Larraulgo Udal liburutegian biltzen dira euskara ikasleak. Gramatikaren inguruko azalpenak, idazlanak, mintzapraktikak..., buru-belarri aritzen dira euskara menperatzeko ahalegin horretan.
Dagoeneko laugarren ikasturtez herritik atera gabe euskara ikasteko aukera dute. Asteasura joan beharra izaten zuten aurrez. Hala azaldu du Pily Prieto ikasleak: “Larraulera bizitzera etorri ginenean, euskara ikasten hastea erabaki nuen. Herrian bertan ez zegoen horretarako aukerarik, eta Asteasura joaten hasi nintzen. Pixkanaka, ordea, Asteasuko talde hartan geroz eta larrauldar gehiago biltzen hasi ginen. Tolosako Aitzol euskaltegiko kideak genituen irakasle, eta Larraulen bertan taldea osatzeko aukera aipatu ziguten. Hementxe ari gara duela lau ikasturtetik hona”.
Pily Prieto, Pili Herrero, Isabel Simon, Laura Pego, Fermin Agirre, Adela Mendiola, Kariin..., astean bitan biltzen dira euskaltegian. “Euskara maila ezberdina dugu, baina oso ondo moldatzen gara elkarrekin. EGA titulua ateratzeko ahaleginean ari den euskaldun zaharren bat ere badugu tartean eta hark, ariketa ezberdinak egiten ditu. Gainerantzean, euskara eskolak berdinak dira guztientzat”, azaldu du Pili Herrerok.
Tolosako Mikel Uzkudun dute euskara irakasle eta aurten, hizkuntz eskakizuneko azterketak ere prestatuko dituzte: “Ez dugu titulua eskuratzeko premia berezirik, baina euskara ikasteko motibazio izan daiteke; Behobia-Donostian ateratzea egunero korrika egiteko motibazioa izaten den gisan”, azaldu du Pili Herrerok.
Erronka
Ikasle bakoitzak zailtasun ezberdinak aurkitzen dizkio euskara ikasteko prozesuari. Isabel Simoni, esaterako, zaila egiten zaio euskaraz hitz egitea: “Erraz osatzen ditut esaldi laburrak, baina zaila egiten zait elkarrizketa luzeak mantentzea. Ahalegin handia egin behar izaten dut esaldiak zuzen osatzeko nahi horretan”. Euskaraz hitz egiteko ahaleginean, eroso aritzen dira ikasleen arteko mintzapraktiketan: “Pazientzia hartzen dugu elkarrekin eta ez digu lotsarik ematen hanka sartzeak. Izan ere, guztiok egoera beretsuan baikaude. Lotsa handiagoa ematen digu euskaldun zaharrekin aritzeak. Esaldia gaizki osatzea, aditza modu okerrean erabiltzea, ahoskera..., estuasuna sortzen digu horrek guztiak eta askotan, nahiago izaten dugu gaztelaniaz aritu”, azaldu du Laura Pegok. “Larraulgo hizkera, gainera, nahiko itxia da. Azkar hitz egiten dute eta batzuetan zaila egiten zaigu esaten digutena ulertzea”, gaineratu dute.
Beste zenbait ikaslerentzat idazlanak osatzea izaten da erronkarik handiena. “Denbora asko behar izaten dugu gaiak pentsatu eta horren inguruan idazteko. Gauza asko hartu behar da kontuan eta ez da batere erraza horretarako behar adinako tartea hartzea”, azaldu du Pily Prietok.
Larraulen biltzen diren ikasle gehienek, urte asko daramate euskara ikasteko ahaleginean. Eskolako garaian eman zituzten haietako batzuk lehen pausoak. “Oso maila apala lortu genuen garai hartan, eta zenbait urte euskara landu gabe pasa ondoren, ia hutsetik hasi beharra izan genuen berriz”, azaldu du Pili Herrerok. Herri euskaldunean bizitzea, ordea, akuilua izan da haietako askorentzat. “Inglesa eta frantsesa ikasten aritu naiz zenbait urtez. Larraulera etorri eta haurrak jaio zirenean, euskarari heltzea pentsatu nuen. Hemen bizita, ezinbestekoa iruditzen zitzaidan euskaraz ondo jakitea. Haurrekin euskaraz hitz egiteko ahalegina ere egin nahi nuen”, gaineratu du Pilik.
Ospitalean lan egiten du Isabelek eta han maiz suertatu zaio euskaraz hitz egiteko beharra: “Oso galduta sentitzen nuen nire burua eta euskaltegian hastea erabaki nuen. Oraindik kosta egiten zait, baina geroz eta erosoago aritzen naiz”.
Euskara ikasteaz gain, elkarrekin ondo pasatzeko aukera ere baliatzen dute Larraulgo euskaltegiko kideek. “Udan, euskaltegirik ez badago ere, mintzapraktikak egiteko elkartzen gara. Oso gustura aritzen gara hizketaldi horietan. Ostegun Gizen egunean edota Urtezaharretan ere, euskaraz hitz egiten genuen bitartean, zerbait hartzera joan ginen. Oso giro polita dugu gure artean”, azaldu du Laura Pegok.
Aitzol euskaltegia
Tolosako Aitzol euskaltegiak darama Larraulgo taldearen ardura. Harremanetarako, 943 651 006 edo 943 652 343 telefono zenbakietara dei daiteke.
Bertso- poteoa
Larraulgo euskaltegiak eta Udalak antolatuta, bertso-poteoa egingo dute otsailaren 27an, ostiralarekin. Bertsoak entzunez, pintxo goxoak dastatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. Iluntzean egingo dute kalejira eta Amaia Agirre bertsolaria izango dute tartean.