Kultur truke gogoangarria izan zuten andoaindarrek Georgian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 20a, 11:49

Aiora Perez eta Irene Cardaba Georgian izan ziren azaroa amaieran, astebetez. Kultura ezberdinak ezagutu eta gurea hara eramateko aukera izan zuten.

Nolatan joan zineten Georgiara?
Aiora:
Sarean albiste bat ikusi genuen, Europar Komisioak azaroako azken astean Erasmus Plus programa antolatu zuela eta bidaia bekaren bidez finantzatuta zegoela zihoena. Donostiako gobernuz kanpoko Kaebnai erakundeak egin zuen deialdia. Oinarriak begiratu eta, zehazki zer zen jakin gabe, izena eman genuen. Hortik gutxira, aukeratu egin gintuztela esan ziguten. Ondoren, bilera bat eduki genuen beraiekin eta, bat-batean, Bilboko aireportuan maletarekin ikusi nuen nire burua, zertara nindoan ondo jakin gabe.
Irene: Oso orokorrean kontatu ziguten bertan egin behar genuena; kultur truke bat egitera gindoazela eta helburua gure kultura Georgian aukeztea zela azaldu ziguten.

Zerk bultzatu zintuzten hara joatea, ez bazenekiten ziur zer egin behar zenuten?
A.:
Agian, horrexek; ezjakintasunak eta, batez ere, beste herrialde bat ezagutzeko aukerak. Hasiera batean Georgia non zegoen ere ez nekien, baina mapan begiratuta, Itsaso Beltzaren ondoan zegoela ikusi nuen, Asia eta Europaren arteko mugan. Aukera polita zen bidaiatzeko eta, gainera, guztia antolatuta zegoen. Bost pertsona elkarrekin gindoazen eta horrek segurtasuna eman zigun.

Zer egin zenuten han?
A.:
Hezkuntza ez formalaren bitartez, herrialde ezberdinetako jendearekin elkartu ginen. Italia, Turkia, Armenia, Georgia eta Errumaniako jendearekin egon ginen. Gure kultura eraman genuen hara eta beraiek ere hori egin zuten. Bakoitzak bere kultura ezagutarazteko eta besteen berri izateko aukera eduki zuen.

Euskal Herria ezagutzen al zuten?
I.:
Bai, Georgian bereziki. Tblisi, Batumi eta Kutaisi hiriak Donostia, Bilbo eta Gasteizekin senidetuta daude. Beste batzuek ere ezagutzen zuten gure kultura; batez ere italiarrek. Izan ere, Madrilera bidaiatzen duenak, Kataluina eta Euskal Herriaren berri izaten du, nahiz eta fisikoki bertan ez izan. Gainontzeko guztiek, ordea, ez zuten ezagutzen eta hasiera batean kosta egiten zitzaien ulertzea zein zen gure hizkuntza; euskara ala gaztelania.

Zer da gehien ikasi duzuena?
I.:
Gauza asko ikasi dugu. Horrelako programek jendea piztea eta parte hartzea bultzatzen dute; ondorioz, gure barnean aktibotasun horrekin itzuli gara. Piztu egin gaituzte. Joan aurretik ere parte hartzaileak ginen, horregatik eman genuen izena, baina nahi dugun edozer egitea lortu dezakegula ikasi dugu.
A.: Herritartasun aktiboa bilatzen zuten eta horri lotutako tailerrak, azalpenak, debateak eta abar egin genituen. Oraingo gaiez ere hitz egin genuen; langabeziaz, esaterako. Horrek beste herrialdeetan egoera nola dagoen ezagutzeko balio izan digu.

Kulturen arteko ezberdintasunak ikusiko zenituzten, ezta?
A.:
Kultura ezberdinek ikuspegi ezberdinak dituzte eta horiek elkarbanatzeko aukera izan genuen. Kulturen arteko talkak ezagutu ditugu, antzekotasunak ere bai, elkarbizitza, komunikazioa…
I.: Ezberdintasun mordoa ikusi dugu, oso nabarmen, gainera. Guztietan deigarriena komunikazioarena izan zen. Izan ere, ingelesez egin genuen dena, baina ez zen erraza izan, ez zelako inoren ama hizkuntza.

Nolakoa izan zen zuen elkarbizitza?
A.:
Gazte-aterpetxe batean egon ginen 30 lagun inguru. Etxe osoa guretzat geneukan; logelez gain, sukaldea eta tailerrak egiteko gelekin. Goizetan, gosaldu ondoren elkartzen ginen eta tailerrak, azalpenak edo goizari zegokion ekintza egiten genuen. Bazkalostean, beste ekintzaren bat egiten genuen. Hau da, egun osoa elkarrekin igarotzen genuen.
I.: Turismoa egiteko aukera askorik ez dugu izan. Egun batean Batumi hirira joan ginen eta Tblisi hiriburuan ere egon ginen, baina bestela ez dugu astirik izan. Goizez eta arratsaldez ordutegiak nahiko finkatuta zeuden eta errespetatu beharra zegoen.

Andoaingo gazteek ezagutzen al dituzte horrelako programak?
I.
: Ez, jendeak ez ditu ezagutzen eta harritu egiten dira gure esperientzia kontatzen diegunean. Horrelako aukera asko daude, baina jendeak ez ditu bilatzen eta, ez bazaie eskura ematen, ez dute ezer egiten. Gazteei begirako webguneetan sartzea, buletinak eskatzea eta erabateko bilaketa lana egitea eskatzen du. Baina, nahi baduzu, merezi du. Jendea animatu nahiko nuke edo, gutxienez, jakin dezatela Andoaindik atera nahi badute aukera badutela.
A.: Orain dela gutxi arte nik ere ez nekien horrelako aukerarik bazegoenik eta alde horretatik uler dezaket; ez badakizu zerbait hor dagoela, zaila da aurkitzea. Askotan, beste edonolako programak bilatzen egiten duzu topo horrelakoekin.

Zergatik animatuko zenuke andoaindar bat horrelako esperientzia bizitzera?
I.:
Oso interesgarria da eta beharrezkoa da aurreiritziak kentzeko. Herrialde ezberdinetako jendea ezagutzeko aukera ematen du. Beste kultura eta tradizio bat dute, baina azken finean, gauza asko dugu komunean. Polita da jakitea zertan garen berdinak, zein ezberdintasun ditugun, zer behar duten…
A.: Gainera, hezkuntza ez formalaren bidezko esperientzia hauek asko bizitzen dira. Beti ateratzen da zer edo zer horrelako esperientzia batetik. Han geundenean ez ginen kontziente, baina aste intentso baten ostean itzuli eta konturatu gara gauzak beste begi batzuekin ikusten ditugula. Esperientziaz gain, pertsona bezala hezteko balio du. Gainera, programa bakoitzak gai ezberdin bat lantzen du. Beraz, beste mila proiektu daude beste gai batzuei lotutakoak eta aprobetxatu egin behar dira, animatu egin behar gara. Gazteei beste mota bateko formakuntza eskaintzen diete eta esperientzia ezin hobeak izateko aukera ematen dute. Mugitu egin behar dugu.

Demagun andoaindar batek horrelako esperientziaren bat bizi nahiko lukeela. Nondik hasi behar du eta zein dira eman behar dituen pausoak?
A.:
Lehenik eta behin, informatu egin behar du programa hauek zer diren. Interneten begira dezake eta gauza mordoa topatuko du: berriak, elkarrizketak, bideoak, deialdiak... Mundu oso bat irekiko zaio eta hortik bidera dezake bere bilaketa.
I.: Denok sentitzen dugu beken mundua eromena dela eta, askotan, hartuko ez gaituztela pentsatzen dugu saiakerarik egin gabe. Gakoa hor dago; saiatu egin behar dugu, izan ere, ez dugu ezer galtzeko. Ausartu egin behar dugu.
A.: Behin pauso hori emanez gero, hurrengo guztiak bakarrik etortzen dira.

Zein irizpideren arabera aukeratzen dute gazte bat edo beste?
I.:
Fitxa bat bete genuen gure datuekin eta horrez gain, motibazio gutun bat bidali genien. Gutun horretan adierazi behar izan genuen zergatik zen garrantzitsua esperientzia horretarako hautatuak izatea eta hartuz gero, zer eskainiko genuen han.
A.: Gutun horrekin ikusi behar dute programa horretan benetan hartu nahi duzula parte eta erabilera ona egingo duzula. Bestalde, ingelesa jakitea ere lagungarria da; oinarrizkoa, gutxienez, ezinbestekoa da bertan komunikatzeko. Aireportura iristen zaren momentutik aurrera ingelesa beharrezkoa da.

Zein gertaera aipatuko zenukete?
I.:
Turkiar bat Olentzeroren abestia euskaraz abesten grabatu genuen. Polita izan zen bere ahoskera entzutea.
A.: Uste baino hobeto egin zuen, guztiz txundituta geratu nintzen. Lehenbiziko aldiz, ezagutzen ez duzun hizkuntza batean irakurri eta abestea ez da erraza. Ipar Euskal Herritarra zirudien.

Aholkuak
  • Informatzea. Gazteek jakin dezatela zer duten inguruan eta zein aukera dituzten eskura.
  • Programak aurkitutakoan, horren atzean dagoen erakundea nor den bilatzea eta harremanetan jartzea.
  • Programan parte hartu dutenekin hitz egitea eta iritzia eskatzea, fidagarria den ala ez ikusi eta beldurrak kentzeko.
  • Unibertsitatean ikasten edo lanean egonez gero, Aste Santuan eta udaran egiteko programak bilatzea. Lan askorik gabeko edo opor egunak horretarako aprobetxatzea.
  • Proiektua guztiz finantzatzen denez, urte hasieran diru gehiago izaten da. Beraz, urte hasieran parte hartzea komeni da.
  • Ingeleseko oinarrizko maila, komunikatzeko gai izateko.
  • Gogoa eta ilusioa izateaz gain, parte hartzera ausartzea.

Webgune interesgarriak:
www.gipuzkoangazte.info
www.kaebnai.org
www.kaebnai.net

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!