Marrazki bizidunen giroko inauteriak Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 13a, 12:10

Badator mozorroa jantzita kalera ateratzeko eguna. Larunbatean kolorez eta umorez mozorrotuko da Urnieta eta herritarrak azken orduko prestaketatan dabiltza. Doraemon, Pantera arroxa edo Son Goku mozorro desfilean ikusteko aukera izango da eguerditik hasita. Herri bazkaria, desfilea eta mozorro lehiaketarekin osatuko dute ospakizuna.

Aurten marrazki bizidunez janzteko deialdia egin du Poxta Zahar taldeak. Gaia horixe da eta mozorroak prest dituzte, baina herritar askok sekretupean dituzte oraindik beraien ideiak: “Askok ez dute beraien mozorroa zein den esaten; batez ere, zerbait polita antolatu badute, egunean bertan sorpresa emateko”, dio Poxta Zahar taldeko Eneko Salaberria kideak.
Gutxienez, bost koadrila inguru ari dira karrozak prestatzen eta larunbaterako dena eginda izango dute, desfilera ateratzeko. Karrozarik egin ez duenak ere, mozorrotuta atera eta kalez kale desfilatzeko aukera izango du.

Ekintzak goizetik gauera
Eguerdian hasiko da festa. 12:00etan poteoa izango da, gainontzekoen mozorroak ikusi eta bakoitzak berea erakusteko unea. Ondoren, ordubietan bazkaria egingo da San Juan plazan. Eguraldi txarra eginez gero, Egapeko frontoian jarriko dituzte mahaiak. Koadrila bakoitzak bere bazkaria eraman beharko du eta Poxta Zahar taldeak edaria jarriko du. Txartela bi euroren truke eskura daiteke Xauxar eta Amaiur tabernetan. “Jende kopurua kontrolatzeko txartela aurretik erosi behar dute herritarrek. Ostegunera arte edukiko dute aukera”, azaldu du Enekok.
Horren ostean, 16:30etan, Bosko Anitz aisialdi taldea eta txarangarekin batera, desfilea hasiko da San Juan plazatik. Kalez kale ibiliko dira, Goimendi ingurutik Idiazabal kalean zehar. Ondoren, 19:00ak aldera mozorro lehiaketa egingo dute. Momentuan bertan eman beharko dute izena partaideek, eta mozorro eta karroza hoberenak sarituko dira. Kalean ez da aspertzeko betarik izango; izan ere, batukadak alaituko du arratsalde amaiera. Afalorduan, Dj Amine urnietarrak jarriko du musika eta amaitzeko, Rock Kam Brum taldearen kontzertua egongo da.

Zirkulazioa Idiazabal kalean
Larunbatean aldaketak izango dira zirkulazioan, zehazki Goimendi tabernaren paretik Eko-Tolosa frutadendaraino, arratsaldeko 17:00etan hasi eta goizaldeko 01:00ak arte. Kalearen okupazioaren eta jendearen parte hartzearen arabera trafiko neurri berezia goizaldeko 03:00ak arte luzatuko da.
Ordu tarte horretan Garayar konpainiaren autobusak herrigunean geldialdi bakarra egingo du Andoainerako eta Hernani-Donostiarako norabideetan. Autobusak anbulatorio zaharraren ondoko biribilgunean jaso eta utziko ditu Urnietako bidaiariak.

Gero eta indartsuago
Haur, gazte zein heldu animatzen da inauteri eguna ospatzera. “Inauteriak festa bereziak dira, adin guztietako jendea animatzen delako”. Gainera, urtetik urtera festa jendetsuagoa dela iruditzen zaie. “Indarra hartzen ari da eta hori oso positiboa da”, azpimarratu du Nora Garmendiak. “Asko eskertzen da herrian bertan inauteriak ospatu ahal izatea, Tolosara edo beste herriren batera joan beharrik izan gabe. Batez ere, azken urteetan hartzen ari den indarra eta jendeak eskaintzen dion babesa” ikusita, gaineratu du Enekok.
“Inauteriak oso bereziak dira. Esate baterako, badago guraso talde bat urtero beraien kabuz antolatzen dena. 60 lagun inguru biltzen dira, mozorrotuta eta karrozarekin ateratzen dira”, azaldu du Norak.  Horrek erakusten du herritarrek parte hartzeko gogo handia izaten dutela. Duela bost urtetatik indar handia hartzen ari da eta inauteri giroa zabaltzen ari da herrian.
Elkarrekin parte hartu eta ondo pasatzeko egun bat gehiago dute urnietarrek: “Herrian bertan egiten diren festetan pasatzen dugu ondoen. Jai oso alaia eta polita da, gazteez gain haurrak eta helduak ere kalera ateratzen direlako”.
Eguna zein gaua aprobetxatzen dituzte eta aurten ere, dudarik gabe, horrela egingo dute. “Jendeak galdu dezala lotsa eta ondo pasa dezala”.

 

Egitaraua

OTSAILAK 14, LARUNBATA

  • 12:00    Poteoa San Juan plazatik hasita.
  • 14:00    Bazkaria plazan. Txartelak 2 euro. Eguraldi txarrarekin Egapeko frontoian. Janaria bakoitzak bere etxetik eraman behar du. Edaria Poxta Zaharren eskutik.
  • 16:30    Desfilea herrian zehar Bosko Anitz aisialdi taldea eta txarangarekin batera.
  • 18:00    Show-a Idiazabal kalean. Kalejira Buruntzantzan taldearekin.
  • 23:00    Rock Kam Broom.
  • Trafikoa: Idiazabal kalea bus eta ibilgailuentzat moztuta.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!