Xabier Altuna - Altuna
Nola hasi duzue txotx denboraldia?
Aurreko urtean baino hobeto hasi dugu. Gainera, aurrera begira ere jendea deika ari da; beraz, pozik gaude. Martxoa izaten da indartsuena eta bezeroen %90a larunbatetan etortzen da, beraz, asteburu guztiak beteta ditugu.
Zer moduzkoa da aurtengo sagardoa?
Ona, aurtengoa gorputz gehiagokoa da. Lehengo urtekoa xuabeagoa eta kolore gutxikoa zen. Aurten, ordea, kolore gehiago du eta edaterakoan ere nabari da gorputz gehiago duela.
Zenbat litro ekoizten duzue?
Guztira 88 mila litro inguru ekoitzi ditugu denboraldi honetarako. Egurrezko kupelez gain, inoxidablezko bi baditugu eta goian beste bat ere badago, urte batzuetan betetzen dena eta beste batzuetan ez; sagarrak ematen duenaren arabera.
Zer moduzko sagar uzta izan da aurten?
Lehengo urtean baino sagar gehiago izan da hemen. Hala ere, gutxi. Izan ere, lehengo urtean inoiz baina gutxiago izan zen, eta aurten gehiago izan den arren, ez da asko egon. Bestalde, lehenengo aldiz arazoak izan ditugu kanpotik ekartzeko, Frantzian eta Galizian arazo handiak izan dituztelako.
Garai batean zutik jateko ohitura zegoen. Oraindik mantentzen al da?
Oso oso gutxi eta oso tarteka. Badago esertzeko tokia izanda ere zutik egoten den inor; jende zaharragoa eta benetako sagardozaleak izaten dira.
Nongo jendea hurbiltzen zaizue?
Urnietatik, Donostia ingurutik eta Tolosaldeatik gerturatzen dira. Iparraldetik ere etortzen dira eta, esate baterako, japoniarrak ere izan genituen iaz. Trena gertu izateak eragin handia du; uste dut daukagun gauzarik onenetakoa dela, gaur egun ia inork ez duelako kotxerik hartzen.
Botilan ere saltzen duzue.
Botilatan edaten da ia guztia. Orain sagardoa kupeletan daukagu. Denboraldia amaitzear dagoenean, martxoa amaieran, botilatan sartzen hasten gara eta urte guztian zehar saltzen dugu.
Txotx denboraldian sagardotegi asko zaudete inguruan. Zein da zuen bereizgarria?
Tradizioa. Gaur egun, benetako tradizioa galtzen ari da, baina guk eutsi egiten diogu. Oraindik ia kupel guztiak egurrezkoak ditugu eta sagardotegiaren beraren itxura ere oso tradizionala da. Dena den, egia da modernizatzen joan behar dugula pixkanaka. Horren adibide da sagardotegien elkarteak atera berri duen “Txotx” aplikazioa.
Joera berririk nabaritu al duzue?
Azken lau urteetan nabaritu dugu jendea bazkaltzera etortzen dela, afaltzera etorri ordez. Larunbateko bazkaria bihurtu da indartsuen. Gazte jendeak eragin du hori, gazteriak nahiago duelako parranda egunetik hasi.
Zuk zer nahiago duzu, botilatik ala kupeletik?
Sagardoa bi eratan gustatzen zait, baina txotx egiteak xarma berezia du. Sagardoa mundu guztian zehar edaten da, baina txotx garaian kupeletara hurbilduz edatea hemen soilik egiten da. Berezitasun horregatik nahiago dut txotx egin.
Zutik ala eserita?
Zutik esan beharko nizuke, baina ez da horrrela. Lagunekin sagardotegira joaten naizenetan eserita jaten dugu; beraz, nahiz eta kulturalki zutik jatea politagoa izan, eserita jaten dudala aitortzea dagokit.