“Festa eta saltsa guztietan parte hartzea gustatzen zait”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 20a, 13:52

Andoain mailan pertsona ezaguna da Joseba Arabaolaza herritarra. Herrigintzan, festa alorrean, ekimen ugaritan hartzen du parte. Saltsa guztietako perrexila dela dio.

Donostian jaio bazen ere, andoaindar petoa da Joseba. Kaletxikin urtebetez bizitu ondoren, Sorabilla auzora igaro zen familia eta bertan igaro zuen bere haurtzaro eta gaztaroa. Egun, berriz, Zumea kalean bizi da. Herriko ekimen ezberdinetan parte hartzea gustatzen zaio eta saltsa guztietako perrexila dela aitortu du. “Festa eta saltsa guztietan parte hartzea gustatzen zait niri. Saltseroak gara guztiok etxean eta ikusitakoa jaso dut nik ere. Barrutik ateratzen zait festarako grina eta umorea”, adierazi du. Bada, Inauteriak igaro berri direnean, beste herritar askorekin batera, festa sortzaile izan da Joseba ere Andoainen. Azken hamabost urteotan Joxe Barberena, haren emaztea eta beste bikote batekin batera antolatzen du mozorroa. “Joxe taldeko kideak gara eta arrantzalez jantzita ibili ginen aurtengo Inauterietan. Goizean atera, bazkaldu eta konpartsarekin desfilea egin genuen ondoren. Ederki, oso gustura pasa genuen”, azaldu du. Azken urteotan Andoaingo Inauterietako larunbateko desfilea indarra hartzen ari dela uste du eta pozgarria iruditzen zaio hori. “Iaz baino partaide gehiago izan da aurtengo kalejiran. Desfilean parte hartzen eta karrozak prestatzen hasi dira gazteak ere”.
Inauterien aurretik, Kaldereroen kalejiran urte askoan parte hartutakoa da Imanol Etxeberria lagunarekin batera. 1987 urtetik 2005era eta 2007tik 2012ra. Erregina eta damaren paperak bete zituzten urte horietan guztietan zehar. “Jendearen parte hartzerik ez zegoelako utzi genuen urtetako ohitura hura, baina ez aspertu egin ginelako. Kaldereroetako kalejira itxurazkoa izan dadin, gutxienez 100 pertsona bildu behar dela uste dut, pobre geratzen baita bestela”.

Kaletxikiko festa batzordean
Andoaingo festen antolakuntzan ere aurpegi ezaguna da Josebarena. Sorabillako festa batzordean hasi bazen ere, azken urte hauetan Kaletxikiko festen prestakuntzan aritzen da buru-belarri, “16 urte nituela hasi nintzen Sorabillako festak antolatzen eta hamar bat urtez aritu nintzen langintza horretan. 2007 urteaz geroztik, ordea, Kaletxikiko festa batzordean ari naiz. Talde sendoa osatu genuen, -futbol talde bat bezalakoa-, eta azken urteotan, galtzen ari ziren Kaletxikiko festak indartzea lortu dugula esango nuke. Hamar bat lagunek osatzen dugu batzordea eta Ontza elkarteko zuzendaritzako beste hamar lagunek, hogei bat guztira. Martxoaren erdialdean hasiko gara prestaketa lanetan”.  Normalean, festak antolatzen beti jende berdina aritzen den arren, azken aldian gazte batzuk ere hasiak dira eta laguntza hori beharrezkoa dela uste du, “bestela ez baita posible”. Ontzako kideekin elkarlanean, Kaletxikiko festez gain, Sanjuanetako txirrindulari lasterketa ere antolatzen dute, besteak beste.
Gogoa izanez gero, Andoainen nahikoa festa badela uste du Josebak. “Andoainen, auzoz auzo hartuta, zortzi festa ezberdin izaten dira urtean zehar”. Hala ere, herria oso luzea denez, bakoitza bere auzoko festetara mugatzen dela dio eta oso lan zaila dela herritar guztiak elkartzea. Josebak, uztailean izaten diren Kaletxikiko festak bizi ditu gehien. “Tope ibiltzen naiz haietan. Baina esandakoa, festak antolatzeak lana eskatzen du. Martxoan hasi eta uztailera arte astean behin behintzat elkartu beharra”.

Apar festa, haurren gozagarri
Imanol Etxeberria laguna eta biak Lanzaroten zirela, apar festa batera joan eta sistema hark izugarri erakarrita, antzeko makina bat egitea pentsatu zuten hemengo haur eta gazteen gozamenerako. “Bertako arduradunarekin hitz egin eta nola egin genezakeen azaldu zigun. Azalpen haiek kontuan hartuta eta Interneteko laguntza baliatuz egin genuen lehen makina aitak eta biok, baina ez zen ondo atera. Makina bat erostea erabaki genuen orduan eta haren antzeko beste bat egitea. Orain apar festa egiteko bi makina ditugu. Patxi Mendikute eta biok gara sozio”. Udan eta umeei zuzenduta bereziki ateratzen dituzte bi makina horiek kalera. Gustuko denborapasa da apar festa antolatzea Josebarentzat, “oso gustura ibiltzen dira umeak. Haiek apar festa bakarrik nahi izaten dute jaietan. Helduentzat ere antolatu izan dugu apar jaialdiren bat deitu izan gaituztenetan”.

Film laburreko aktore
Tangoa dantzatzeko bakarrik ez, film labur bat grabatzeko ere aprobetxatu zuen Buenos Airesko egonaldi hura. “Diego Martinsen argentinarra familiako laguna da, hango bideo eta zine eskolan aritzen zen eta labur bat grabatzea proposatu zidan. Baiezkoa eman nion, noski, eta oso esperientzia aberasgarria izan zen”. ‘La pandilla’ izena du Diego Martinsenen zuzendaritzapean grabatutako lanak eta Youtube kanalean ikusgai dago. Drogen munduarekin lotutako laburra da, taberna batean grabatutakoa.  “50 ordu pasatxo segidan igaro genituen taberna hartan. Oso ondo pasatzeaz gain, ikasteko ere ondo etorri zitzaigun aukera hura”. Harrera ona izan zuen  lanak eta sariren bat jaso ere bai.

Ehizarekin lotutako lanak
Sekula ehiztaria izan ez bada ere, ehizari lotutako lanetan aritu da Ontza elkarteko kideekin batera; besteak beste, ehiza postuak antolatu eta txukuntzen edota festetan ehiza tiraketetako antolakuntzan laguntzen. “Sanjuanetan kaiolako galeper-tiroa antolatu izan dugu urtetan eta Sanpedrotan plater-tiroa Belkoaingo harrobian. Tiraketa horietako prestaketetan astolanak eginez laguntzen dut nik”. Zaletasun horiek guztiekin batera uztartzen du garraiolari lana. Izan ere, obra ezberdinetara makinaria garraiatzen egiten baitu lan, Gipuzkoa mailan. Argi utzi nahi du etxekoen babesari esker egiten duela egiten duen guztia.

Tango dantzari
Zaletasunen artean, tangoa dantzatzea oso gustuko du Josebak. Orain zazpi urte pasatxo hasi zen areto dantzak ikasten Joseba Pagola eta Bakartxo Arabaolaza arrebaren dantza akademian. Dantzen artean tangoa landu izan du batik bat, baina bestelako areto dantzak ere dantzatzen ditu, tartean saltsa edota merengea. “Dantza sentsuala eta sentimentala da tangoa, oso polita”. Baina ondo dantzatzea zaila dela dio, “tangoa ikasteko sekretua bakarra da: ordu asko eta asko dantzan aritzea. Nik zazpi urte daramatzat tangoa ikasten eta oraindik ere asko daukat ikasteko”. Festa edo jaialdietan bere kabuz aritzen da tangoa dantzatzen, ez txapelketatan. “Hileko bigarren eta laugarren asteburuetan milonga dantzaldia izaten da arrebaren akademian eta laurogei bat lagun gerturatzen da tangoa dantzatzera. Behar denean laguntzen aritzen naiz asteburu horietan eta tartea dudanetan, baita dantzan ere. Gainerakoan, Josebak eta arrebak Zestoan urtero antolatzen duten internazional mailako Baztango jaialdia antolatzen ere laguntzen diet. Leku ezberdinetako 200 pertsona inguru etorten da tangoa dantzatzera. Tango dantzarien kontzentrazioa izaten da”. Inguruan ez ezik, Buenos Airesko milonga onenetan tangoa dantzatutakoa da andoaindarra. “2008an Argentinan izan nintzenean, orain baino gutxiago nekien tangoa dantzatzen, baina saiatu egin nintzen orduan ere”.

Laburrean:
Joseba  Arabaolaza Lasa

  •     Andoaindar petoa, 1970
  •     Lanbidez, garraiolaria
  •     Inauterizale amorratua
  •     Kaldererotako dama urte luzetan
  •     Kaletxikiko festa batzordeko kide
  •     Festa antolatzaile eta sortzaile
  •     Apar festako sozio
  •     Tango dantzari eta jaialditako laguntzaile
  •     Film laburreko aktore
  •     Ehizarekin lotutako ekimenetan laguntzaile
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!