Etxean elkartzearen poza -I-

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 19a, 11:59

2008an atxilotu zuten Julen Zelarain Errasti Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako operazioan. Sei urte pasatxo Huelva eta Madrilgo espetxeetan igaro ondoren, urtarrilaren 23an geratu zen aske. Julen Zelarain, Jone Etxeberria eta Eñaut nahiz Izar seme-alabek hartu dute parte elkarrizketan.

Huelvan eta Madrilen, bi zati izan ditu azken espetxealdiak. Kontaiguzu…

Julen: Batetik, Huelvako kartzelaldia bereziki gogorra izan da familia eta lagunentzat; espetxeak kanpokoekiko komunikazioa apurtu egiten duelako. Baina ingurukoek zailtasun guztiak ezin hobeto gainditu dituzte eta ez zait bisitarik faltatu. Hala ere, sufrimendua izan da beraientzat: lan edota eskola orduak galdu, gastu ekonomikoa, bidaia arriskuak… Bestetik, Huelvako espetxean sei urtez egon naiz isolamendu moduluan, espetxearen barruan dagoen beste espetxe batean. Isolamendu moduluan espetxe barruko murrizketak biderkatu egiten dira eta ez dut urrutira begiratzeko aukerarik izan bertan egon naizen bitartean. Nire ziegatik pareta besterik ez nuen ikusten. Esaterako, ilargirik ikusi gabe egon naiz ia sei urtean. Bestalde, isolamendu moduluan kontrola askoz ere zorrotzagoa da. Patioak oso-oso txikiak dira, ordutegiak oso murriztuak, ziegan eduki ditzakegun gauzak ere mugatuta daude… Valdemoroko espetxera igarotakoan alde handia nabaritu nuen, isolamendu modulutik kanpo. Lehen aldian Valdemoron patiora atera nintzenean ez nuen distantziekin asmatzen, patioa Huelvakoa baino zortzi-hamar bider handiagoa zelako. Hor jabetu nintzen benetan non egon nintzen, izan ere, egunerokotasunean ez baitzara konturatzen isolamenduak zer nolako eragina duen zugan. Huelvako egonaldiko abantaila bakarra dozena bat kide elkarrekin egotea, beste espetxeetan sakabanatuta egoten baikara.

Espetxe barruan norbere buruari diziplina ezartzea nahitaezkoa da, bestela espetxeak irentsi egiten zaitu. Isolamenduan ez dago inolako aukerarik ekintza programatuetan parte hartzeko, beraz, baldintza oso kaskarrak izanagatik, zure buruari ordutegia jarri eta hartutako ohiturei eusten saiatu behar duzu. Egunkarien nahiz bisiten bitartez Euskal Herriko egoeraren jarraipena egiten saiatu naiz.

 

Espetxe barruan, nola bizitu duzu ingurukoekiko harremana?

Bisiten amaiera batzuk oso gogorrak izaten ziren, baina beste batzuetan lasaiago geratzen nintzen familiako kideak ondo ikusten nituelako. Espetxe barruan dagoenarentzat ingurukoen egoera bilakatzen da kezka nagusi. Haiek dira lehentasuna. Espetxe barrutik, ordea, ez daukazu ezer egiterik eta hori inpotentzia handia da. Esaterako, aitaren heriotzaren berria oso egoera berezian jaso nuen: tuberkulosiz gaixoturik, Huelvako espetxeko erietxean isolatuta nengoela. Izugarrizko ezintasuna sentitu nuen, ezer egiteko aukerarik gabe. Isolatuta egoteagatik, gainera, ez zidaten etxera etortzeko aukerarik eman. Gaixorik eta bakartuta halako egoerei aurre egitea ez da batere erraza.

 

Gestoretako ordezkari gisa, zure ideien alde lan egitea garesti ordaindu duzula esango al zenuke?

Zure bizitzako hamar urte kentzen dizkizutenean (aurrez ere beste lau urtez egon baitzen espetxean), prezioa oso altua da, baina ez naiz damutzen. Garbi daukat egin beharreko lana dela; jokoan dagoena etorkizuna delako, eta neurri handi batean, gure seme-alaben etorkizuna. Guk aurkitu dugun herria baino hobea uztea izango da utz dezakegun ondarerik onena. Zentzu horretan, jarritako apur horretaz harro sentitzen naiz eta espero dezagun etorkizunean fruitu gehiago ikustea.

Zein ikuspegi duzu etorkizunari begira?

Epe laburrean, nahiko trabatuta ikusten du euskal gatazkaren konponbidea. Bi atal ezberdin daude, estatu espainiarra batetik eta frantsesa bestetik. Haien jarrera oso garbia da eta ez daukate inongo asmo eta borondaterik urrats txikienik emateko, ez bakarrik gatazkaren muinari, ezta gatazkaren ondorioei ere. Guk iraganeko eztabaida manten dezagun nahi dute euskal gizartearen etorkizuneko eztabaida zabaltzen uztea baino. Nire ustez, ez dute eskaintzarik eta ez dute urratsik emango. Kataluinian gertatzen ari dena nahiko argigarria da. Ez dute asmorik kataluniarrei bide hori errazteko. Ezta euskaldunei ere. Hemen halako eszenatoki bat irekitzearen beldur dira eta trabatzen saiatuko dira egoera politikoa lokaztuta gera dadin. Baina are gehiago kezkatzen nau euskal eragileak egoerak eskatzen duen neurrian ez egoteak. Orain urte batzuk ‘gure herrian baldintza konkretu batzuk emango balira euskal eragileen arteko elkarlana eta akordioak bultzatzea posible izango litzateke’ esaten zen. Nire ustez, ezker abertzalearen aldetik gutxienez, eman beharreko urrats guztiak eman dira eszenatoki hori osatzeko. Beste eragile batzuen aldetik, ordea, aitzakiak baino ez ditut ikusten garai batean adierazitako konpromiso maila horietan urratsak emateko. Mingarria da hori eta lotsagarria iruditzen zait Urkulu Rajoyrekin askotan bildu ondoren, bueltan esku hutsik etortzen dela ikustea. Non daude erantzukizunak? Guk bizitu dugun egoerarekin, Huelvan eta isolamenduan, Erkorekari urrats berriak ez ematearen erantzukizuna gurea dela entzundakoan, ez dut ezertxo ere ulertzen. Gainera, espetxetik bertatik ere, pausoak eman ditugu, banakako eskaerak eginez. Nik ez dut aurrera egiteko borondaterik ikusten. Erantzukizuna gure bizkar gainean jarri nahi izatea aitzakia itsusi eta onartezina da.

Ikuspegi iluna, beraz…

Euskal Herriko eragileak hankamotz dabiltzala nire iritzia bada ere, euskal gizartean nahikoa hedatuta dagoen ustea dela esango nuke eta jendeak beste zerbait espero zuela. Gizartea bide hori nondik izan behar duen marrazten hasi eta alderdien eta instituzioen aurretik norabidea zein den esanez jartzen ez bada, esperantza gutxi daukat gaur egunean alderdi eta eragile batzuen buruzagitzaren jarrerekin. Urte batzuk pasa dira ETAren erabakia publiko egin zenetik eta ez dut mugimendu handirik ikusten. Gustatuko litzaidake Aieteko adierazpenarekin batzuk hartu zituzten konpromisoak non geratu diren jakitea; nik behintzat ez baitut ikusten betetzen ari direnik. Aurten gainera, are eta aukera gutxiago izango da ezer mugitzeko. 2015a hauteskunde urtea baita eta dagoeneko ikaragarri nabari da hori. Zoritxarrez, hauteskunde urteak ez dira garairik aproposenak izaten alderdien mugimenduetarako. Ikusi egin beharko da hauteskunde hauetan indar korrelazioak nola geratzen diren, horrek asko baldintza baitezake etorkizuna.

Espetxe barruan geneukan sentsazio nagusia herri ikuspegirik eza zen; alderdien ikuspegiak nagusitzen ari zirela, EAJrengan bereziki. Bada herri bezala gehien komeni zaiguna zer den pentsatzen hasteko garaia eta ez bakoitza bere etekinei begira egotekoa, aurrerabide kaskarra dugu bestela.

Errealitatea hori dela uste dut, argi izpi oso politak egon diren arren, Gure Esku Dago ekimenak antolatutako giza-katearena esaterako. Argazkietan eta iritzietan jendearen ilusioa ikusten zen, hori zela bidea. Norabide horrek jarraipena izan beharko luke eta guztiek borondatea jarriko balute errazagoa litzateke bide hori jarraitzea. Gurdiari tira egiteko gogoa behar da, bestela kosta egingo baita egoera honetatik ateratzea.

Zer moduz itzulera?

Herritarrek eginiko harrera oso goxoa izan da. Isolamendutik atera eta bat-batean halako egoerarekin topo egitea oso hunkigarria da. Betekada handia, denbora gutxian. Lehen gauean ezin nuen lo hartu, burua irudiz beteta baineukan. Bizitako guztia onartzea kosta egiten da.

Herrira itzulita, nola nabaritu duzu bertako giroa?

Oraindik ez dut iritzi osaturik, baina herrian egoera aurreratuagoa egotea gustatuko zitzaidakeen. Herrian bertan ere elkarlanerako beste baldintza batzuk egotea nahiko nuke. Agian sortu dira, baina nik oraindik ez ditut ikusi. Espetxean nintzela udaletxeko aktak jasotzen nituen eta akta horiek irakurri eta orain urte batzuetakoekin alderatuta, ez zitzaizkidan oso ezberdinak iruditzen. Agian eztabaidarako gaiak aldatu egin dira, baina ez nuke esango elkarlanerako jarrerak gehiegi aldatu direnik. Are gehiago, badaude gai batzuk oraindik ere politikoki erabiltzen direnak. Atez atekoaren eztabaidaren inguruan, esaterako, onartzen dut iritzi ezberdinak egotea, baina kartzelatik ateratzen nuen ondorio nagusia, horretan ere alderdikeria nagusitzen zela, herriaren mesedea baino. Alderdikeriek zaildu eta trabatu egiten dute egoera berrietan aurrera egitea. Herri antolakuntzaren maila dezente handiagoa zen garai batean eta hori da seguruenik faltan gehien botatzen dudana. Nik uste mugimendu hura berreskuratu egin beharko litzatekeela bai gai potoloen nahiz txikiagoen aurrean.

Neurria hartzen

Izar alabak bazekien zortzi urte betetakoan etorriko zela aita etxera eta zain-zain zegoen noiz etorriko. Pozik eta gustura dago gurasoen ondoan orain, hamabost urte dituen Eñaut anaia bezalaxe. Pixkana bizimodu berriari neurria hartzen ari dira, “seme-alaben ordutegietara moldatzea da zailena, baina ari gara pixkanaka zentratzen. Etxeko lanetan nabil gustura”, adierazi du Julenek. Espetxetik atera orduko, begia jo dio jendeak mugikorrarekiko duen loturak, “aldaketa ikaragarria nabaritu dut horretan. Jendeak izugarrizko dependentzia du traste horiekiko, oinez bizi-bizi pasiatzen dabilen jendea ere mugikorrari begira ikusi dut”.

 

Bidaiak aspergarri

Huelva nahiz Madrilera joan-etorrian ibili beharra “aspergarria eta nekagarria” izan da Eñaut eta Izar anai-arrebentzat. “Aita ikusteko gogoa zuten Izar eta Eñautek eta beti prest azaltzen ziren, baina bidaia luzea egiten zitzaien. Izan ere, 2000 kilometrokoa baitzen bi egunetarako joan-etorria. Hasieran tarteka bidaia hegazkinez egiten bagenuen ere, garestitu egin ziren hegaldiak eta azken urteetan, poliki-poliki, kotxez egin ditugu bidaia gehienak. Seme-alabei bidaia ahalik eta erosoen egiten saiatu naiz ni”, azaldu du Jonek.

Asteburuko bisitetan, lagunen bisitak 40 minutukoak izaten ziren kristalaren aurrean eta familiako bis a bisak ordu eta erdikoak gela batean. Hiru hilabetetik behin lau orduko elkarbizitzako bisitak izaten zituzten txikiarekin eta emaztearekin, “Eñauti 10 urte bete zituenean kendu egin zioten eskubide hori, bai baitirudi 10 urtetik aurrera ez direla umeak”, Jonek azaldu duenez. “Garai batean gela horretara nik erositako jostailuak eramaten uzten baziguten, debekatu egin ziguten aukera hori ere. Salaketa jarri nuen epailearen aurrean eta epaileak kexa onartzen ez zutela erantzun zidan, nahikoa gauza bazegoelako gela hartan: leihoa, argia eta komuna”, zehaztu du Julenek. “Dantzan, kantuan, antzezten, aulki jolasean edo asmatutako jolasetan aritzen ginen”, gogoratu Izarrek. Familiak halako bidaia egin ondoren, oztopoak besterik jasotzen ez zituztela salatu dute. “Oztopo horien artean, familiako kideei eginiko miaketa, oraindik indarrean dagoena. Harainoko bidea egin eta gero, behin baino gehiagotan galdu genituen bisitak miaketei uko egiteagatik. Horrek guztiak atzean zer dagoen erakusten du, ez baitira kasualitateak; modu antolatuan egiten dituzte, behin eta berriz, beti norabide berdinean”, Julenen iritziz. Bidaia luzearen ondoren, miaketei uko egiteagatik bisitarik gabe geratzea oso gogorra dela aitortu du Jonek eta haraino joan ondoren, ordu eta erdiko bisitak oso motzak egiten zitzaizkiela umeei bereziki, “hasterako bukatu. Noski, agurrak ere gogorrak ziren: besarkatu eta ezin askatu. Negarrez askotan”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!