Urnieta, materia organikoaren bilketan apal

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 12a, 09:43

San Markos Mankomunitateak ere 2014ko datuen berri eman du eta, orohar, %37,6tik %41,6ra igo da birziklapen tasa orokorra. Bi arrazoi nagusi aurki daiteke hobekuntza horretan; industrialdeetako bilketa-datuen igoera eta materia organikoaren bilketaren hobekuntza.

Mankomunitateak kudeatzen dituen industrialdeetan nabarmen igo da birziklatze tasa. Hedabideen aurreko agerraldian adierazi zutenez, “ziurrenik 2013ko ekainean abian jarritako araudi berriaren ondorioz. Araudi horri esker, bereizita bil zitezkeen zatiak 4 izatetik 14 izatera igaro dira, eta gainera enpresei zati horietako bakoitzerako edukiontzi bereziak eman zaizkie”.
Industriguneko datu on hori ez da urnietarrei dagokionez modu berean errepikatu. Izan ere, pilak, olioa, aparatu elektrikoak edota tamaina handiko hondakinen bilketa kopuruetan Urnieta mankomunitatearen bataz bestekoaren azpitik dago. Eta datu hori hobetu beharko litzateke, Andoain-Urnieta herrien arteko mugan dagoen Garbigunea hor izanik.
Urnieta, gainerakoan, mankomunitatearen bataz bestekoaren gainetik dago ontzi arinen bilketan (plastikozko poltsak eta ontziak, aluminiozko latak eta tapak). Beste zenbait bilketa motatan azpitik dago zertxobait, paperaren edota beiraren kasua da hori.
Materia organikoaren bilketan, Urnietak datu txarrenak eskaintzen ditu. Biztanle eta urte bakoitzeko biltzen diren kiloetan agertzen diren datuek hori islatzen dute. Urnietak agintaldi honetan nabarmen igo nahi zituen materia organikoaren datu horiek. Konpromiso hori hartu zuten ordezkaritza lortu zuten EAJ-PNV, EH Bildu eta PSE-EE alderdiek. Gaur gaurkoz Urnietako Udalak 2012ko azaroan helburutzat jarrita zuen %65eko kopurutik urruti dago.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!