Urrian hasi zen Alicia Suso zeharkako gaien teknikari lanetan. Hainbat alorren inguruan lan egitea egokitzen zaio eta datozen hilabeteotan, Lizardi etxearen inguruko parte hartze prozesuan arituko da buru-belarri. Parte hartzea, lurralde garapena, berdintasuna, jatorri aniztasuna, oroimen historikoa eta giza eskubideak; horiexek dira Alicia Susok lantzen dituen gaiak. “Foru Aldundiaren ekimena izan zen Gipuzkoako bi herri txikitan, Seguran eta Asteasun, gai horiek landuko zituen teknikari bat jartzea. Proiektu edo ekimen nagusi bakarra jorratuko dugu, eta ardatz hori izango da beste gai guztiak landu ahal izateko aitzakia. Asteasuren kasuan, parte hartzea izango da bereziki landuko dugun arloa”, azaldu du Aliciak.
Beharrak aztertu
Aurrez aipatutako Lizardi etxearen inguruko parte hartze prozesua izango da ekimen nagusia. “Lehendabizi, asteasuarren beharrak aztertuko ditugu, ez baitauka zentzu handirik Lizardi etxeari eman beharreko erabileraren inguruan hitz egitea, aurrez behar nagusiak aztertu gabe. Azterketa hori ahalik eta osatuena izan dadin, talde ezberdinengana hurbilduko gara; emakumeak, gazteak, etorkinak..., normalean erabaki-guneetatik kanpo geratzen diren taldeengana joko dugu bereziki”, zehaztu du Aliciak.
Lehen bilera egina dute dagoeneko. Herritar guztiei egin zitzaien deialdia, eta hamabost pertsona gerturatu zen: “Oso lantalde anitza osatu genuen; adin eta jatorri ezberdinetako jendea gerturatu zen. Lehen bilera hartan bi galdera nagusi egin genizkien; herrian zein behar nagusi sumatzen zituzten, eta etorkizunean nola ikusten zuten Lizardi etxea”.
Prozesua abiatuta, herritar talde ezberdinengana gerturatuko da orain Alicia. “Emakume taldea, jubilatuena, gaztetxea..., taldeetan antolatuta daude eta haiengana gerturatuko naiz. Beste kasu batzuetan, norbanakoengana gerturatu beharko dut ekimenaren berri eman eta proposamenak jasotzera; hori izan daiteke, esaterako, etorkinen kasua. Parte hartzearen ikuspegitik, oso interesgarria da jendearen konfiantzazko guneetara joatea; errazagoa baita euren parte hartzea lortzea”.
Ahalik eta herritar gehienengana iritsi nahi dute prozesuan zehar eta horretarako, bide ezberdinak erabiltzen ari dira, “ekimenaren berri emateko gutuna bidali genuen etxe guztietara eta horrez gain, facebooken ere zabalik dugu parte hartze prozesuaren inguruko komunitatea. Ahoz ahokoak, bestalde, indar handia du herri txikietan eta bide hori ere ari gara lantzen”. Uda aurretik, prozesuaren emaitza landuta izatea espero du Aliciak. “Parte hartze prozesu horretan ateratzen diren proposamenak kontuan hartuko ditu Udalak, konpromiso hori bermatuta dago. Bestalde, Lizardi etxea martxan jartzeko auzolana ere bultzatu nahi genuke”.
Ekimen gehiago
Lizardi etxearen inguruko prozesua izango da ekimen nagusia, baina horrez gain, beste proiektu txiki bat ere badarabil Aliciak eskuartean: “Segurako teknikariaren elkarlanean, euskara eta jatorri aniztasunaren inguruko azterketatxo bat egingo dugu: Etorkinek euskaraz ikasi zituzten lehen hitzak zeintzuk izan ziren jakin nahi dugu. Horrek hausnarketa ezberdinetarako bidea emango digu”.
Oroimen historikoaren inguruko ekimena garatzeko asmoa ere badu Aliciak: “36ko Gerrak Segurako emakumeengan izandako eraginaren inguruko dokumentala egin zuten iaz. Udaberrian dokumental hori eskainiko dugu Asteasun, Segurako emakumeak bertan direla. Asteasu eta Segurako herritarren arteko solasaldia piztu nahi genuke ondoren”.
Lizardi etxea
1993an, aurrez zegoen eraikina bota, eta Lizardi etxea eraiki zuen Udalak. Zaharren egoitza jarri zuten bertan, eta zenbait ikastaro eskaintzeko ere baliatu zuten eraikina. Aurrez, ordea, oso erabilera ezberdina izan zuen Lizardi etxeak, bertan baitzegoen Asteasuko hiltegia. Amagoia Pia eta David Zapirain, Asteasuko artxibozainek, hiltegi zahar haren inguruko dokumentu ezberdinak aurkidu dituzte. Dirudienez, 1880 urtean oso zaharkitua zegoela eta, bota egin zuten eraikina, berria eraikitzeko. Lan haien planoak eta aurrekontuak jasota daude artxibategian. 100 urte geroago, 1993 urtean, mataderoa erabilerarik gabe eta erortzear zegoenez, berriro bota eta egun ezagutzen dugun eraikina altxa zuten.
Lizardi etxearen inguruko hurrengo bilera
Martxoak 12, osteguna.
19:30, Lizardi etxea.