Ikasle eta irakasleen ekimena minbizia duten haurren alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 12a, 09:44

Igande honetan haur minbiziaren nazioarteko eguna ospatuko dute. Salesiar ikastetxean sentsibilizazio kanpaina burutzen aritu dira ikasle eta irakasleak, sare sozialetan bideoak eta argazkiak eskegiz. Kurriloa izaten ari da kanpainaren irudia.

Kanpainarako kurriloa, erdarazko grulla, ardatz hartu izanak badu esanahi berezia. Sadako Sasaki neska japoniarraren bizitzan oinarrituta dago. Hiroshima eta Nagasakiko lehergailu nuklearren garaian, Sadakok bi urte zituen eta eztanda gune batek kilometro eta erdira harrapatu zuen. Bederatzi urtera arte neska indartsua, kirolaria eta kemen handikoa zen. Egun batean korrika zebilela gaizki sentitu eta lurrera erori zen. Ospitalean leuzemia zuela adierazi zioten. Egoera horretan haren lagun Chizuko Hamamotok aholkua eman zion, tradizio zaharrean oinarrituta: mila kurrilo egin zitzala, hartara desio bat eskatzeko aukera izango zuelako. Diotenez, kurriloak egiten hasi zen bakea eta gaixorik zeuden guztientzat osasuna eskatzeko desioarekin. 644 egin eta gero neskatxa hil egin zen, azken hamalau hilabeteak ospitalean igaro eta gero. Bere ikaskideek 1000 kurrilora iristeko lanak hartu zituzten eta denbora gutxira, Sadakoren omenez monumentua altxa zuten. Irudian, nola ez, Sadako agertzen da kurriloa eskuetan duela.
Historia hark hunkituta, eta haur minbizia zer den oso gertuko bizi izan duelako, Almu Salas irakasleak ikastetxean bertan sentsibilizazio kanpaina burutzea erabaki zuen. Argazkilaritza, diseinua, bideoa... jarduera ezberdinen batura beharrezko zuten. “Ikasleekin aztertu nuen ideia eta gogo onez hartu zuten. Inplikazioa erabatekoa izan da”. Bereziki  lagungarria izan da ikaskideen laguntza. Haietako bi dira Olatz Costas pasaiarra eta Irene Larrañaga zizurkildarra, azken hori Urnietako logo berriaren egilea da. Irenerentzat ez da ikasketa prozesu edo lan hutsa izan, “nik ez dut gaixotasuna gertutik ezagutu eta kanpainan murgiltzean gaiarekin erabat sentsibilizatu naiz”.
Landu zuten bideoetako bat Donostian grabatu zuten. Hiriburuko kaleetan ikasle talde bat kurriloak eta japoniar kontakizunaren azalpena banatzen agertzen da, “hiritarrak ezustean harrapatu eta kurrilo bana ematen genien. Bideoan hiritarren erreakzioa biltzen da”. Ez da egin duten bideo bakarra izan. Kurriloak nola egin azaltzen duen beste bideo bat ere egin zuten, eta ikasle guztiek ikusi ahal izan dute. Era horretan, ikastetxe osoa kurriloa egitera gonbidatuz. Urnietan ere japoniar tradizioak agintzen duena bete nahi izan dute, alegia, desio bat eskatu ahal izateko 1000 kurrilo egitea. Ikastetxe osoaren laguntzarekin mila eta ehundik gora egin dituzte. Eta zein da desioa? “Helburua anitza da. Bata, sentsibilizazioa da. Haur minbizia norberaren etxean gertatzen ez bada badirudi ez dela existitzen. Eta gaixotasuna hor dago. Bestalde, oso garrantzitsua da gaixotasun hauei aurre egiteko ikerketa sustatzea. Azkenik, haur guztien eskura jarri behar ditugu beharrezko diren medikamentuak”.
Datozen egunetan kurriloak ikastetxetik Urnietara hedatzeko asmoa dute. Apaingarri gisa jarriko dituzte udaletxean eta hainbat merkatalgunetan. Eta, laster, ikastetxetik Donostiako Ospitalera talde bat abiatuko da, kurriloak oparitzera. Irteera horrekin egitasmoa borobilduko dute. Zinez txalogarria den egitasmoa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!