Villabonan jaioa, 1981az geroztik bizi da Rosa Otegi Adunan. Plazan bertan bizi izan da urte luzetan, eta gertutik jarraitu ditu herriaren aldaketak. Ekimen handikoa da Rosa, eta herriko ekintza ezberdinetan parte hartu izan du urte luzetan: “Haurrak txikiak ziren garaian ekintza asko antolatzen genuen. Gurasoen artean bildu, eta irteera ezberdinak antolatzen genituen. Garai hartan, udaletxe azpiko gela batean zegoen herriko eskola, eta borroka egin beharra izan genuen bigarren ikasgela bat lortu ahal izateko. Herritarrak elkartu eta gauzak egiteko gogo handia genuen garai hartan”. Eskolari lotuta, Eskola Txikien festa ere gertutik bizi izan zuen Rosak: “1997an egin zen festa Adunan. Lan handia egin genuen, baina oso oroitzapen politak ekartzen dizkit egun hark. Festa hari lotuta, gainera, Santa Ageda bezperako erronda antolatzen hasi ginen, gaur arte mantendu duguna”.
Herri antzerkia
2003ko udan, euskal ezkontzaren antzezpena egin zuten Adunan. Rosak bereziki gogoan du ospakizun hura. “Irratian entzun nuen Orexan modu horretako antzezpen bat egitekoa zutela eta oso ideia ona iruditu zitzaidan. Lagun taldeari proposatzea erabaki nuen eta baiezkoa eman zidaten. Oso aberasgarria izan zen antzezpen hura; jende askok hartu genuen parte. Batzuek antzeztu, besteek dantza egin..., norberak hobekien egiten zekiena egin zuen. Oso adin ezberdinetako jendea aritu ginen eta elkar hobeto ezagutzeko aitzakia ederra izan zen”.
Urte gutxira, sagardoaren inguruko antzezpen bat ere egin zuten Adunan. “Han ez nuen parte hartu, baina oso polita izan zen. Asteburu osoko egitaraua prestatu zuten eta jai giro polita sortu zen. Gazteek hartu zuten bereziki parte 2005eko antzezpen hartan”.
Azken urteotan herrian egindako ekimenak gogora ekartzean, ez du aipatu gabe utzi nahi izan Jabier Zabala alkate ohiari egindako omenaldia. “Urte asko egin zituen Udalean; zinegotzi gisa lehendabiziko urteak, eta alkate lanetan agintaldi mordo batean. Hark egindako lan hori guztia eskertu egin behar genuela iruditzen zitzaidan. Oso ekitaldi polita izan zen, goxoa. Berarekin harremana izan zuen jende asko hurbildu zen, baita harekin batera Udalean aritutakoak ere”, azaldu du Rosak.
Azken urteotan Rosak ez du bereziki herriko jaietan parte hartu izan, baina bai San Juan bezperako suaren inguruko jaialdian. “Dantza egiten dugu herritarrok, eta elkarrekin afaltzeko biltzen gara. Egun polita izan da hori ere”.
Erizain lanetan
Rosa erizaina da lanbidez eta Irurako osasun-zentroan aritzen da goizetan. “Donostiako ospitalean aritzen nintzen aurrez. Ospitaleko botikan egiten nuen lan, eta oso lan teknikoa zen. Oso lan monotonoa zen hura, eta ez zidan ikasteko eta aurrera egiteko aukera gehiegirik ematen. Horregatik, aldaketa eskatzea erabaki nuen. Iruran ari naiz geroztik, eta oso gustura”. Etengabeko ikasketa prozesua eskatzen du erizaintzak eta hori ere gustuko du Rosak. “Medikuntza eta erizaintza aldatzen doaz, eta horrek ikastera behartzen zaitu. Oso aberasgarria iruditzen zait hori”.
Jendearekin harreman zuzena izatea gustatzen zaio Rosari “eta horixe ematen dit erizaintzak. Osasun-zentro txiki batean ari naizenez, harreman hori oso zuzenekoa da gainera. Gaixoaz gain, bere etxekoak ere gertutik ezagutzen ditut eta baita euren bizimodua ere. Gaixoak osasun etxean artatzeaz gain, etxez etxeko bisitak ere egiten ditugu. Beharraren arabera, sendagilearekin batera edota bakarrik joaten naiz bisitaldi horiek egitera. Iruran ez ezik, Hernialden eta Alkizan ere egiten ditugu etxez etxeko artapenak”.
Oinkari dantza taldea
Villabonako Oriamendi auzoan hazi zen Rosa Otegi, eta gaztetandik erakutsi zuen euskal kulturarekiko lotura berezia. “15-16 urte inguru nituenean, Oinkari dantza taldean parte hartzeko pausoa eman nuen. Taldearen sorrera prozesua bizitzea egokitu zitzaidan. Dagoeneko 40 urte pasa dira ordutik eta oso oroitzapen gozoak gordetzen ditut. Hiruzpalau urte egin nituen taldeko kide gisa. Tolosako Udaberri dantza taldeko kideak izan ziren gure lehendabiziko irakasle eta harreman polita izan genuen beste hainbat herritako dantza taldeekin. Andoaingo Lizar Makil taldekoekin maiz biltzen ginen, eta baita Lasarteko dantzariekin ere. Gogoan dut nola jartzen genuen astero 25 pezetako kuota, taldeko gastuei aurre egin ahal izateko. Horrez gain, auzolanean egin genituen gauza asko; taldekideen arropa josteko biltzen ginen eta etxekoek ere asko laguntzen ziguten. Garai hartan elkarlanean aritzeko ohitura handia zegoen eta bakoitzak ahal zuen moduan laguntzen zuen. Emanaldi asko eskaini genuen inguruko herrietan, eta bereziki gogoan dugu Bizkaiko Muruetan eskainitako saioa. Villabonara etorri zen Muruetako gazte talde bat Santio jaietan, eta harreman polita egin zuten Oinkariko zenbait dantzarirekin. Muruetako jaietan dantza egiteko gonbita egin ziguten, eta halaxe joan ginen”, gogoratu du Rosak. Urteak aurrera, ordea, taldeak indarra galdu zuen: “Mutilei soldadutzara joateko garaia iritsi zitzaienean, taldea ahuldu egin zen. 1983ko uholdeetan, gainera, arropa guztia hondatu zitzaigun eta taldea bertan behera geratu zen. Urte batzuk aurrerago, Santio jaietako Iñude eta artzainen konpartsa antolatzeak Oinkari berriz ere martxan jartzeko balio izan zuen”.