Garbigunea, andoaindarren eta urnietarren zerbitzura

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 12a, 09:43

Hondakinak kontrolik gabe botatzea saihesteko, Andoainen Garbigunea jarri zuten martxan 2013ko urrian. Ordutik hona, geroz eta erabilera hobea eman diote herritarrek.
Iaz urte osoan hamar mila lagunek baino gehiagok erabili zuen zerbitzua eta milioitik gora kilo hondakin bildu zituzten guztira. Bildutakoaren erdia baino gehiago birziklatu egin da, gainera.

Amaia Azkue Mankomunitateko ordezkaria baikor agertu da datu horien aurrean: “Balantzeari begiratuta, ikusten da portzentaia goraka doala eta hondakin kopurua ere goraka joan dela. Ondorioz, erabilpenak ere gora egin du eta hori txalotzekoa da”.
Andoainen Garbigunea jarri zuten Tolosakoaren osagarri bilakatzeko. Gainera, urnietarrek ere erabiltzeko aukera dute: “Urnietak Andoaingo Garbigunea erabiltzeko aukera du. San Markos mankomunitateari dagokion arren, gertutasunagatik hitzarmen bat egin zen eta erabiltzeko aukera eman zitzaien”. Oraingoz, ordea, Tolosakoaren erabilera askoz ere handiagoa da, urte gehiago daramatzalako eta jendeak horixe ezagutzen duelako. Denbora kontua da, Andoaingo Garbigunean erabiltzaile kopurua are gehiago handitzea espero dute, “birziklatzeko kontzientzia gero eta barneratuago daukagu, baina, Garbigunea kasu zehatzetan soilik erabiltzen dugu”.
Hondakinen bilketa sistemak birziklapenean eragin handia duela azpimarratu nahi izan du: “Errefusa bereiztera behartuta dauden herritarrak, kontzientzia handiagoa hartu eta sailkapena egokiago egiten hasten dira”. Ondorioz, “hondakinen bilketa sistema aldatzeak zuzen-zuzenean andoaindarren kontzientzian eragingo luke. Gakoa hor dago”, gehitu du.

Industrientzat abantaila
Garbiguneak mesede egiten die andoaindarrei; baina, bereziki, Leizotz industriagunean kokatutako enpresei. Hala, beraiek erabilitako pilak, tonerrak, tintak eta antzeko produktuak bertara eramaten dituzte. Ahaztu gabe enpresaz enpresako bilketa ere egiten dela. Amaia Azkuek azaldu duenez, nahiz eta Garbigunea gertu eduki, enpresa bakoitzaren araberako bilketa egiten da. Izan ere, “bolumen handiak izaten dira eta egokiagoa da bertan jasotzea”. Era honetara, industriaguneetako birziklapen datua %55,7koa izan zen abenduan.
Herritarrentzat etxola
berezia Kale Berrian
Garbiguneraino joan nahi ez duenak zaborrak bertara bideratzeko aitzakiarik ez du; izan ere, Kale Berrian, tren geltokiko pasabidearen sarreran, etxola bat dago, hondakin arriskutsuak bertara botatzeko. Etxola hori, Garbigune txiki moduko bat da: “etxean hautsitako tostadora bat badaukagu, pereza handia ematen digu Leizotzeraino joatea”. Kale Berriko etxolan utz daiteke, eta gero behargin batek Garbigunera eramango du.
Ez dago gaizki gogora ekartzea astean behin traste zaharren bilketa ere egiten dela. Astelehenero kamioi bat pasatzen da kalez kale Garbigunera eraman beharreko traste zahar eta handiak biltzeko: koltxoiak, elektrogailuak, ordenagailuak, telebistak, altzairuak, aulkiak… “Herritarrek abixua eman behar dute, noiz eta non utziko duten jakinaraziz”. Kamioia arduratzen da horiek jaso eta garbigunera eramateaz.
Garbigunera eramandako hondakin guztiek norabide ezberdina hartzen dute: plastiko birziklagarria Urnietako gunera, egurra Urkiondora eta, azkenik, produktu ez birziklagarriez Mutiloa enpresa arduratzen da.
Berrerabilgune zerbitzua ere eskaintzen du Andoaingo garbiguneak. Norberak erabiltzen ez dituen baina oraindik ongi dauden tresna, altzari, aparatu elektrikoak eta abar eraman daitezke gune horretara, eta alderantziz ere bai, horretara zuzendutako gunean bertan dauden materialak har daitezke inongo kosturik gabe. “Hori ere interesgarria da, azken finean, berrerabilpena sustatzen delako”. Gune hori 610 lagunek erabili zuten 2014. urtean, hilabetetik hilabetera erabiltzaile kopurua igo egin delarik.

Garbigunea:
Leizotz industriagunea. 943 303 809.
09:00-12:30/16:00-19:00.
Larunbatetan: 09:00 13:30.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!