Juliana Tapia Beitiak 100 urte oparo beteko ditu otsailaren 25ean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 19a, 12:15

Irribarre goxoko emakume dotorea da Juliana, Asteasun jaio eta Zizurkilen bizi dena. Baserrian lan asko egiteaz gain, zortzi seme-alaba hazi ditu. Aurki mendea beteko du.

1914ko otsailaren 25ean, Erreka bailarako Asteasuko Iturtabitarte baserrian jaio zen Juliana. Hamaika senide izan ziren, “bi amarenak”. Hirugarrena bera. Gaztetxotatik baserriko lanetan zaildua, nahiz eta gaztetan bederatzi hilabetez Villabonan neskame ere aritu eta harategian odolkiak egiten ikasi zuen. 26 urterekin ezkondu zen, “1940ko apirilaren 6an, orain 75 urte”, adierazi du, bat-batean eragiketa eginez. Asteasuarra zuen gizona ere, Elizola Goiena baserrikoa. Ezkondutakoan Zizurkilgo Irazu Goikoa baserrira etorri ziren maizter eta baserriko lanetan jardun zuten, ganadu zaintzan, soroan nahiz baratzean, etenik gabe. Zortzi seme-alaba izan zituzten, “halako koadrila haztea kosta egiten da, ez gari artean arituta. Lan asko egin behar da”, aitortu du. Lehen urteetan Irazu Goiko baserrian bizitu baziren, gero ondoan altxatutako Irazu baserrira etorri ziren bizitzera.

Haurgintzan etxean
Zortzi seme-alabak etxean izan zituen, ospitaleko egonaldirik ezagutu gabe. “Don Franzisko Arabaolaza praktikantea etortzen zitzaidan laguntzera. Hirugarren semea izan behar nuen garaian, nire burua ezinean ikusten nuen eta ‘hau nik ez det egingo’, esan nion Don Franziskori. Hark, ‘eta nork egin behar du ba?, erantzun zidan”. Haurra izan orduko lanari ekiten zioten orduan baserrian, ez zuten atsedenik hartzen. Halaxe azaldu du Julianak: “Familia izan ondorenean ez ginen ohean batere egoten. Hirugarren egunerako pagotsa egitera abiatzen ginen (igitaiarekin belarra moztera). Ni, Jainkoari esker, ohean ordu gutxi pasatakoa naiz”.
1954 urtean, ordea, peritonitisez gaixotu zen. Tripa puztu-puztuta eduki zuen eta berrogei egunez ahizparen etxera joan zen Ikaztegietara, han trena zegoenez, medikuarengana joan eta sendatzeko aukera izan zezan. “Mila pertsonatik bakarra ateratzen zen aurrera garai hartan gaixotasuna sendatuta eta neroni izan nintzen pertsona hura. Amabirjina Arantzazukoaren egunean hasi zitzaidan tripa jaisten”, azaldu du. Medikuak sabela bere onera etortzeko beste umetxo bat izatea gomendatu zion eta halaxe etorri zen zortzigarren alaba.

Gerra garai ilunak
1936ko Gerra ezagutu bakarrik ez, lehen pertsonan bizitu zituen garai ilun haiek eta ez zaizkio orduko oroitzapenak ahaztu, “36an 21 urte nituen. Gogorra izan zen, denak alde eginda. Gure aita ere hiru urtez ibili zen gerran 36tik 39ra. Ezer ez eta festa! Abuztuaren 16an sartu ziren naparrak Zizurkilera. Naparrak sartutako goizean, mandioko belar pilan zuloa egin eta azpian gordeta egon ziren etxeko gizonak. Ez zituzten aurkitu eta alde egin zuten, baina berriz etorri ziren hurrengo astean eta saskika arrautza eta hamabi oilanda eraman zituzten. Komeriak ikusi ziren. Baina ez zen ezer pasa eta gustura”. Gerra amaitu eta gero, noski, ondorena ere ez zen batere samurra izan, “ezkondu ondorenean ere gerra! Ez zen ogirik ere eta errazionamenduan bizitu ginen. Zer edo zer behar eta taloa jaten genuen. Umeei emateko taloa eta esnea bagenituen eta gustura!”. Urte latzak pastakoa da Juliana, baina egun oso gustura bizi dela dio.

Sekretua, neurrian jatea
Oso bizimodu osasuntsua du Julianak eta bere sekretu nagusia tamainan jatea da. Bizitzeko jaten du eta ez bizi jateko. Bere neurriko bost otordu egiten ditu. Denetarik jaten du, apartekorik gabe. Txerriki zale amorratua da. Zezina ere gogoko du. Bestela, haragia gutxi, egosita bakarrik. Arrainik ez. Barazki edota potajea, berriz, oso gustura. Lehen basoerdi ardo edaten bazuen ere, azken urteotan ez du ardorik edaten. Ura, eta ura baino gehiago gustatzen zaion Coca Cola, “ura baino gusturago edaten dut nik Coca Cola, bizitasuna ematen baitu”, adierazi du. 55’5 kilorekin ezkondu zen. Pisu arinekoa izan da beti, 50 kiloren bueltakoa. Ez baita geldirik egoteko emakumea izan, lanean edota batetik bestera oinez ttipi-ttapa ibilitakoa.

Buru argia
Zaletasunen artean sopadeletrasak egitea gustatzen zaio Julianari eta baita kartaketan txintxonen jolastea ere. Egunkaria eta Aiurri aldizkaria irakurtzea ere gogoko du, orain gutxira arte batere betaurrekorik gabe, gainera. Igandero meza nagusia entzuten du telebistan eta baita ahosgora abestu ere. Jauna ere hartzen du, etxera ekarrita.
Oso buru oneko emakumea da. Egun ordenagailu edota telefono mugikorrek egutegi funtzioa betetzen duten bitartean, izugarria da Julianak bere baitan duen datu-basea. Seme-alaben, 13 biloben, 15 birloben edota inguruko pertsonen jaiotze-data eta bestelako gertaeren urteurrenak zirt-zart batean esango ditu, batere hutsik egin gabe. Harritzekoa da, benetan, Julianaren buru argia. Ibili-ezina du, baina gainerakoan, oso ondo sentitzen da. “Gustura bizi naiz ni” dio eta halaxe nabari zaio bere irribarre atsegin eta goxoak erakusten duenez.
Datorren otsailaren 25ean egun handia du, 100 urte ez baitira egunero betetzen! Familiartean ospatuko du egun seinalatua, senideekin batera. “100 kandela asko izango direnez, bakarra jarriko dugu tartaren erdi-erdian”, adierazi du umoretsu. Zorionak Juliana eta muxu handi bat!

Txomin Garmendiak idatzitako bertsoak:

Eun urteko amona Zizurkilen
Ustegabekorik ez dala, otsaillaren 25’an, eun urte beteko ditu Zizurkilko Irazu baserriko amona Juliana Tapia Beitiak.
Bere suia naizenez, bederatzi puntuko lau bertso moldatu ditut borondaterik onenez. Zer gutxiago?

 1

Gure sendiak badu
gaurkoz zoriona,
eun urte beterikan
degu amona;
zortzi seme-alaba
azita dagona,
ikasbide ederra
emanik danona,
ori ez da broma,
eginda lan ona,
izaten da sona,
ez geldi egona,
Jaunak eman bezaio
dagokiona.
 2

Hogei urte paseak,
zan alargundua,
geroztikan izandu
nork lagundua;
lujo aundian iñoiz
ez da egondua,
baiña senarrarekin
ondo konpondua,
diruz bakandua,
bazan nork kendua,
orain omendua,
ez da berandua,
merezi dun bezela
zoriondua.
 3

Asteasutik leku
maitetasunari,
ondoren Zizurkillen
maiztartzan jarri;
gogor ekiñez noski
nekazaritzari,
zortzi seme-alaba
mundura ekarri,
iñor ez elbarri,
errezo ugari,
eskerrak Jaunari,
txalo amonari,
eun urte bete ditun
Julianari.

 4

Jose Manuel senar
Julianarena,
abizenez Ugarte-
mendiarena;
Iraolaz osatuz
berriz bigarrena,
zorionean bildu
ziran alkarrena,
izanik almena,
eta sinismena,
a zer ondorena,
sortu zigutena!
Orain zeru-lurretan
atseden dutena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!