Etxean elkartzearen poza -II-

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 19a, 12:30

Joan zen urtarrilaren 21ean Ocañako (Toledo) espetxetik aske geratu zen Eneko Galarraga billabonatarra. Enekok, haren emazte Amagoia Agirrek eta Hodei semeak hartu dute hitza.

Hamabi urte eta gero berriro etxean. Zer moduz aurkitzen zarete?

Eneko: Pozik, beste ezeren gainetik. Gustura, emaztearekin eta semearekin etxean egoteagatik. Aldi berean, nahasmen puntua ere sumatzen dut, bizimodu berrira egokitzen ari naizelako oraindik ere.

Amagoia: Oso pozik, ni ere. Pertsona egoera zailetara ere moldatu egiten dela uste dut. Urte hauetan guztietan familiako kideen laguntzarekin egin dut aurrera eta dagoeneko ohitura moduan hartuta neukan hori zela nire bizimodua. Egoera hobera aldatzen denean, ordea, poza handia da zorionez. Eneko etxean dago eta sentimenduak azalean ditugu oraindik. Asko nabaritzen da azken urteotan ez garela elkarrekin bizitu, puzzlea osatzen ari gara. Bizimodua berriz hasten.

E.: Urte asko daramagu bikote gisa elkarrekin. Espetxeak, ordea, bakoitzak bizitza independenteak egitera behartu gaitu, oso baldintza ezberdinetan. Hainbeste denbora bereizita igaro eta gero, hirurok moldatu behar dugu bizimodu berrira. Aldaketa hirurontzat da, ez niretzat bakarrik.

A.: Pozarekin batera, deskantsua; izugarrizko lasaitasuna sentitzen dut bisitetako bidaiak bukatu direla pentsatzen dudanean. ‘Egin dugu eta ez da ezer txarrik gertatu. Gerta zitekeena saihestu dugu, pertsona asko eta asko geratu baita bidean. Guri gertatu izan balitzaigu zer?’, etortzen zait burura batzuetan. Alde horretatik izugarrizko pisua kendu dugu gainetik. Zazpi urtez bizitu dugu egoera gogor hori, baina herrian bertan badaude urte luzeagotan eta urrunagoko espetxeetara joatea egokitu zaienak. Aitarekin ere oso modu zuzenean bizitu nuen egoera berbera. Oso gogorra da familia batean belaunaldiz belaunaldi halako bizipenak izatea. Desgaste handia.

 

Bost orduko bidea bisitan joateko. Beste horrenbestekoa etortzeko…

E.: Dispertsioaren kalteez hitz egiterakoan, kilometro kopuruaz, arriskuez edota gastu ekonomikoez hitz egiten da gehienetan, baina horrez guztiaz gain, ez da kontuan hartzen nola baldintzatzen duen kanpoan geratzen direnen eguneroko bizimodua, aisialdia edota bizitza soziala. Zer den astelehenetik ostiralera lanean aritu eta ostirala iristean autoan sartu eta bidaiari ekin beharra, asteburua etxetik kanpo pasa eta astelehenean berriz lanean hasteko.

A.: Egoera horretan, lotuta eta baldintzatuta zaude beti. Horretan daukazu burua eta horren inguruan bizi zara. Noski, bai zu eta baita ingurukoak ere; laguntzaileak behar izan baititut askotan umea zaintzeko.

E.: Bisita mota ezberdinak daude: Funtzionarioaren arabera, 40 edo 50 minutukoak izaten dira normalean eta bis a bis arruntak ordu eta erdikoak. Duela bi urte irabazi genuen errekurtsoari esker, hiru hilean behin egiten ziren hiru orduko elkarbizitzako bisitak hilean behin egitea lortu genuen.

A.: Azken txanpan elkarbizitzako bisita gehiago izan dugu. Hodeirentzat ere lagungarria izan da, bidaiak egiten zituenean behintzat, hiru orduko tartea baitzeukan aitarekin egoteko. Segurtasunari begira, bidaiak aurreko egunean egiten genituen arratsaldez, ilundu aurretik. Bertan gaua pasa ondoren, hurrengo egunean itzultzen ginen etxera.

 

Espetxean dagoenarentzat bisita jasotzearen poza zama ere bihurtzen al da batzuetan?

E.: Sentimendu kontrajarriak sortzen dira asteburuetan. Batetik, unerik alaienak dira maite dituzun pertsonak datozkizulako, baina era berean, kezka sortzaile ere bai, bai baitakizu ordu askoko bidaia egin behar dutela errepidean eta, negua denean bereziki, ilunetan eta giro txarrarekin hainbeste kilometro egin beharrak beldurra sortzen dizu. Bisitan zehar gustura egon arren, etxera abiatzen zirenean, beldurra barruan nuela geratzen nintzen, berriz ere deitzeko aukera izan arte. Eguraldi txarra zenean, batzuetan ez nuen bisitarik jasotzen. Penaz geratzen ziren etxekoak bisitarik gabe geratu nintzelako, baina ni lasaiago geratzen nintzen bidaiarengan pentsatzeak sortzen zidan egonezinik gabe.

 

Ocañako espetxean (Toledo) igaro dituzu azken zazpi urteak. Zer nolako urteak izan dira zuretzat?

E.: Espetxe barruan oso egoera ezberdinak bizitzen dira egokitutako leku eta baldintzen arabera. Nik dezenteko zortea izan dudala aitortu behar dut, Ocañako espetxea ez delako okerrenetakoa. Ez da paradisua, baina hainbat baldintza bermatzen dituzte elikadura, osasun edota ikasketa mailan, esaterako. Era berean, funtzionarioekin harremanak nahikoa lasaiak dira. Batzuetan euskal presoei min emateko politika gogorrak diseinatuta badituzte ere, egia da beste espetxe batzurekin alderatuta, ez dela hain txarra.

Espetxearen alderik gogorrena, niretzat, familiako kideengandik urrun egon beharra izan da. Momentu txarretan, zure sentimenduak adierazteko beharra duzunean, han ez baituzu horretarako aukerarik. Alderdi positiboei begira jarrita, berriz, espetxeak asko erakutsi didaten kideak ezagutzeko aukera eman dit, baita ikasketak burutzekoa ere. Bestalde, egunerokoan lehen kalean baloratzen ez nituen gauza asko baloratzen  ere erakutsi dit; maite dituzun pertsonekiko edota naturarekiko harremana, etxeko janaria… Bizitza gehiago baloratzen erakusten du kartzelak. Momentu gogorrak izaten dira familian zer edo zer gertatu edo inguruko norbait hiltzen denean… Horien artean, Remiren heriotza izugarrizko kolpea izan zen. Han barrutik lagundu ezin daitekeenez, inpotentzia ere sentitzen da.

Nire helburua kartzelatik ahalik eta zentratuen ateratzea zen, familiako kideek nigatik egin duten esfortzua eskertu eta haien sufrimendua era batera edo bestera konpentsatzen saiatzeko. Nire buruari tinko eusten saiatu naiz depresioetan erori gabe, ez da erraza eta.

 

Espetxeaz gain, erbestea ere ezagutu zenuten aurrez. Oso gazterik hartu zenuten ihes egiteko erabakia… Nola gogoratzen dituzue urte haiek?

A.: Gure ibilbidearen parte izan da erbestea. Batera hartu genuen herria uzteko erabakia. Oso gogorra izan zen. Eneko behartuta zegoen erabaki hori hartzera eta nik nire bizitza berarekin zegoela ikusita, bere bidaia horretan laguntzea erabaki nuen. Hasiera batean bakardade handia izan genuen. Izan ere, inoren babesik gabe oso zaila baita herrialde berri batera joatea. Baina aurrera egin eta lagun onak ere topatu genituen. Mundu guztian zehar dago pertsona bezala ikusten zaituen eta entzuten dakien jendea. Oraindik orain harremana dugu Ingalaterran ezagututako jendearekin eta horrek esanahi handia dauka. Londonen jaio zen gure seme Hodei ere.

E.: Euskal Herritik kanpo zaudenean, etiketak eta alderdi politikoak desagertu egiten dira eta pertsona ezagututakoan, giza alderdian oinarritzen gara gehiago. Pertsona bezala ezagutu eta baloratu gintuen jendea ezagutu genuen eta gugatik asko emateko prest zeudela konturatu ginen. Ikasgai polita izan zen. Espetxean bertan lagun ingelesen bisitak ere jaso nituen.

Iheslarien gaia gehiago landu beharrekoa da, azken urteotan nahiko ahaztuta eduki baita. Herrian bertan bada Mikel Zalakainen adibidea, herrira itzuli gabe, bidean geratu zelako. Erbestea gogorra da; barroterik gabeko espetxean egonagatik, zeharo baldintzatuta bizitzera behartzen duen beste kartzelaldi mota bat baita.

Londongo egonaldiaren ondoren Iparraldera etorri ginen, semea familiako kideetatik gertu, Euskal Herrian hazi nahi genuelako. Gainera, 2006ko su-etenaren ondoren sortu zen irtenbiderako itxaropenarekin etorri ginen. Iparraldean oso harrera ona jaso eta harreman asko egin genuen. Gustura igaro genuen urte hura. Tamalez, gutxi iraun zuen. Laster atxilotu eta Frantziako espetxetik Espainiaratu egin nindutelako, euro aginduaren bidez.

A.: Ni Enekorekin joan eta ume batekin itzuli nintzen Villabonara. Enekorekin ez itzultzea izan zen niretzat gogorrena. Oso momentu zailak bizitu genituen elkarrekin eta herrira itzulera bidaia haren bukaera izan zen; berriro hasteko, baina bera gabe. Zerotik hasi behar izan nuen eta momentu kritikoa izan zen. Kilometro askoko beste bidaia bat hasi zen orduan.

 

Nola bizitu duzu espetxe barruan azken urteotako egoera politikoaren aldaketa?

Ihes egitea egokitu zitzaidanean oso momentu gordina bizi genuen. Errepresio handia zegoen. Gatazkaren ondorioak alde biek sufritu dituzte. Baldintza txarretan joan arren, herria ere sufrimendu handiarekin geratu zen. Urte horietan guztietan, bai ihesaldian, bai espetxealdian, ondorio horiek sufritzen jarraitu du jende askok. Erakunde armatuak borroka armatua alde batera uzteko pausoa eman zuenean, berriz, gatazkaren aurrean konponbiderako atea ireki zen. Itxaropen aro bat bizitu nuen espetxean gatazkaren ondorioak konpontzeko bidea zabalduko zelakoan, horren baitan, dispertsioren politikaren amaiera edota azken hamarkadetako sufrimendu nahiz torturen errekonozimendua… Denboran aurrera egin ahala itxaropen hori pixkanaka itzali egin zait, urteak aurrera pausoak aldebakartasunez ematen direla konturatu bainaiz. Beste aldearen sufrimendua ikusi eta onartzearen keinua espero nuen nik, baina hori ez da ikusi eta hortik dator gaur egun gizartearen zati batek bizi duen frustrazio sentipena. Saiatu arren oso zaila da konponbideak bilatzea eta ez mugimendu eza, mugimenduak egotea gatazkak betikotzeko helburuarekin. Egoera hau betiko izango ez dela sinestu behar dugu. Espainiak gogor itxura eman nahi du eta inoiz pausorik emango ez duenarena, baina nik uste posible izango dela herrian bertan nahiz internazional mailan lan eginez, gure helburuak lortzea. Azken urteotan nahi adinako fruiturik lortu ez bada ere, aldaketa batzuk izan dira eta aukerak hor daude. Gazte mugimenduetan dabiltzanei lanean jarraitzeko deia egingo nieke. Gure seme-alaben etorkizunarengandik esparru ezberdinetan lanean jarraitzeak merezi du.

 

Zein irakurketa egiten duzu egungo egoera politikoaz?

Estrategia aldaketaren inguruan hitz egiteko arazoak izan ditugu espetxean, noiz eta borroka armatua baztertzeko estrategia eztabaidatu behar zenean. Argi ikusi da gobernuaren aldetik ez zegoela inolako erraztasunik emateko borondaterik. Zabaldu den bidea ez zaie gustatu eta hasieratik nabaritu da hori. Guk hartutako erabakiarekin aurrera jarraitzeko pista moduan hartu behar dugu hori, ez baitaude gustura eta diskurtsorik gabe galduta geratu baitira orain. Villabonan bertan ere nabari da giroa lasaiago dagoela eta sektore ezberdinetako jendeak harreman hobea duela elkarren artean. Elkarlanaren bitartez jarrerak gerturatzeko erraztasunak ematen ditu egoera honek.

 

Zein asmo duzu etorkizunera begira?

Ingeles filologiako hirugarren ikasturtea amaitzen ari naiz. Londonen ihesean egon ginenean lanean ikasitako ingelesa ez nuen ahaztu nahi eta zazpi urte hauetan denbora aprobetxatzeko asmoz, UNEDen bidez Ingeles Filologian matrikulatu nintzen. Denbora batean materiala eta liburuak izan ditut irakurtzeko. Kalean egoera nola dagoen ikusita ahalik eta prestakuntza onenarekin ateratzen saiatu naiz. Egiteke neuzkan azterketak egin eta orain materiala berreskuratu eta ikasten jarraitzeko asmoa dut.

Espetxe barruan denbora okupatuta edukitzea oso komenigarria da; bai kirola, ikasketak edota lagun nahiz familiako kideekin gutunak idazteak asko errazten dute bizimodua. Une honetan langabezia egoeran nago eta egoera batere ona ez denez, ahalik eta azkarren karrera amaitu nahi dut etorkizunean erraztasun gehiago izateko. Ingelesaren alorrean aritzea gustatuko litzaidake, baina lan mundua nola dagoen ikusita, ezin da aukerik baztertu.

 

Semea gustura

Hodei, Eneko eta Amagoiaren semea da, Londonen jaio zen eta urtebete zuela etorri zen Amasa-Villabonara. Aita etxean ikusita pozik dago zortzi urteko mutikoa, “aitarekin asko jolasten naizelako. Bisitetara joandakoan, beti berekin gehiago jolasteko gogoz geratzen nintzen eta nahi dudan denbora daukat orain. Aitatxo etortzen zait nire bila eskolara eta gauza asko daukat berari erakusteko”, esan du Hodeik. Pixkanaka Hodei txikia zeneko bideoak ikusten ari dira elkarrekin, gordetako momentu politak elkarbanatzen. “Garaiak asko aldatu dira eta teknologia berrien bidez, lehen buruan gordetzen ziren gertaera asko orain grabatu egiten denez, berreskuratu egin daitezke neurri batean”, azaldu du Enekok.

22 urte bete gabe alde egin zuen herritik Enekok, 34 urterekin itzuli da. Pertsona ezberdina dela dio, eboluzioa izan duela bere bizitzan. “Oso inpresio ona jaso dut itzuleran herritar eta ingurukoen eskutik, eta oso eskertuta nago, oso maitatua sentitu naizelako. Era berean, emazte eta semeari laguntza eskaini dieten guztiak eskertu nahi ditut”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!