Erregistro Zibilak kudeatzeko eta betearazteko eskumenak jasotzeko negoziazioak azkartu ditzala.
Andoainen Bake Epaitegia eta Erregistro Zibila bat eginda daude. Beren funtzioen artean, jarduera penal eta zibileko kudeaketa osoa egitea dago.
Dekretua indarrean jarriko balitz, langile bakar bat geratuko litzateke Andoainen. Iriartek argi dauka helburua Bake Epaitegiei egungo zereginak kentzea dela: "Murrizketa gehiago etorriko dira etorkizunean: barruti judizial gehienen desagerketa adibidez, epaitegiak soilik hiriburuetan kokatuko direlarik".
Oraingoz, Erregistro Zibilen pribatizazioak zenbat lanposturen galera ekarriko duen zehaztuta dagoela adierazi du Iriartek: "3.500 lanpostu publiko, egin diren ikerketen arabera".

Administrazio publikoaren erreforma
Asun Guerra PPko zinegotziak Udalaren osoko bilkuran adierazi zuenez, dekretuarekin Administrazio publikoa modernizatu nahi da, operatiboagoa eta eraginkorragoa bihur dadin. Iriartek aitortzen du erreforma baten beharrean direla Erregistro Zibilak. "Logikoa da administrazioan gastuak murriztu nahi izatea; Andoaingo Erregistro Zibilak, esaterako, hiru langile ditu gaur egun, baina ez dago guztientzako adina lanik. Nolanahi ere, erreforma horretarako bideratu nahi diren neurriak auzitan jartzen ditu. Dekretuaren atzean dauden arrazoi edo interesak zeintzuk izan daitezkeen susmatu egiten du: "ez dakit kasualitatea den ala ez, baina Rajoy eta bere bi anaia zein dekretuaren bultzatzaile izan zen Gallardonen erraina erregistratzaileak dira. Jakina, etxebizitzen salerosketen arloan mugimendua izugarri jaitsi denez, merkataritza erregistratzaileen lana ere behera etorri da...".
Erregistratzaileak, berez, ez dira funtzionarioak. Fede-emaile publikoak dira, notarioen antzera. Monopolioa daukate arlo horretan. Ez daukate estatuaren soldatarik, ezartzen dituzten tasetatik bizi dira. Plazak oso mugatuak daude, eta egun, estatuan, 800 bat merkataritza eta ondasun erregistratzaile dira.

Tasekin ala doakoa?
Erregistro zibileko langileek adierazi dute erregistratzaileek tasak jarriko dituztela egun doan eskaintzen den zerbitzua ematearen truke. Bat egiten du iritzi horrekin Iriartek: "Egia da dekretuak zerbitzua doakoa izaten jarraituko duela adierazten duela. Baina horrek ez dauka zentzurik: erregistratzaileek langileren bat-edo zerbitzu horretara espreski bideratu beharko dute; hots, soldata bat gehiatu beharko du bere enpresan. Gauzak horrela, non legoke negozioa?".  
Erregistratzaileen kolektiboan zenbaitek zalantzak agertu izan dituztela adierazi du Iriartek: "esku beltzen bat badabilela aipatzen dute, baita pelotazoa ere, zeinean 80 milioi euro mugituko lituzkeen erregistroen jardueran".  
Bestalde, Iriartek auzitan jartzen du langile horrek zeregina egoki beteko lukeenik. "Konplexuak dira Erregistro Zibiletan landu behar diren zenbait espediente; horiek, Erregistro Zibilaren arloan espezializazioaren jabe diren eskarmentu handiko langileek kudeatzen dituzte".

Kexak
Herritarrek Erregistro Zibilei egiten dizkien kexak (atzerapen administratiboak, ilarak...) ere aipatu zituen Guerra zinegotzi popularrak Udal batzarrean, dekretuaren alde jotzeko. Ramon Iriartek ukatu egin du arrazoi hori, Andoaingo egoitzari dagokionez behintzat. "Herritarrengandik gertutasuna da eskaini dezakegun ezaugarririk handienetakoa, eta alde horretatik, gurean, egunean bertan egiten ditugu tramite asko. Gure eskumenetik kanpo geratzen direnak, berriz, goragoko instantzietara bidaltzen ditugu, eta kasu horietan irauten dute irauten dutena, alegia, administrazioak zeregin horietarako jarri dituen langileen ahalmenek eta lan kargak agintzen dutena".
Atzera begira jarrita, Andoaingo bulegoan orain urte batzuk oihartzun handia eduki zuen kexa ekarri du gogora Iriartek: "jaiotzetan izen-emateak euskaraz egiteko eskubidea eskatu zitzaigun. Gu prest geunden eskubide hori gauzatzeko, baina kontua zen erregistroko sistema informatikoa ez zegoela egokituta. Sistema berria ezarri behar izan zen orduan, eskubide horri bide emanez".

Inbertsio publikoa, pribatizatzea
Azken urteetan Erregistro Zibilak modernizatu asmoz egindako inbertsioa esku pribatuetara pasatzea ahalbideratuko duela dekretu honek, gogoratu dute mozioaren aurkezleek. Euren salaketaren arabera, diru publikotik 128 milioi euro "oparituko" zaizkie merkataritza erregistratzaileei.
Andoainen ere ez da asko berritu zela sail informatikoa, Iriarteren esanetan. "Kale borrokaren garaietan, Erregistro Zibilen bat edo beste erasotu ziren, eta orduan, zenbait bake epailek alarma gorria piztu genuen: paperezko agiri ofizial guztiak errez gero, eskuratu ezinda geratuko gara! Horrela Jaurlaritzak diru partida bideratu zuen digitalizazioan laguntzeko. Andoainen egitasmoa Jaurlaritzaren eta Udalaren artean finantzatu zen. 50.000 euroko gastua izan zen, oker ez banago".     
Erregistro Zibiletako langileek beste bi arrazoi plazaratu dituzte, dekretuarekin haserre egoteko. Datu babesaren segurtasun faltarekin zerikusia du batak. Merkataritza Erregistroko langileek herritarren datu pertsonaletarako sarbidea edukiko dute, nahiz eta ez izan funtzionario publikoek dituzten isilpeko eta sekretuko betebeharrik. Bestalde, Erregistro Zibiletan gordetzen diren historia pertsonalerako, familiarrerako eta herri gisa dauden datuetarako sarbidea murriztuko dela uste dute; izan ere, herritarren arbasoen, haien jatorriaren eta bizimoduaren gaineko informazioa aurki daiteke bertan.

 

ANDOAINGO BULEGOKO LANGILEEN IDATZIA

Mozioarekin batera, Andoaingo bulegoko langileek aurkeztu zuten idatzian, Erregistro Zibilaren lan ardurak azaltzen dira: "Erregistro Zibilak gure bizitzaren gertaera garrantzitsuenak jasotzen ditu. Bertan erregistratzen dira norberaren jaiotza, ezkontza, seme-alabak eta heriotza. Hasierako inskripzioa aldatzea eragiten duten bizi gorabeherak jasotzeko espedienteak ere hor tramitatzen dira: hots, aitatasun edo amatasun aitortzea; adopzioa; ezgaitasun-deklarazioa; tutoretzak; izen, abizen edota sexu aldaketak; nazionalitatea eskuratzea; pentsio publikoak edo aseguruak edo osagai pribatuak edo enpresarenak kobratzen jarraitu ahal izateko gure nagusiek hain beharrezkoa duten bizi-agiria ematea. Horregatik, funtzionario publikoak izan dira Erregistro Zibila eraman dutenak betidanik; eurek bermatzen dituzte jasotako datuak, eta ere berean, legalki dagozkion pertsonari haien eskuratze libre eta doakoa".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!